Hori bai datua!

Ez dut gogoan blog honetan edo Jakin aldizkariaren nire tartean aipatu nuen Jeremy Rifkin-en La economía del Hidrógeno liburu txit interesgarria.

Liburu horrek datu, analisi eta gogoeta interesgarri eta sakon asko ditu.  Bertara joan dadila gomendatzen diot blog honen irakurleari. Dena dela, horien guztien artean bat gelditu zitzaidan burmuinean grabatuta liburua leitu nuenean. Oso harrigarria iruditu zitzaidan.

Rifkinek dioena:

‘Termodinamikaren ikuspegitik, nekazaritza modernoa historian produktibitaterik txikiena izan duena da, hots, ekoitzitako energia-unitate bakoitzeko aurreko edozein arokoak baino energia gehiago kontsumitzen du. Nekazari tradizional batek 10 kaloria inguru ekoizten ditu usatutako kaloria bakoitzeko. Iowako laborari batek, eskura dagoen teknologia aurreratu guztia baliatuz, giza lanaren kaloria bakoitzeko 6.000 kaloria ekoitz ditzake, baina balentzia ez da horren izugarria kalkulatzen badugu zein izan den energia hori guztia ekoizteko baliatu duen energia. 270 kaloria dituen labore-lata bat ekoizteko, laborariak 2.790 kaloriako kantitate itzela kontsumitzen du makineria martxan izateko eta ongarriak eta pestizidak lortzeko.  Hortaz, sortutako kaloriako teknifikatutako laborari estatu batuarrak hamar kaloria kontsumitzen ditu prozesuan.’

Ezin da ukatu nekazaritzaren teknifikazioak neke eta lan handiak kendu dizkiola laborariari. Humanizatu egin da laborarien bizimodua eta ez da hori gutxi! Halaber, ongarri sintetikoek eta pestizidek hektareako produktibitatea biderkatu egin dute. Alabaina, hausnarketarako tarte handia ematen du gauza bera produzitzeko laborari modernoak tradizionalak baino 100 bider energia gehiago behar izateak. Ez dirudi oso jasangarria. Datu horri beste batzuk eransten badizkiogu: energia horren jatorriaren zatirik handiena erregai fosilak izatea,  produzitzaileen  eta kontsumitzaileen arteko distantzia gero eta handiagoa, ongarrien eta pestiziden hondakinek eragindako poluzio-arazoak, … Jasangarritasunaren irudia are lausotzen da.

Arazoa konplexua da oso eta beste ertz batzuk ere baditu, gosea edo desnutrizioa pairatzen ari diren milioika lagunak adibidez. Ez dut lerro hauetan sakonduko. Zu animatzen zaitu arazoari buelta batzuk ematea! Aurrerakuntza eta teknologia, dena den, ez dira errudunak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude