Nobela eta beste

Goizean lagun on batek gogorarazi dit aspalditik lerrorik ez dudala idatzi blog honetan. Arrazoia du jakina. Sartu naizenean ikusi dut hiru hilabete pasa direla hementxe atzenekoz letrak juntatu nituenez gero.

Egia esan, barkamenik ez du, nahiz eta utzikeriaren arrazoiak esplikatzen errazak izan: udako nagikeria, hartutako gehiegizko konpromisoak eta beste makina bat. Horiek guztiak hor egonik ere, beste batzuetan atera izan dut denbora lerro batzuk azkar idazteko. Ez da hori orain jazo dena. Utzi egin dut denbora pasatzen eta blogaren ateak ez ditut ireki.

Gauzak gertatu dira zientziaren munduan. Zer hausnartua ere izan dut. Nire gai kutunetako bat notizia izan da: Voyagerrek 30 urte bete ditu irailaren eta Sputnikek 50 aurreko astean. Baziren gogoetarako estakuru. Gogoan gelditu dira nire pentsamenduak; ez dira letra bihurtu.

Bide batez, Kimikako Nobel saria iragarri dute gaur. Kimikari alemaniar batek jaso du saria, Gerhard Erlt izenekoak hain justu. Stuttgart inguruko herri txiki batean jaiotakoa eta hiri hartan zientzia-karrera hasitakoa. Bad Cannstatt deritzo herriari eta mahastiengatik eta bainu termalengatik da ezaguna. Gerhard suabiarra da beraz eta jakingo duzuenez suabiarrek zuhur fama dute Alemanian. Horrelakoa ote bera? Pertsona sinpatikoa dirudi Nobel Fundazioko webgunean  dagoen argazkiari erreparatzen badiogu behintzat; barre txikia aurpegia.

Solidoen gainazaletan gertatzen diren erreakzioen inguruan egin du lan eta erreakzio horiek ez dira gau erdiko ahuntzaren eztula. Metalen herdoiltzea edo katalizatzaileen lana horrelako ingurunetan gertatzen dira, etsenplurako. Balio teknologiko eta ekonomiko handiko gertaera asko kontrolatzen dituzte erreakzio horiek!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude