Liburu digitala

Liburu digitalez idatzi du Joxe Arantzabal adiskideak, Jakin aldizkariaren atzen alean (urtarrila-otsaila, 2008), Telepolis izenburuarekin egiten dituen iruzkinetan. Amazonen Kindle irakurgailua izan du estakuru.

Irakurgailu digitalak laster batean hobetuko direla dio eta liburuak banatzeko molde berri horren aurrean Euskal Herriko argitaletxeek zerbait pentsatu ote duten galdetzen du.

Atzen hilabetean parada izan dut gai horretaz euskal editore inportanteenetako birekin solastatzeko. Gaiari buruz kezkati ikusi nituen. Jakitun dira etorri badatorrela. Ez daude seguru noiz jazoko den. Ziurgabetasun horretan bizi dira. Heldu behar izango dioten erronka dela badakite. ‘Noiz, ordea?’ da beraien galdera.

Ez naiz nor, argitaletxeei zer egin behar duten esateko. Alabaina, nire iritziz gaurtik hasi beharko lituzkete gaiari buruzko erabaki estrategikoak hartzen: oinarri teknologikoa (komeni al da hardware berariazko bat garatzea ala kanpoan bilatu behar da zer dagoen?), banaketa-kanalak, aliantza estrategikoak (Galeusca bidez egin al daitezke?), banaketa-plataformak, plataforma horien gainean eman daitezkeen zerbitzu erantsiak, …

Bitxia da euskal mundua, hala ere. i-tunesek musikaren banaketan ekarritako iraultza ez da euskal musikara ailegatu. Nekez entenditzen dut euskal musika funtsak Internetez banatzeko plataformarik ez egotea oraindik Laboaren, Lertxundiren edo Los Xeiren kantuen zaleek nondik jaitsia izan dezaten.

Iraultzaren beste zantzu bat. Japonian segapotoetan liburuak leitzea moda-modan dago gazteen artean eta baita horretarako sortutako literatura ere. Horietako obra bat liburu salduenen zerrendaren goi-partean izan zen iaz. Euskal Herria ez da Japonia, baina …

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude