Andrew Wakefield

Andrew Wakefield medikua ez da oso pertsonaia ezaguna gure artean. Alabaina, Britainia Handian eragin handia izan du txerto hirukoitz birikoak autismoa eragin dezakeela defenditzen duelako. Komunikabideek toki asko eman ohi diote tamalez, eta ondorioz sozietate britainiarrean txerto hirukoitz birikoa beren umeei jartzea errefusatzen duten gurasoen proportzioak kezkagarri gora egin du.

Zientziaren emaitzetan ‘oinarrituta’ defendatzen du Wakefieldek tesi hori berak 1998an The Lancet aldizkari ospetsuan argitaratutako artikulu bat oinarri hartuta. Gerora frogatu izan da artikulu hark eta atzean omen zuen ikerketak zientifikotik gutxi duela.

Otsailaren hasieran The Lancet aldizkariak artikulua atzera bota du eta artxiboetatik kendu egin du. Gaur jakin dut Wakefield-ek Austineko (Texas, AEB) Thoughful House ospitaleko zuzendari kargua laga egin behar izan duela.

Sobra ere gauzak bere onera etorri dira, baina hitzontzi, gezurtero eta iruzurgile horrek eginiko kalteak hor dirau, guraso gaizki informatu askoren usteetan txertatuta.

Historia oker honen kontakizun xehea duenak Ben Goldacre mediku eta dibulgatzaile britainiarraren Bad Science liburua irakur dezake edo www.badscience.net/ webgunean kuxkuxeatu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude