Bakoitzari berea!

Gaur goizean Mariaje emazteak komentatu dit Elhuyarren Zientzia eta Teknologia Hiztegi Entziklopedikoaren aurkezpenean, Iñaki Goirizelaia errektore jaunak esan zuela euskaraz eman zen lehen kurtso osoa Leioako Zientzia Fakultatean izan zela, Biologiakoa hain justu, 1979-80 ikasturtean. Horretan ez zaio errektore jaunari arrazoirik falta. Berbaldiak bukatu zirenean, Mariajek Iñakirekin egoteko parada izan zuen eta hizpide izan zuten noiz eta non eman zen lehen eskola euskaraz gure unibertsitatean. Auzi bera izan nuen atzo solasgai Antton Gurrutxagarekin, lankide eta aipatu hiztegiaren zuzendariarekin.
Oker ez banago (bagaude) Donostiako Kimika Fakultatean hartu genuen gure unibertsitatean euskaraz eman den lehen eskola. 1976-77 ikasturtean izan zen, 1977ko urtarriletik aurrera. Mekanika gaiaren problemen atala izan zen eta Antxon Santamaria irakaslea. Azpimarratzekoa da, asignatura horren alde teorikoa Luis Mari Bandresek ematen zuela eta berak animatu gintuela euskarazko taldea sortzea. Dozena bat lagunek osatu genuen euskarazko lehen talde hura: Mariaje Barandiaranek, Antton Gurrutxagak, Tere Barrenetxeak, Koldo Aramendik, Mikel ‘Txopo’ Lizeagak, Kepa Urretagoienak, Terisita Irizarrek, Pello Sarriegik eta neronek besteak beste. Bi lazkaotar, bi besaindar, itsasondotar bat eta lau donostiar. Barka nazatela aipatzea ahaztu ditudanak, baina memoria ahula da, alajaina!
Hurrengo ikasturtean, Luis Mari Brandresk Elektrizitatea eman zigun euskaraz eta Juanjo Peñak Optika. Ikasturte horretan bertan hasi ziren Leioako Zientzi Fakultatean hainbat eskola euskaraz ematen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude