Kutxen bat egitea

BBKaren eta kutxaren arteko bat egiteak aurrera egin ez duela berriarekin gosaldu dut gaur. Ez dit onik egin gosariak. Ikuspegi ekonomikotik eta sozialetik ez dut dudarik Euskal Herrian entitate finantzario publiko sendo bat izatea behar-beharrezkoa dela politika ekonomiko eta sozial beregainak aurrera eramateko. Kutxek publikotasunaren baldintza betetzen dute, erakunde publikoek gobernatzen baitituzte. Sendotasuna bat egiteak ematen die. Neurri batean euskal banku publikoaren funtzioa bete dezakete eta administrazio publikoaren politika ekonomikoek eta sozialek behar dituzten baliabide finantzarioak emateaz aparte, sektore estrategikoetako enpresak eta ekimenak bideratzeko tresna bihur daitezke. Gogoan izan, orain kohete baten moduan dabilen CAF duela 20 urte krisi gorrian zegoela, ixteko zorian. Euskal kutxek enpresaren kontrola hartzeak ahalbidetu zuen CAF krisitik ateratzea, Goierriko ekonomiaren motorra berbihurtuz.

Entenditzen ditut PSEren maniobrak eta kontrako jarrera. Batetik nazionalismo espainolaren zipriztinak daude. Bestetik, eta hau da inportanteena, epe motzeko joko politikoa dago: Patxi Lopez lehendakari izatera iritsiko balitz, salbatzaile moduan agertuko bailitzateke EAEko hiru kutxen bategitea posible eginez. PPrena ere normala da, eskuina espainolistari ez zaio interesatzen euskal erakunde finantzario sendorik osatzea; nahiago herrialdekerian jausitako kutxa ahulak elkarren konpetentzia direnak EAEtik kanpo.

Ezkerreko eta abertzaletzat beren burua duten horien jarrera oso ondo ulertzen da ‘dena ala ezer ez’ praktikatik edo beste modu batan formulatuta ‘zenbat eta okerrago, hobeto’. Ezertara eramaten ez duen praktika politikoa bidenabar. Seguruenik kutxen bateratze-prozesua gardenagoa eta parte hartzaileagoa izan zitekeen; seguruenik, egokiagoa izango zatekeen EAJk horrenbeste protagonismoa ez hartzea,… Nahiago izango nuke neronek, bateratze-prozesuak Hego Euskal Herriko lau kutxak hartu izan balitu bere baitan, baina egoera sozialak eta indar-banaketak ez dute bideragarria egiten; nahiago izango nuke EAEko hiru kutxek abiatu izan balira elkarrekin, baina beti pentsatu izan dut abiatzea eta aritzea ezinbestekoa dela helburu bat lortu nahi denean. Halaber, kutxaren eta BBKren gizarte-ekintzako politika desegokia bateratzearen kontrako arrazoi moduan jartzea adarra jotzea iruditu zait. Gizarte-ekintzako politika desegokia bada egun (neurri batean ados egon naiteke), bat egitearen ondorioz desegokia izaten jarrai dezake jakina, baina egoera berriak aldatzeko aukera ekar lezake. Ez bateratzeak iraunaraziko luke gizarte-ekintzako politikak orain arte legez.

Beste hainbat arlotan bide oso interesgarriak jorratzen ari den ELA erratuta ibili da gai honetan. Administrazio publikoarekin beste esparru batzuetan dituen hika-mikek baldintzatu dutela sindikatuaren jarrera iruditzen zait. Estrategia eta taktika nahastu dituela iruditzen zait.

Kutxako batzarrean EBren ordezkari batzuk abstenitu egin dira, sobra ere, zuzendaritzaren jarreraren aurka. Sektore kritikokoak omen. Alderdi barruko borroken isla, islatu beharko ez luketen tokian. Anekdota hutsa izango zatekeena, abertzaleon jarrera batasuna egon izan balitz.

Herri honek proiektu politiko beregaina behar duela sinesten dugunon artean, subiranotasun horren oinarria den sistema finantzario sendo baterantz abiatzeko erabaki estrategikoan bat ezin elkarrekin hartzeak zinez kezkatzen nau.

Herri eta sozietate hau ezin egituratu eta bien bitartean ‘Euskadi vs Euskal Herria’ eztabaida antzuen modukoekin su artifizialak erretzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude