Demokratak eta Mac

AEBetako Kaliforniako Aliso Viejo herrian egoitza duen Net Applications enpresaren jardueren artean ordenadoreetako sistema eragileen merkatu-kuota aztertzea dago. Hilean behin horren datuak argitaratzen ditu. Esan nahi baita, enpresa horrek Internetera konektatutako ordenadoreen artean zenbat Windows, Mac edo Linux dagoen kontatzen du.

Joan den azaroko kontaketak datu adierazgarri bat eta bitxikeria bat erakutsi ditu.

Mac ordenadoreen merkatu-kuota gorantz doa. Internetera konektatutako ordenadoreen % 6,8 Mac izan dira azaroan, Net Applications delakoak inoiz neurtu duen portzentajerik handiena. Sobra ere, suspertzen ari da, ipodaren eta iphoneren ondorioz hain segur.

Net Applications enpresak bere azterketa-sistema hobetu egin du eta ondorioz, azterketa sakonagoak egin ditzake, adibidez, erabilera-datuak kontinenteen, estatuen eta eskualdeen arabera ematea. Hori horrela, AEBtako azterketa egin dutenean ondorio oso bitxi batera iritsi dira: Macen erabilera-tasa handienak dituzten estatuek eta normalean demokratei botoa ematen dieten estatuek ia-ia bat datoz. Adibidez, Kaliforniak demokratei ematen die eskuarki botoa eta bertan Macen erabilera % 16ra iristen da.

Demokratek Mac nahiago? Politikoki ezkerrerago egoteak Mac usatzera bultzatzen al du? Macek progresismoa eta Windowsek kontserbadurismoa ordezkatzen al dute? Hori esatea lar da. Datu bakar batek ezin du teoria bat egin. Beste ikuspegi batetik begiratuta esan daitekeelako, Macak Windowsak baino garestiagoak (itxuraz garestiagoak prestazioei erreparatzen bazaie) izan direnez, Mac dirudunen ordenadorea dela edo, estetikoki landuagoak direnez, snoben ordenadorea. Baiets daitekeen gauza bakarra da, nik uste, maczaleak korrontearen kontra aritzeari muzin egiten ez diotenekin identifika daitezkeela; horixe besterik ez baitute egin atzen 15-20 urteotan. Maczale batek dio!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude