Pisa 2006

Gaur jakin dugu Pisa 2006 azterketaren berri eta, oro har, hegoaldeko euskal ikasleak ez dituzte emaitza txukunak izan. OCDEren batez bestekoaren bueltan ibili dira matematikaren eta zientzien ezagutzan eta azpitik irakurritakoa ulertzeko ahalmenean. Ez dira pozik egoteko moduko datuak, nahiz eta estatuko gainerako autonomiekin konparatzen badira hobeak diren. Lehengarik gabeko gurea bezalako herri txiki batek, jakintzan behar du oinarritu bere ongizatea eta horretarako tropelaren buruan ibili behar da, haizeari aurre egiten, eta ez du konformatu behar tropelaren erdian, gozo-gozo eta autokonplazientzia jausita, joatearekin.
Hezkuntza-arduradun bat entzun dut irratian emaitzak erlatibizatzen eta EAEko curriculum berriarekin, zientzia eta matematika ordu gehiago egotean, laster punta-puntan egongo garela esaten. Oso friboloa iruditu zait iruzkin hori.
Arazo larria dugu alor horretan, zientzian eta teknologian inbertsio handiak egin nahi duen herria gara, baina gure sozietatearen batezbesteko jakintza zientifikoa urria da –horixe adierazten dute eta emaitzak horiek, besteak beste– eta, gainera, oinarrizko zientzietan bokazio-falta izugarria dugu, erreparatu bestela zientzietako ikasketen matrikulazio-kopuruari. Arazoa ez da erraz konpontzen eta hurbilpen eta estrategia bariatuak usatu behar izango dira.
Batzuetan iruditzen zait, alor honetan ere, beste askotan legez, gure arduradun politiko asko liluratuegi daudela azpiegitura eta zementuarekin eta pertsonak ahaztu egiten dituztela. Espalazio bidezko neutroi-iturria kasu.
Kezkatzen nau gure hezkuntza-sistemak herritarrei ematen dien formazio zientifikoaren kantitatea eta kalitatea. Kezka horretaz dihardut Snowen Bi Kulturak obraren itzulpenari egin diodan atarikoan. Liburua Elhuyarrek argitaratu du eta datorren igandean, arratsaldeko 4tan, aurkeztuko dut Durangoko Azokan. Gonbidatuta zaudete bertara!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude