Francis Crick-ek zientziaren historian ohorezko tokia du DNAren egitura helikoidal bikoitza deskubritzeagatik, berriki iruzkin arrazistak medio notizia izan den James Watsonekin batera (etsenplu ederra hau bikaintasun zientifikoa ez dela, berez, aurrejuzkuak uxatzeko botika nahikoa). Ez du, haatik, beste meriturik behar. Alabaina, berea ez den beste meritu bat eransten diote sarri. Kode genetikoa dezifratu izana hain justu. 2006 argitaratutako Cricken biografia batek izenburu hauxe zuen adibidez: Francis Crick: Discoverer of the Genetic Code.
Marshall W. Niremberg da, ordea, kode genetikoaren krakeatzailea. 1960ko hamarkadaren lehen urteetan egin zuen bere aurkikuntza eta 1968an Nobel saria eman zioten lan horregatik. Sona handirik ez du. Zientzialari ospetsuen zerrendetan ez duzu topatuko. Ezagutzen al duzu irakurle? Nik neronek ezagutzen ez nuela aitortu behar dut eta Scientific American aldizkariaren azaroko alea leituta izan dut bere berri.
Elebilan bilaketa eginez gero ez dugu berari buruzko
euskarazko erreferentziarik topatuko. Interneten edozein hizkuntzatan
bilaketa aginduz gero 425 aipu agertuko zaizkizu. Ez dira asko! Francis
Crick-i buruz froga egiten baduzu, euskarazko emaitza-kopuru
adierazgarria erdietsiko duzu eta hizkuntza guztietakoak hautatuta,
ehun milaka emaitza!
Kuriosoa iruditu zait Nirembergek istorioa; ez soil-soilik, horren aurkikuntza zientifiko handia egin ostean, ahaztuen linboan dagoelako. Izan ere kode genetikoa dezifratzeak esan gura du jakitea, DNA osatzen duten oinarrizko lau nukleotidoak (adenina, timina, guanina eta zitosina) hiruko multzotan nola ordenatzen diren eta ordenamendu horietako bakoitzak oinarrizko 20 aminoazidoetako zeinekin lotzen den. Horrelako aurkikuntza egin ostean, bere ikerketa-interesari 180 gradutako bira eman zion. Neurobiologian jardun da orduz gero eta biologiaren esparru horretan ere ekarpen adierazgarriak egin dizkio zientziari. 80 urte ditu egun eta lanean segitzen du. Berak honela azaltzen du genetikatik neurobiologiara jauzi egin izanaren arrazoia: ‘neurobiologiara jo nuen biologiaren sistemetako bitan soilik informazioa gordetzen eta berreskuratzen delako: geneetan eta burmuinean’.