Horikeria

Harri eta zur gelditu naiz gaur. Gipuzkoako egunkari nagusia leitzen ari nintzen. Denok dakigu egunkari horrek eta bere taldeak zein nahi duten Lehendakari EAEn. Disimulurik apenas duten. Gaur leitutakoak kazetaritza horiaren adibide paradigmatikotzat har daiteke. Ekonomiako orrialdeetan titular hauxe: ‘Euskadi albergará un gran centro de investigación de energias  renovables’. Goiburuak ziurtasuna damaio berriari, dudarako izpirik ez, izango baita. Bestetik, azpitituluan ziurgabetasun-printzak dagerte: ‘El proyecto, que es liderado por el Ministerio de Ciencia e Innovación e Iberdrola, se halla todavía en “fase inicial”. Artikuluren mamian sartuta egiaren aurpegia agertzen da gordin-gordinik. Izan ere, Patxi Lopezek mitin batean jaulkitakoaz dihardu. Zientzia Ministeritzak ideia “muy incipiente” dela onartzen du eta gaineratzen du ideiarik ere ez dutela kokalekuz, eraikuntza-epeez, finantziazioaz eta sortuko diren lanpostuez. Iberdrolak dio ‘que existen contactos’.  Hortaz, denok entenditzeko moduan esanda, berriak taberna-solasaldi batek baino oinarri sendoagorik ez duela, ekonomia orrialdeetan, bakoiti batean, publikatzen bada ere.

Horri manipulazioa esaten diot, ez soilik mitin bateko balizko ola, burdina produzitzen jartzeagatik titularrean —bidenabar, periodikua leitzen duen askok horri soilik erreparatzen dio. Egun errealitate ukigarri denari ez zaio jaramon egiten. EAEn bada izan, iaztik hona, energiaren alorrean ikerketa egiteko erreferentziazko I+G+B zentroa. CIC-Energigune deritzo eta bere lan-esparruen artean hainbat energia berriztagarrien alorrean jardutea dago: eguzki-energia termikoa, itsas energia eta bioenergia.

Horikeria, manipulazioa, nagusiarekiko zurikeria, … Deitu nahi bezala, baina urrun dago edozein kazetaritza kanonetatik.

Inozoak eta informatugabeak harrapatzeko tranpa jarri du Gipuzkoako egunkaririk handiena Espainiako nazionalismoaren ad maioren gloriam. Tamalez abertzale larrigi jausten da kazeta horren lakioan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude