Bi kulturak

1959an C.P. Snowek Cambrigdeko unibertsitatean BI KULTURAK hitzaldia eman zuenean, esandakoak hautsak harrotu zituen garaiko intelektualen artean. Snowen iritziz, Mendebaldeko kultura bi polo kontrajarritan bana daiteke: intelektual literarioak eta zientzialariak. Bi poloen arteko komunikaziorik ezaren ondorioz, lubaki gero eta sakonagoa sortzen ari da, bestalde.  Hona hemen Snowen hitzetan gogoeta horren mamia:

“Alabaina, uste dut zientzia inondik inora ulertzen ez duen poloak beste guztiari eragiten diola. Ulertezintasun erabateko horrek, kultura ‘tradizional’ osoari horrelako kutsu azientifikoa ematen dio, guk sumatu baino sakonagoa, eta kutsu azientifiko hori onartzen duguna baino handiagoa da anti-zientifiko bihurtzeko heinekoa. Polo baten sentimenduak bestearen anti-sentimendu bihurtzen dira. Zientzialariak etorkizunaren jabeak badira, kultura tradizionalaren erantzuna izaten da etorkizunik nahi ez izatea. Kultura tradizionala da, zeini kultura zientifikoaren agerpenak neurri batean itzal azpimarragarri txikia egin dion, mendebaldea gobernatzen duena!”

Kritika ugari izan zituen eta ditu oraindik Snowen esanak. Stephen J.Gould zientzialari eta dibulgatzaile handiak gogor astintzen ditu Snowen iritziak bere obra postumoan. Ez nator erabateko kritika horrekin bat, Snow muturretara joan dela kritika daiteke, baina bere kezka errealitate kezkagarri baten errainua dela ezin da ukatu.

Snow euskaraz irakur dezakezu orain, Elhuyarrek argitaratu berri baitu neronek Bi Kulturak obrari egin diodan itzulpena. Horretaz landara, gaia aitzakiatzat hartuta, zientziaren eta gizartearen harremanez izkiriatu dudan atariko luze bat ere leitzeko parada ere izango duzu.

Iruzkinak (1)

Utzi erantzuna nihaur(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude