Innobasque

Joan den ostegunean Bilbo Euskalduna jauregian Innobasque berrikuntzaren euskal agentzia jende aurrean aurkeztu zen. Horixe egin baino lehentxeago bere lehen batzarra egin zuen eta zuzendaritza-organoak aukeratu.

Inpresionatuta gelditu nintzen Euskaldunako ekitaldiarekin. Esandakoak interesgarriak izan ziren, kontzeptu ezagunak, zentzuzko gauzak bestalde eta horrek ez zidan aparteko zirrararik eragin. Muntaia izan zen inpresionantea. Eszenategian, areto nagusia mukuru betetzen zuen jendearen aurrean, paratu gintuzten Innobasqueren egituretan gure lana eman behar dugun 400 lagun inguru publikoari so. Horren beste jende zuri begira ikusteak, ez zaitu oso eroso sentiarazten. Belarriko hazkura kentzeko keinua egiteko ere, hamaika begi so zenituela sentitzen zenuen.

Jende asko bildu zen Euskaldunan. EAEn I+G+b alorrean mugitzen den oro han zen. Batzuk, apika, ez zuten oso garbi izango zertara joan ziren edo bertan egoteak onurarik ekarriko ote dien, baina bada ezpada ere denak han zeuden. Bazirudien inork ez zuela argazkitik at gelditu nahi.

Asmo handiak daude Innobasqueren atzean. Bigarren transformazioa lideratu nahi izatea eta EAE Europako berrikuntza-erreferentea bihurtu nahi izatea ez dira gauaren gauerdiko eztula. Denek lana, ilusioa eta interesa beharko dugu. Neroni fortunatu zait jada eginkizuna eta ez makala! Nire ekarpenek, beste batzuen ekarpenekin batera, Innobasqueren ibilbidea zedarritzen lagunduko dute. Sustapena eta komunikazioa batzorde eragileko lehendakariorde izendatu naute: ohorea eta erantzukizuna.

Ekitaldira itzulita hobetu beharreko bi puntu. Batetik, eszenatokian nirekin batera zeudenen artean gorbata eta zakil lar. Emakumezkoak ozta-ozta izango ziren bertaratutakoen %10a. Bigarrena,  proiektatu ziren diapositiben euskarazko testuaren letra-tipoa zergatik zen gaztelaniazkoa baino txikiago? eta zergatik jarri zen euskara gaztelaniaren azpian? Hobetu beharreko bi puntu garrantzitsuak nik uste.

Innobasqueren staff profesionalari erreparatuta arduradunen ikasketen sesgoa deigarria iruditu zait: profil  zientifiko-tekniko duten guztiak ingeniariak dira! Uste dut Pedro Migel Etxenikeri leitu izan diodala ingeniari gehiegi dagoela Euskal Herria (barka naza Pedro berak horrelakorik esan ez badu). Ba, gauza bera esan daiteke Innobasqueri buruz…

Euskalduna jauregian bizitutako ilusioaren kontrapuntua publikatu zen joan den asteko prentsan: zientzietako bokazioaren beheranzko joera amaigabea. EHUko datuak dira eta 2001/02 eta 2006/07 ikasturteetako datuak alderatzen dira. Zientzia esperimentaletan % 37 ikasle gutxiago dago, zientzia teknikoetan  % 21 ikasle gutxiago. Osasun-zientziek soilik eusten diote mailari. Buztinezko oinarriak dituen sistema bat eraikitzen ari al gara? Pertsonarik gabe, ikerketa-azpiegiturak zementu eta altzairu baino ez dira. Kanpotik etorritakoekin hutsune guztiak betetzea ezinezkoa da eta oso arriskutsua da pentsatzea horrela egin litekeela. Pilak kargatu Innobasque!

Iruzkinak (4)

  • tximeleta says:

    Mila esker, Inaki, zure ekarpenengatik, eta bereziki, begiratu kritikoarengatik. Arrazoia duzu: gizonezko asko, proportzioan gehiegi, eta euskara txikiegi “Euskalduna” deitzen den jauregian. Akats teknikoak izan zirela esan nezake, eta neurri handian  hala izan bazen ere, horrek ez du justifikatzen. Oso kontuan hartuko dugu aurrerantzean, presaren zuhaitz meheek basoaren handitasuna ezkuta ez dezaten.

  • matematikari says:

    Guztiz ados Iñaki. Bat nator Innobasque-ren ekitaldiari buruz esan duzunarekin.
    Aurrera egin dezagun…!.Etorkizuneko  gizartean emakumeok pare egon nahi dugu…eta euskera  gurekin nahi dugu  baita I+D+i alorrean.
     

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude