Anglizismoak

Derradan abiatzeko ez nagoela mailegu linguistikoen kontra, aitzitik, oso beharrezkoak ikusten ditudala ezein hizkuntza biziberritzeko. Hizkuntzek bizidunok airea bezala behar dituzte maileguak bizirauteko. Munduan ez hizkuntza inportanterik mailegurik ez duenik. Ingelesa bera lekuko. Lingua franca izanik ere antzinako lingua franca izan zen latinaren maileguz josita dago ingeles hiztegia.

Ez naiz beraz anglizismoen kontrakoa. Espontsor, spin, marketing, flim, errugbi eta enparauak entzuten ditudanean ez zaizkit belarriak zulatzen edota hizkuntza-senaren gunea asaldatzen. Natural-natural hartzen ditut.

Badira, hala ere, beste anglizismo batzuk nire onetik ateratzen nautenak. Basque Team izan da horietako atzena. Euskadi Kirola Fundazioak  EAEko eliteko kirolariak diruz laguntzeko ekimen moduan abiatu du Basque Team hori. Soka berekoak dira Bilbao Exhibition Centre, Topic (Tolosa Puppet International Centre), DIPC (Donostia International Physics Centre) eta beste batzuk. Ez dut entenditzen ingelesera jo behar hori. Sobra ere, nazioarteko kutsu homologatua damaio horrek. Uler dezaket partikular batek horrelakoak egitea modak edo bultzatuta. Hor ditugu hamaika taberna eta negozioen izenak lekuko. Ulertezina iruditzen zait erakunde publikoek edo para-publikoek hori egitea eta bide batez, herri honen marka den euskara estaltzea. Erakunde publikoetako ordezkariak dira lehenak euskal izaerak gauza eta produktuei balio erantsia ematen diela aldarrikatzen. Praktika batzuk gero!  Garai bateko sasi-ilustratuen konplexu bera al dute?

Horrelakoak gure herrian bakarrik gerta zitezkeela uste nuen. Tamalez gaitza zabalduagoa dago. Maiatzean Berlinera joateko parada izan nuen eta Mallorkan zehar eraman ninduen hegaldi luzean abioi-konpainiaren aldizkarian nire uste okerretik atera ninduen artikulua aurkitu nuen. Kexu zen gure idazlea alemana zentzurik gabeko anglisizmoz betetzen ari zirela. Horren adibide moduan Deutsche Bahn Alemaniako trenbide-konpainia (hango RENFE) jartzen zuen. Artikulugilea kexu zen, ticket, Service Point edo Surf & Rail modukoak usatzen dituela konpainiak jatorrizko berba alemanen ordez. Munduko beste inon horrelako anglomania ez zuela ezagutzen gaineratzen zuen.

Alemanaren defentsa egiteaz landara, ulergarritasunaren bandera haizatzen zuen. Alemanen % 60k ingelesik egiteko gai ez denez mezu horiek ez dituela ulertuko azpimarratzen zuen. Bestalde, erasten zuen gainerako % 40aren zatirik handienaren ingeles-mailak nekez gainditzen zuela turismoan aritzeko edo diskoan ligatzeko behar dena. Berak emandako datuen arabera alemanen % 10a soilik da gai ingelesez eroso aritzeko.

Datu hori ere gogoetarako bada, Europa zentraleko eta iparraldeko estatuetan ingelesaren ezagutza-maila eredu moduan jartzen direnean gure artean. Antza denez, han eta hemen txakurrak oin hutsik!

Iruzkinak (5)

  • Johntxu says:

    “Berak emandako datuen arabera alemanen % 10a soilik da gai ingelesez eroso aritzeko”… idatzi duzu eta, nire ustez, hortxe dago gakoa.

    Lege gisa proposatuko dut: ingelesezko izenak jartzeko joera eta ingeleseren ezagutza alderantziz proportzionalak dira. Edo, sinpleago agian: ingelesan ezjakintasuna eta ingelesezko izenak jartzeko joera proportzionalak dira.

    Hau da, politikari batek gero eta ingeles gutxiago jakin, orduan eta aukera gehiago daude horrek erakunde edo denadelako bati ingelesezko izena jartzeko.

    Ez dut jarraituko, berandu nabil, hitzordua dut Bilbao Guggenheim Museumean ‘Things of surrealism’ erakusketa ikusteko.

  • She is in fashion says:

    Bilboko beste batzuk: “Best” (Bilbao estimula kanpaina), “She is in fashion” kanpaina, “Bilbao World Series”, “Bilbao Live Festival”. Eta ikusiko ditugunak.
    Europa mailako tendentzia izateaz aparte, Bilboko eta Bizkaiko agintari instituzionalek euskararekiko duten ikuspegia da izen hauek islatzen dutena: euskara bai, baina Santo Tomasetan taloa eta txistorra jateko.
    Gero ere hor dugu “La Paloma” aireportua, “el Puente de Bizkaia” Portugaleten, edo “el Palacio Euskalduna” (Euskalduna Jauregia izen ofizialaren ordez). Edo “El puente de Calatrava” (Zubizuri ofizialaren ordez).
    Honi, Bilbon egiteke dauden azpiegitura haundi guztiei Euskadi plaza, Bizkaia Frontoia, Bizkaiarena, eta holako izen “euskaldunak” jarriko dizkietela gehitzen badiegu, hortxe dago Bilboko instituzioburuen euskarekiko ikuspegi osoa.
    Zergatik ez Lauaxeta plaza Euskadi plazaren ordez? Zergatik ez Gabriel Aresti Frontoia? Zergatik ez Azkuearena izena pabiloiarentzako? Ah, klaro, ez dakite nortzuk diren. Edo ez dute balio. Edo okerrago, ez dira ausartzen.
    Eta gero Azkuna kexatu egiten da Madriletik Abandoko geltokiari Indalecio Prieto gehitu diotelako. Zu baino azkarragoak badira, izorrai! Zuk aukera duzunean ez baituzu egiten.

  • irazabalbeitia
    Inaki Irazabalbeitia says:

    Ba, karrera egin nuenean  gaztelaniaz eta euskaraz nagusiki. Gero tesia egiteko ingelesezko bibliografia usatu nuen batez ere. Alabaina, zuk jarritako puntuak ez du zer ikusirik nik salatzen dudan esnobismoarekin. Esnobismo horren beste ertz bat da Iparraldeko mugatik gertuko ikastetxeetan atzerriko hizkuntza ingelesa izatea eta ez frantsesa, nahiz eta, eskolatik aterako diren pertsona horietako gehienek frantsesez egiteko aukera askoz ere handiago izan duten, ingelesa baino. Iparraldera joango dira bizitzera, Landesetara oporretan, parrandan Iparralde eta Landesetako jendeekin egingo dute topo,… Elite batek soilik beharko du ingelesa, lanerako esaterako. Zenbatek ordea? Gehiago izango dira seguruenik Irungo, Hondarribiako edo Donostiako dendetan eta komertzioetan frantsesez atenditzeko beharra izango dutenak eta ezinean arituko direnak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude