Jainkoagan sinesten ez dugunok, gure familiartekoek zehatzago esateko, arazo batekin topo egiten dugu heriotzari aurre egin behar diogunean. Zer antolatu gure familiartekoek eta lagunek elkartu eta dolua ager dezaten elizatik pasa gabe? Maiz izan dut gaia hizpide lagunartean. Inork ez du erantzun zehatzik. Askok esaten dute ezkontza zibilak araututa dauden bezala eta beren zeremonia baduten, botere publikoek hileta zibilak arautu beharko lituzketela eta zeremonia kutsua eman. Oker ez banago, oraindik orain Nafarroako Parlamentuan ekimen bat aurkeztu da horixe eskatuta Nafarroako gobernuari.
Gaur Gorkaren hileta zibilean izan naiz. Berak idatzita utzi zuen zer nahi zuen egitea. Eredu polita utzi du. Orain badakit zer egin. Denboran urrun-urrun izan dadila, hala ere. Matraka jotzen luze iraun nahi dut eta.
Zeremonia larunbat goizez egin dadila Alkizan. Lehen orduan, zabal ditzatela nire errautsak Allutxeko harkaitzetatik. Gero eguerdi partean, junta daitezela bertara joan nahi duten guztiak Alkizako plazan edo eguraldiak lagunduko ez balu, frontoian. Musika, hitzak eta irudiak izango dira protagonista. Musika entzuten ari den bitartean, nire bizitzaren ibilbidea jasoko duen argazki sorta bat proiektatuko da. Zortzi musika pieza utziko ditut aukeratuta. Ez ditut guztiak oraindik argi; aldaketak egon daitezke.
Mikel Laboaren Izarren Hautsarekin bukatzea nahi dut hala ere. Horretan Gorka kopiatuko dut. Jorge Cafruneren Coplas de un payador perseguido milonga luzearen zati bat nahiko nuke; Don Mclean-en American Pie, ere luzea da aukeran, baina zatitxo batek gure nerabezaroko guatekeak ekarriko ditu gogora. Beatles-ek ezin ditut ahaztu, Let it be ez legoke gaizki. Kroaziako abesti tradizional bat gero, Kapetana; nire diskografian duzue, nahiz ez dakidan biniloak jotzeko modua egongo den. Art Pepperren saxoak ere jo beharko du; bere The Savoy Sessions album bikoitzetik gustokoen duzuen pieza aukeratu. Judy Garland-en ahotsak Over the Rainbow kantatzen beti liluratu nau. Donostiako Orfeoiaren Baga bigaren bertsioak oilo ipurdia jartzen dit. Piezen artean baten batek zerbait esan nahi badu, barra libre!
Izarren Hautsa bukatzen denean Salvador Allenderen hitz batzuekin leitzea nahiko nuke, Moneda jauregitik bota zituen azkenak, edo akaso bere ahotsa entzutea.
Trabajadores de mi patria, tengo fe en Chile y su destino. Superarán otros hombres el momento gris y amargo, donde la traición pretende imponerse. Sigan ustedes sabiendo que, mucho más temprano que tarde, se abrirán las grandes alamedas por donde pase el hombre libre, para construir una sociedad mejor.
Gero joan zaitezte Ostatura eta akabatu tripa-zorria, armonia onean, nire kontura.
PS. Ea zergatik Allenderen testua galdetu didate. Batetik, Unidad Popular Txilera boterera iristeak nire kontzientzia politikoa piztu zuelako. Bestetik Salvador Allenderen irmotasunak eta zorroztasun politikoa mirestekoak iruditu zaizkidalako orduz gero.
Anonimoa says:
Ederra.Eta zer nolako hutsune handia duen zibiltasunaren liturgiak.
birasuegi says:
Kaixo Iñaki, despedida polita planteatzen duzuna. Niri bereziki kezkatzen nauen gaia da, kolektiboki zerbait egin behar dugula uste dut.
http://www.blogak.com/irotzabal/eta-ateo-bat-hiltzen-denean-zer