Pobreen ordenadorea

Gaur ikusi dut Nicholas Negropontek bultzaturiko ordenadoreetako bat. Pobreen ordenadorea. Lankide batek ekarri du bulegora eta jostailuzkoa dirudien ordenadorea, Aitor Ikastolan izenekoaren itxura baitu kanpotik begira, tresna benetan ahaltsua dela erakutsi du.Txikia da kanpotik, kolore berde esmeraldakoa ikusi duguna, plastikotsua eta sendo oratzeko heldulekua du alde batean. Jostailua dirudi bene-benetan.

One Laptop Per Child izeneko ekimenaren baitan garapen bidean dauden herrietan alfabetatze informatikoa bultzatzeko sortuak dira. Merkeak, sendoak eta energia elektrikoaren menpekotasunik ez. Ordenadoreak normalean usatzen ditugun funtzio guztiak ditu: testu-prozesadorea, posta-kudeatzeko programa, nabigatzailea, etab. Software librea baliatzen du. Wifi bidezko konexioa du eta energia elektrikoa ez dagoen tokitan erabili ahal izateko, karelez kanpoko motorrak abiatzeko modukoen soka bati eraginez kargatzen da bateria.

Gure lankideak Internet bidez erosi du ordenadorea AEBetan urtearekin amaitu den ekimen filantropiko baten baitan. Bat eraman eta bi ordaindu! Herrialde garatuko bateko erosleak bi ordendadoreren kostua ordaindu du, baina etxean bakarra jaso du, bigarrena gaparen bidean dagoen herri bateko ume bati eman baitiote. Gure lagunak 280 euro ordaindu ditu. Bere umeek erabiliko omen dute ordenadorean ibiltzen ikasteko.

Kasu, gure lagunaren ordenadoreak ez du bateria kargatzeko soka-sistemarik, lehen munduan energia elektrikoa nonahi eskura dugula suposatzen delako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude