Nolako kimikariak nahi ditugu’ (Izarren Hautsa, 2002-02-05)

Donostiako Kimika Fakultatearen lehen promoziokoa eta, era berean, irakasle ohia naizenez, kutuntasunez begiratzen diot Fakultatearen ibilbideari. Pozez  hartzen ditut hango irakasle eta ikerlarien arrakastak eta harro nago lortu duen ospeaz.

Aurreko batean Fakultateko irakasle batekin solasean, lehen ikasturteko ikasle-kopurua atzen urteotan behera nabarmen jo izana atera zen hizpide. Kezka handirik ez zuen berak agertu; oso kezkatuta gelditu nintzen neroni, aitzitik.

Garai berean, Journal of Chemical Educationi, alorreko aldizkaririk ospetsuenari, begiratu bat eman nion aspaldiko partez. Bertan kimikaz eta kimikaren irakaskuntzaz kezkak, proposamenak eta eztabaidak ageri ziren bata bestearen atzetik: kimika berdea, kimika-ikasleen bokazioak nola sortu, ikasketen curriculuma gizartearen beharrei nola egokitu, kimika-ikasleekin erretorika eta idazketa-estiloa landu beharra gerora gizartearekin egoki komunikatzeko,…

Zer pentsatua eman zidan jarreren aldeak. Hori bakarrik balitz…

Kimika Fakultatean ikasketa-plan berria abiatzear da. Plan horrek Fakultatearen bereizgarria zokoratu (polimeroak) eta kimika-ikasketa guztiz arrunt eta edonongoak proposatzen ditu, EHUko beste zentro batzuetan eskaintzen direnen modukoak; goiko kezken modukoak urrun. Fakultateak berak erabaki du, jakina. Zeri eman zaio lehentasuna?  Gizartearen premiei? Ospea eman dioten elementu bereizgarriei? Kimika-irakaskuntzaren joera berritzaileei? Ezezkotan nago. Antza, batzuen interes pertsonal eta korporatiboak gizartearen interesari gailendu zaizkio. XXI. mendearen hastapenetan, aurreko mendearen eredu zaharkitua aukeratu da ezaugarri bereizgarri eta berritzaileak izan zitzakeen baten kaltean.

Pena damait. Erabakia ezin da aldatu, ez kanpotik behintzat, unibertsitatea horrelakoetan beregaina baita, gizartearen beharrei muzin egiten badie ere. Nago, mekanismoak ezarri behar direla gizarteak ia osorik finantzatzen duen unibertsitatea haren premiei erantzungo diela ziurtatzeko. Ez naiz katedra-askatasunaren kontra ari, interes pertsonal eta korporatiboak ez gailentzeko beharrezko kontrol-mekanismoen alde baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude