Iznogoud

Goscinny eta Tabari komikigile frantsesen pertsonaia etorri zait burura Pedro Hernandezek Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Energia sailburuorde izateari utzi eta Tecnaliara joango dela jakin dudanean. Izan ere, Iznogoud bisirrak kalifa izan nahi zuen kalifaren ordez eta PSEk Jaurlaritza hartu zuenean Pedro Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua izango zela pentsatu zuten askok. Bere aspaldiko militantzia sozialistak, 1990ko hamarkadan Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Diputatu izanak eta EUVE enpresa teknologikoaren zuzendaritza Nagusian eginiko urte luzeak kargu horretarako predestinatzen zutela ematen zuen. Mihi gaiztoek diotenez berak ere uste hori zuen. Beraz, sailburu izan nahi zuen sailburuordea izan ei da.
Pedro Hernandezek Eusko Jaurlaritza utzi izanaren arrazoi ofiziala da, Tecnalia korporazioaren zentroen fusioa bideratzen gida dezala nahi duela Jaurlaritzak eta lagun dezala Europako bostgarren ikerketa-korporazio bihurtzen. Susmoa hartu dute batzuk, eta neronek tartean, benetako arrazoia beste bat izan dela eta zerikusi handiagoa duela sailaren barne-orekarekin eta botere-partiketekin beste ezerekin baino. Tecnaliara joatean eta berarentzako kargu berri hori sortuaz irteera duina eman nahi izango zitzaiokeen.
Tecnaliak hilabete asko daramatza fusio hori antolatzen eta bideratzean. Prozesua nahikoa aurreratua dago eta 2011ko urtarrilerako bukatuta egotea da helburua. Ezein prozesu garatzen ari denean, eta are gehiago Tecnalia osatzen duten zentroen fusioa legezko prozesu konplexu batean, supituki kanpo-elementu bat sartzea prozesua lidertzeko asmoarekin distortsio-elementua da gutxien-gutxienik. Tentsio-iturri izan daiteke eta fusio horretan ustekabeko oztopoak sor ditzake. Ene ustez, ez da ganorazko erabakia, baldin eta Tecnaliaren kupulan sortu beharko duten lanpostu berri hori lore-ontzi funtzioa baino ez duen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude