Emergente? Ez, utikan!

Fisioarenean zain nengoelarik Berria leitzeari  ekin diot denbora pasa. Halako batean esaldi honekin egin dut topo: ‘Munduko Bankuak iragarri du nabarmentzen hasiak diren herrialdeak %4,5 haziko direla datorren urtean’.
Lehen bistadizioan ez dut esaldia ulertu. Atseden hartuta eta
imajinazioari astinduta, ‘nabarmentzen hasiak diren herrialdeak’ zera
zirela ohartu naiz: herri emergenteak, hots, Brasil, India, Txina eta
horrelakoak. Emergente ez da euskal hitza itxuraz, Xuxenek azpimarratu
berri baitit.

Gogora ekarri dit mesanotxean dudan liburua,
argiak itzali baino lehen irakurtzen dihardudana. Stuart A. Kauffman
egileak su eta gar egiten du fisikarien erredukzionismoaren kontra.
Besteak beste, ’emergence’ substantiboa eta ’emergent’  eta ’emerging’
adjektiboak ugari baliatzen ditu. Esaterako esaldi honetan: ‘There are
not only emergent but radically unpredictible’ (giza kulturaz eta
legeaz ari da). Naturaren lege eta ezaugarri asko ’emergente’ direla
dio etengabe. Nola jarriko genuke hori euskaraz? Berriako
kazetariak proposatzen duen bidea ez da emankorra, behintzat. Frogatu
goiko esaldian! Bidenabar, Elhuyarreko nire lankideek izkin egin diote
adiera horri, ez baita hiztegian agertzen.

‘Emergente’
mailegatu gabe gaitza da ’emerging/emergent country’, ‘país emergente’
edo ‘pays émergent’ moduko kontzetuak ematea. Sobra ere,  ‘pays
émergent’ ez da oso kanonikoa frantsesez, ugari badabilen arren,  (ikus
wikipediaren ohar hau: ‘La notion de “pays émergent” est essentiellement économique. Il s’agit
cependant d’une notion distincte de celle de “pays en voie de
développemen
t”.

Kezkatzen
nau hazten ari den hizkuntza-garbizalekeriak; inguruko erdaratan modu
jakin batean esaten denari euskaraz beste jira bat bilatzeko grinak
horrek. Are gehiago kontzeptu hori terminologiaren zorroan sartzen
denean. Esaldi esplikatiboen bidez ez dugu informazioa erdaraz
barra-barra jasotzen duen gure irakurle/entzuleren ulermena errazten; askotan, kontrakoa baizik. Paradoxikoa bada ere, garbizalekeria horren
aldamenean garbizaletasun beharrezkoari ostikoka jarduten zaizkio bat
baino gehiago ‘Nueva York’ eta antzekoak esanez.

Irrigarria ere izan daiteke batzutan jarrera horren ondorioa, txistea egiteko modukoa. Gure inguruko hainbat
komunikabideen jardunari erreparatzen badiogu, frantsesez TGV eta
gaztelaniaz AVE akronimoez ezagutzen den tren-mota horri ‘tren laster’
esaten diotenez, pentsa liteke Euskal Herrian dabiltzan beste guztiak
tren mantsoak direla.

Ai batzuen garbizalekeria!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude