Inoren etxean bizarra… (Izarren hautsa, 2002-06-11)

Oso oker ez banago Europan zehar zientzi bokazioak jasaten ari diren beherakada inoiz aipatu izan dut astearteroko leiho honetan. Turutak ozen jotzen ari dira berriz ere. Apirilaren erdialdean ezagutu den ikerketa batek aditzera eman duenez, hainbat alorretako zientzialariak desagertzeko zorian dauden espezieak izan daitezke Erresuma Batuan.

Ikerketa horrek argi eta garbi erakutsi du unibertsitate britainiarretan fisika-, kimika- eta ingeniaritza-ikasketa hasi dituztenen kopuruak nabarmen behera egin duela 1995 eta 2000 bitartean nahiz eta, oro har, bestelako diziplinetan ikasle-kopurua emendatu den. Begi horren etenak ondorengoen kaltea dakar, jakina. Eskoletan fisikazko irakasleen mentsa aipatzen hasi dira; industria eta unibertsitatea kalitatezko zientzialari eta teknologo urritasunaz kezkatzen dira…

Egoera ez da txantxetakoa. Urte tarte horretan unibertsitate-ikasleen kopurua %12 igo dira batez beste. Fisika eta ingeniaritzazkoa, aitzitik, % 7 jaitsi da eta kimikazkoa % 16. Zientzia biologikoen ikasleen igoera ikusgarriak, % 49, kontsolagarri merkea da bestalde. Faktore asko egongo dira egoera horren atzean. Ezin uka daiteke zientzi gogorrekiko gizartean zabalduta dagoen pertzepzio negatiboak eragina izan duela, esaterako, kimika eta poluzioa zuzen-zuzenean lotzen dituen berdintza. Halaber, fisikari eta matematikarien jarduna ez-ezaguna da ia gizartean, beraz nola piztu horiekiko zaletasuna. Zientzia biologiakoak, ordea, olatuaren gailurrean daude. Komunikabideetako zientzi informazioaren izarrak dira. Biziarekin, ongizatearekin eta osasunarekin lotzen dira eta, gizarte-kezka sortzen duten klonazioak edo transgenikoek ez dute, antza, pisurik.

Euskal Herrian joera horren adierazleak agertzen ari dira (ikus, Izarren hautsa, 02-02-5). Ezin gaitezke besoak antxumatuta gelditu. Joerak aurrera egin baino lehen neurriak hartu behar ditugu, gizartea informatuz, zientziari ospea emanez, zientziaren irakaskuntza eskolan erakargarria eginez, zientzialariei lan-irteera egokiak emanez… Baliabide natural urriak dituen herri honen ongizatearen benetako zutoina hiritarron garuna denez, gure ortua ondo ongarritu beste irteerarik ez dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude