Arrain handiak txikia jan

Atzoko Berria egunkariaren alean oso artikulu interesgarria idatzi zuen Joxerra Senarrek Espainiako Gobernuak energia fotovoltaikoaren alorrean dituen asmoen inguruan. Laburtuz, sektorea gobernatzen duten arauak aldatu nahi ditu Industria ministroak. Hiru aldaketa nagusi:

  • Eguzki-panel fotovoltaikoetatik lortutako energia elektrikoaren truke ekoizleari elektrizitate-konpainiak ordainduko dioena gutxiagotu egingo da: % 35 eguzki-parkeen kasuan eta % 26 teilatuetan jarritakoen kasuan.
  • Urteko ezar daitekeen potentzia mugatu egingo da. Esaterako 2009an 300 megawatt baino gehiago ezingo dira instalatu Estatu osoan.
  • Eguzki-parkeak ezingo dira zatitu. 100 kWeko instalazioek errentagarritasun hobea dute eta, ondorioz, eguzki-parkeak zatitu egiten dira eguzki-baratzeak osatuz. Katastroko erreferentzia berean dauden panelak parke berekoak bezala kontuan hartuko dira.

Artikuluan kontsultatzen ziren alorreko adituen aburuz, aldaketa hauek inbertsio-egile txikiak uxatuko ditu, errentagarritasuna murriztu egingo delako. Sektorearen ezaugarrietako bat izan da inbertsioa oso sakabanatuta egotea eta norbanako asko eguzki-baratzetan inbertitzea. Hemendik aurrera, errentagarritasuna jaistean eta inbertsioa berreskuratzeko epeak luzatzean konpainia handiak soilik bakarrik egongo ei dira inbertsioak egiteko moduan. Nolabait, oso ‘demokratizatuta’ dagoen sektorea oligopolioaren bidean jarriko da.

Artikulua leitzen ari nintzelarik Jeremy Rifkin etorri zitzaidan gogora. Izan ere, Jeremy Zapaterok atzen hauteskunde-kanpainan ospe handiko pertsonez osatutako aholkulari-taldeko kideetako bat izan zen. Sobra ere, Zapaterok Rifkin aholkuei kasurik ez die egin edo aholkulari-taldearena merkadotekniako ekimen bat besterik ez zen izan. Jeremy Rifkin, maiatzaren bukaeran Euskal Herrira etorri zenean, entzuteko aukera izan genuenok, energia-auziaren aurrean Zapateroren ministro Sebastianek proposatzen dituen neurrien kontrakoak laudatu zituen, besteak beste, energia alternatiboak bultzatzea eta energia-ekoizpen sakabanatuaren eredua indarrean jartzea (ikus Jakin, 166 zenbakia, 85-88 or.).

Argi eta garbi dago, Sebastianen neurriek ez dutela eguzki-energia bultzatzen (egun ekoizpenaren % 1a baino ez da) eta ekoizleen kontzentrazioa bultzatze dutela, hots, eolikoetan edo termoelektrikoetan jazo den legez ekoizpen-ahalmena agente gutxi batzuen esku egon dadila. Alegia, oraingo ekoizpen eredua indartu eta eredu sakabanatuari muzin egin. Kapitalaren morroi finak izango dira Zapatero eta Sebastian, berniz gorriz mozorrotuta agertzen badira ere.

Arrain handiak txikia jan!

PS Zalmiña(ga) Berriko nire auzokideak 48 zortzi eguzki-panel fotovoltaiko paratu ditu oraindik orain gure etxetik 400 bat metrotara; Asteasuko sailetan Alkizako mugaren kontra. Uztailaren bukaeran jarri zituzten panelak eta ixtura osatzen dihardute orain. Eguzki-panelak pinudiaren ordezko egokia izan daitezke baserriaren ekonomian osagarri moduan. Bultzatu beharreko ekimena da nire ustez, nahiz eta gure inguruko udaletxe batzuei gustatu ez, itsusiak eta antiestetikoak omen direlako. Eguzki-baratzeei bide eginez, baserritarren ekonomia indartzeaz gain, energia berriztagarriak bultzatzen dira eta, are gehiago, sorrera sakabanatuari bide ematen zaio. Hori bai, beharrezko kontrol eta bermeak beharko dira, esplotazioko ezar daitekeen potentzia maximoa mugatuz adibidez, gure mendietako pinudien berde iluna amaigabearen ordez ez dezagun izan panelek isla etenik gabea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude