Balio erantsia

Lehengo astearte arratsaldean Elhuyarrek eta Innobasquek antolatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Komunikabideetan jardunaldiaren bukaeran nahikoa asaldaturik zera komentatu zidan lagun batek: ‘Etxean gaueko 9tan telebistaren mandoaren agintea uzten didatenean Teleberri jartzen dut. Orain zapping egiten hasi naiz. Albistegi guztiak igualak dira. Notizien ordena aldatzen da bakarrik’ eta erantsi zuen: ‘ez dira balio erantsiaz konturatzen’. Segidan esplikatu zidan zer esan nahi zuen. Sobra ere, goizeko bigarren saioan, komunikabideetako arduradunen mahainguruan, Bingen Zupiriak ETBko zuzendariak esan zuen ETBren erredakzioan zientzian gaietan espezializatutako kazetaririk ez zegoela eta horren beharrik ez zuela ikusten. Zientzia-berrien tratamendu egokian ikusten zuen nire lagunak balio erantsia.

Asteazken goizean, Euskadi Irratiaren goizeko informatiboa entzuten nindoalarik kotxean, nire lagunarekin akordatu nintzen. Kanadako hauteskundeen berri ematen ari ziren. Kontserbadoreek gora eta liberalek behera egin zutela esan zuten baita galdu-irabazitako eserleku-kopurua aipatu ere. Cela a étè tout! Non da balio erantsia?  Euskal herritar eta abertzale moduan interesa banuen jakiteko Bloke Quebecarrak lortutako emaitzak zein izan ziren. Euskadi Irratiak ez zidan eman espero nezakeen balio erantsia. Aho bete hortz utzi ninduen. Notiziari eman zion tratamendua, Madrilgo ezein irratik emango zukeen bera izan zen. Euskara al da, kasu horretan, balio erantsia?
Garbi dut, euskaraz jardute soila ez dela jagoiti nahikoa balio erantsia uhin-luzera bati edo besteri atxikitzeko.

Iruzkinak (1)

  • Bat nator zurekin. Teknologia berriekin aritzen garenok, sarri askotan izaten dugu helburu gure produktuen balio erantsia ezagutu dadila. Eta euskaraz sortzea, esaterako Interneteko zerbitzu bat, ez da nahikoa. Edukia, beste gauza batzuen artean, asko landu behar da.Benito Lertxundi entzun izan dut egunotan, bere lan berriaren inguruan hizketan. Esaten zuenez, bera abesten hasi zenean, euskaraz abesteak propio erakartzen zituen entzuleak eta erosleak (militantziak bultzatuak, bere ustez). Gaur egun ez. Lana erakargarria izan behar da, euskaraz abestea ez da nahikoa. Teknologia berriak inplementatzeak ez du esan nahi berrikuntza dakarrenik, gauzak betiko moduan egiten jarraitzen baditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude