Egunkaria

Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean, izan naiz goizean, anitz koloretako ehunka jenderekin Euskaldunon Egunkariaren itxiera gogoratuz. Ekitaldi xumea izan da; ez horratik sentimendurik gabea; sentimenduz mukuru aldiz.

2003eko otsailaren 20 beltz eta triste haren ordutik (eta halakoa zen eguraldia ere oker ez banago), urtez urte bete dugu Martin Ugalden biltzearen errituala. Ez dut datorren urtean itzuli nahi. Ez dut errituala errepikatu gura. Egoera honekin guztiarekin bukatu nahi dut. Epaiketa ba omen dator. Hodei beltzak horizontean ekaitzaren seinale, Egunkariako gure lagunak eraman nahi dituen enbata zelatan. Eguzkiak joko al du eta hodei beltzak sakabanatuko? Atzen hilabeteetako aurrekariei so eginez gero, nahikoa indar ez duela izango dirudi.

Elkar hartzea ezinbestekoa dugu datorrenari aurre egin eta gelditzen saiatzeko. Gaur Parkean ikusitakoari erreparatuz gero, elkarlanaren hazia ereinda dago. Zain dezagun artez elkarlanaren zurtoina, buru oparoak eman ditzan eta barrabas belarrak edo laharrak ito ez dezaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude