Txit amable

Berriako bere zutabean Anjel Lertxundik pieza gogoangarria utzi zigun joan den larunbatean. Honatx:

Euskara txit amablean

Tesi luzeak idatz daitezke Bilboko udalak abian jarri duen «El euskara amable. Orain bai. Horrela bai», kanpainaren gainean. Euskara amablea, beraz. Eta orain, bai. Atzo arte, ez, nonbait. Horrela, bai, bai baitaude -ulertzen da- amableak
ez diren moduak. Baina batzuen gehiegikeriak ez gaitu hiztun guztiok
berdintzen. Eta nahiz euskararen existentzia bera, askotan eta
askorentzat, ez amablea izan, horrek ere ez ditu erdal hiztun guztiak
berdintzen.

Nik uste nuen bi hizkuntzen bizikidetza zela izan behar zuena
adeitsua, orekatua, ahulenenarenganako begirunezkoa. Bilboko kanpainak,
ordea, euskarari egozten dio amable izateko betebeharra. «El castellano amable. Ya iba siendo hora». Imajinatu eskandalua.

Euskarari buruz transmititzen dugun irudiak aspaldi kezkatzen
duten horietako bat naiz, baina konplexuz betetako portaerek ere ez
gaituzte amableago egingo. Bai, ordea, gajo errukarriago.”

Anduk bete-betean asmatu duela uste dut. Gure hizkunzari buruz konplexu asko izan ditugu euskaldunok historian zehar. Pentsa zitekeen gaindituta zeudela jada XXI. mendearen hastapen honetan. Ezezkoa darakust Bilboko lelo horrek. Tamalez, ez da kasu bakana. Euskararen egunarekin EAEko administrazio publikoek kaleratutako agiriak bazuen konplexuon zantzurik. Nekatu naiz euskara eta euskararen normalizazioa aipatzen direnean ‘barkatuka’ ibili behar horrekin. Oker dabiltza ere maximalismoetatik eta jarrera zabarretatik euskararen normalkuntza bultzatu nahi dutenak. Horrek ez gaitu, aitzitik, jarrera ‘amableegietara’ eraman behar. Nago, elebitasun sozialaren alde administrazioetatik jaulkitzen den diskurtsoa amableegia dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude