Erredukzionismoaz haratago

Aurreko astean oporretan izan nintzen Landetan, toki ederra  bizikletaz ibiltzeko, paseatzeko, ondo jan eta edateko eta bake santuan leitzeko.

Robert B. Laughlin Nobel saridun estatubatuarraren atzen lana izan dut esku artean, hots, Un universo diferente (Katz editores, Buenos Aires 2007). Laughlin fisiko teoriko ezaguna da eta Hall efektu kuantikoaz eginiko lanagatik eman zioten 1998an Nobel saria.

Liburua interesgarria da, mamitsua, sarritan gogoetara eramaten zaituena. Egia esateko, dena den, pasarte batzuetan entenditzeko gaitza fortunatu zait, fisika alorreko nire oinarria uste baino ahulagoa delako hain segur. Tesi nagusia zera da: zientzian, eta fisikan bereziki, erredukzionismoarenak egin duela, eman duela bide horrek eman behar zuen guztia, alegia, gertaera edo fenomeno naturalak azaltzea badagoela zati edo parte sinpleagoen batura legez ez duela aurrera biderik. Laughlin-ek ustez, emergentziaren garian bizi gara, hots, autoorganizaziotik sortzen diren gertaerenean. Bere hitzetan:

Nahiz eta aroen auziak ez nauen gehiegi konbentzitzen, esan daiteke zientzia igaro dela Erredukzinismoaren Arotik Emergentziaren Arora, hots, garai batera non fenomenoen atzen kausen bilaketak aldatu den parteen jokamoldearen azterketatik osotasunaren jokamoldearen azterketara.

Hainbat gauzek eraman naute gogoetara orrialdeak pasatzean, autoreak nanoteknologiek iraultza zientifiko-teknologikorik ekarriko ote duenetz duen eszeptizismo sakonak esaterako, baina, apika, beheko paragrafoan transkribituko dudanak eman dit zer pentsaturik  handiena.

Bioteknologiako adituek ez dakite egiten ari direna kasualitatearen ondorioa ez dela. Erdieroaleen fisikan gertatu zen legez, biologia oinarrizko zientzia izateari utzi zion eta ingeniaritzako disziplina oso errentagarri bihurtu da. Anitzentzat, bereizketa hau errotulu-aldaketa hutsa izan daiteke, baina benetan mugimendu tektoniko batekin konpara daiteke, zientzia eta teknologia funtsezko alderdi batean desberdintzen baitira: zientzian, boterea norberak dakienaren zabaltzean dago; ingeniaritzan ordea, norberak dakiena gordetzean. Ingeniaritzan, konfusio kronikoa eta ez-jakintasuna araua dira, ez salbuespena, arrazoi erraz batengatik jabego intelektuala dela eta denek informazioa ezkutatzen dutelako.
… Bioteknologiak ingeniaritzari ematen dion balioak zerikusi gutxi du biziaren sekretuak ulertzearekin, zeren eta, benetan inporta dena botika eta mediku-tratamendu berriak edo nekazaritzarako organismo artifizial berriak sortzea baita. Helburu horiek zera obratzen dute zelulen erregulazioa esplikatuko duten teoriak lantzea garrantzia txikiagoa izatea, manipulazio kimikoa posible egingo duten ideia sinpleak sortzea baino. HIESaren birusa kontrolatzeko proteasa-inhibitzaileak sortu ahal izan dira, zelula amak engainatu ahal izan dira hazi eta espezializa daitezen eta arroz landarearen zeluletan alfa-karotenoaren genea sartu ahal izan da, nahiz eta erregulazio zelularrez ezer ez dakigun. Are gehiago, posible da minbiziaren kontrako tratamendu eraginkorrak asmatzea, nahiz eta eritasun hau oinarri-oinarrian  erregulazio zelularraren mekanismoaren huts baten ondorio izan. Helburua minbizia garaitzea da, ez  ulertzea. Lorpen tekniko izugarri horien atzean hutsune zientifiko bat ezkutatzen da, izan ere, sakon-sakonean, arduradunek ez dakite zer egiten ari diren.

Zure esku irakurle!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude