Aurreko astean egunkarietako orrialdeetan izan genuen berria. Ustekabeko bide batez fusio nuklearra lortu ei da. Laster egin zuen nire gogoak hamahiru atzera eta Pons eta Fleischmann ikertzaileek prentsaren bide aldarrikatutako fusio hotzaz akordatu nintzen. Horrelako iruzur baten aurrean al gaude?
Bi atomoen arteko bat egiteak, fusioak, izarrak energiaz hornitzen ditu. Zientzialariek energia hori mendean hartzearekin amets egiten dute. Helburua urrun dute ordea. Izan ere, atomoak bat egiteko nukleoen arteko aldarapen elektrikoa gainditu behar da eta izugarrizko energia behar da horretarako. Orain arte, aurrerabide gehien eman duen bideak tokamak izenekoak erabiltzen ditu: toro itxurako hodi batean eremu magnetikoen bidez berotu eta konfinatu egiten dira atomoak fusiora eraman dezakeen plasma osatuz. Orain arte urrats txiki batzuk baino ez dira egin fusioaren bidean. Oro har, urrun ikusten da fusio-energia gure gizartearen hornitzaile izan daitekeen eguna. Are gehiago, zientzialari batzuk hori inoiz ez dela gertatuko esaten hasi dira.
Joan den asteko informazioak estatubatuarrez eta errusiarrez osatutako zientzialari-taldeak bere emaitzak berotan lortu dituztela azpimarratzen zuten. Talde horrek burbuila superberoak lortu dituzte eta deuterioa fusionatzea lortu dutela aldarrikatu dute; tritioa eta energia-maila jakineko neutroi-emisioa detektatu dituztela, alegia. Alabaina, hodeiek estali dute eguzkiaren distira, burbuilen esperimentua errepikatu duen beste ikertzaile-talde batek emaitzarik ez duela lortu aldarrikatu du. Ezer arrarorik ez zientziaren eztabaidan, hori baita aurreramendurako bidea.
Dena dela, Science aldizkaria sartu da tartean, lehen taldearen emaitzak argitaratu baititu bigarrenaren emaitzen jakinaren gainean egonda ere. Eremu oso zehatzeko zientzialarien arteko eztabaida publiko bihurtu da. Ona al hori? Oro har, zientzi gaiekiko eztabaida gizartean ere gertatzea ona da. Alabaina, ez zait iruditzen hau denik horietako kasua. Gizartearen bizimoduan eragin handia izan dezakeen gai bati buruz ari gara eta, gainera, eztabaida zientifikoaren haspenetan gaude, ia-ia daturik ez dagoenean. Alegia, talde estatubatuar-errusiarren esperimentuan eginiko oharkabeko akats txiki batek eragindako emaitza esperimental faltsu baten aurrean egon gaitezke. Beraz, beste euskarririk gabe eztabaida publiko egiteari arduragabea deritzot.