Astronautix

Interneten nabigatzeak ustekabeak ekartzen dizkizu sarritan. Astronautix izeneko webgunean ari nintzen peskizan. Astronautikari buruz ezinbesteko erreferentzia da berau. Lehen orrian, kuxkuxeoan nenbilelarik ‘Soviets recovered Apollo Capsulle’ izeneko artikuluaren erreferentziarekin egin nuen topo. Interesa piztu zidan eta klik egin nuen.

Leitzen hasi nintzen. Istorioa interesgarria zen, baina ez izenburuak irudika zezakeena bezain zirraragarria, hots, Gerra Hotzaren garaiko espioi-istorio batena. Izan ere, kapsula ez zen benetako Apolo baten benetako kapsula, alegia, aginte-modulua, astronautikaren terminologian boilerplate esaten dena baizik. Zer dira bada boilerplate horiek? Ba wikipediak dioenez: kohetegintzan, funtzionala ez den ontzia, sistema edo karga hainbat parametro testatzeko usatzen dena: konfigurazioa, tamaina, pisua edo maneiua esaterako.

Lot gakizkion kontakizunaren mamiari, nire interesa piztu zuen beste elementu batekin egin bainuen topo. Sobra ere, Apolo ontzien BP 1227 izeneko boilerplatea NASAk Britainia Handiko itsas armadari utzi zion helburu zehatz batekin, Apolo kapsulak nola berreskuratu entrenatzeko. Agi denez, 1970eko hasieran britainiarrek, nola oso argi ez dagoelarik, BP 1227 delakoa galdu zuten eta inguruetan zebilen arrantza-ontzi (edo espioi ontzia al zen?) sobietar batek berreskuratu zuen.

Non galdu zen, ordea? Hara ba, Bizkaiako itsasoan izan omen zen. ‘ Euskal kostaldean?’ pentsa lezake irakurleren batek. Litekeena, baina ez dut aukera hori baieztatuko lukeen daturik aurkitu. Izan ere, anglosaxoientzat Bay of Biscay eremu zabala da, Bretainiako Brest-en hasi eta Galiziako Estaca de Bares lurmuturreraino ailegatzen dena.  Frantsesek Golfe de Gascogne esaten diote eta antzeko hedadura damaiote. Espainolen Golfo de Vizcaya, ordea, txikiagoa da eta Kantabriako Ajo lurmuturretik Bretainiako mugarainoko hedadura ematen diote, baina Loira ibaia ez litzateke ur-eremu horretan itsasoratuko. Bestalde, sarritan, zentzu murritzagoa ematen diote hidronimo horri eta euskal kostaldera mugatzen dute.

Ibili naiz Interneten gertaerari buruzko datu zehatzagoen bila, baina ez dut deus argigarrik aurkitu. Egia esan, NASAren weborrian ez dut BP 1227ri buruz daturik topatu. Bestetik, BP 1227ri buruzko erreferentzia gehienek Astronautixen webgunera zaramatzate zuzenean ala zeharka. Gauzak horrela pentsa liteke udako suge baten aurrean gaudela; legenda urbano bat besterik ez dela… Baina gertaera egiazkoa da. BP 1227 exisitzen da. Egun Michigango Grand Rapids-eko Museo Publikoaren aurrean kokatuta dago debora-kapsula lanak eginez. Bertan, kokatuta dagoen plaka batek hauxe dio:

This Apollo Command Module (No. SN BP-1227) contains memorabilia, collected by area high school students.  This memorabilia reflects life in Grand Rapids, Michigan, at the time of the City’s Sesquicentennial and the Nation’s Bicentennial.
It was used in training for the recovery of astronauts returning from the moon.  During an exercise off the coast of England, it was lost at sea, found by the USSR, and returned.
The module is on loan from the National Air and Space Museum to the people of Grand Rapids and is to be opened July 4, 2076 douring our country’s Tricentennial.

Plakaren testuko ‘off the coast of England’ horrek ez du askorik argitzen, baina zeharkako erreferentzia egiten dio Bizkaiako itsasoari Ingalaterrako kosta hartzen duelako erreferentzia moduan eta ez Eskoziakoa edo Galesekoa. Nago Britainia Handiko armada ez zela bere baseetatik askorik urrutiratuko kapsularen erreskate-maniobrak entseatzera eta askoz ere aukera gehiago daudela BP 1227ren galera Bretainiako kostaldearen parean jazotzea euskal kostaldean baino.

Alta bada, istorioa iruten ez dugu bukatu. Sobietar arrantza-ontzia edo dena delakoak BP 1227 erreskatatu eta Murmansk-eko portu polarrera eraman zuen. Pentsatzekoa da sobietar ingeniariek boilerplatea ganoraz aztertuko zutela, nahiz eta horretatik NASAren sistemei buruzko informazio asko ateratzerik ez zuten izango, atzen finean, benetako kapsula baten tamaina errealeko maketa modukoa baitzen.

Garai bertsuan Southwind AEBetako Kosta Zaintzaren izotz-hauslea Arktikoan zehar espedizio bat egiten ari zen. Espedizio horretan Murmansk-eko portua bisitatu zuen 1970eko irailean. Bigarren Mundu Gerraz geroztik sobietar portu bat bisitatzen zuen AEBetako itsas armadako lehen ontzia izan zen. Eskifaiak ustekabeko oparia izan zuen, batetik, egun libre bat Murmansk-en igarotzeko eta, bestetik, BP 1227. Irailaren 8a  ontziratu zuten garabi baten bidez. Harez gero, brankako kanoi-dorrearen tokian oparia jarrita zuelarik nabigatu zituen Southwindek Arktikoko urak harik eta etxeratzeko tenorea ailegatu zitzaion arte. AEBetako Kosta Zaintzaren webgunean garraio horren bi argazki ikus daitezke.

Istorioa ez da berria Astronautixen orrialdeetan, 2002an publikatu baitzen. Alabaina, berriki mugimendua egon da gertaerari buruz datu eta argazki berriak publikatu direlako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude