Gehigarriak, osasuna eta beste

Mariajek azaroaren bukaeran Cambrigdetik ekarri zidan liburua dut oheburuko. Bad Science du izenburua eta Ben Goldacre mediku eta zientzia-dibulgatzaile gazteak idatzitakoa da.

Zein da bada Benek salatzen duen zientzia txar hori? Hitz potolo eta itxurazko lengoaia zientifikoa usatuz saldu nahi izaten dizkiguten klase guztietako salgaien, terapien, gehigarri nutritiboen eta enparauen kontra egiten du suhar bereziki. Biluztu egiten du antioxidatzaileen, homeopatiaaren, omega 3ren, benecol-en eta antzekoen gibelean dagoen zientziaren zientifikotasunik eza; etsenplurako, zein trikimailu erabiltzen diren azterketa bati zientifiko itxura emateko, horrelakorik deus ez duenean. Halaber, oso argi eta klaru esplikatzen du zer diren plazebo efektu eta esperimentu itsu bikoitz moduko kontzeptuak.

Bart nutrizionistei egurra ematen dien kapitulua leitu nuen. Osasuna hobetzeko eta gaixotasunak saihesteko saldu nahi dizkiguten mirakuluzko molekula, konplexu, terapia, dieta eta antzekoen atzean normalean dagoen egia txikia eta markertin handia deskribatzen ditu. Honela bukatzen du:

‘If I was writing a lifestyle book it would have the same advise on every page, and you’d know it all already. Eat lots of fruit and vegetables, and live your whole life in every way as well as you can: exercise regularly as part of your daily routine, avoid obesity, don’t drink to much, don’t smoke, and don’t get distrated from the real, basic, simple causes of ill health.’

Oso identifikatuta sentitu nintzen esaldi horiekin, beti sortu izan baitzait barru-barrutik dieta-osagarrien, kolesterol-garbitzaileen, bitamina-hornitzaileen eta bestelako ‘osasun-lagungarrien’ kontrako errebeldia. Bizikletaz irtenten naizenean bidoian ur hutsa eramaten duen
horietakoa naiz kanpoko eta ingurukoen presio guztiei muzin eginez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude