J’accuse (Izarren Hautsa, 2002-01-08)

Izar uxoak ortze ilunean bezala pasa zen Stephen Jay Gould Euskal Herritik: distiratsu eta arrastoa utzita. EIEk antolatu eta Elhuyarrek babestutako Prosa Zientifikoari buruzko 1. Biltzarrera sarrera-hitzaldia ematera etorri zen eta, neurri batean, biltzarra bera itzalera bidali zuen. Gould-en errua izan al zen? Antolatzaileek hanka sartu al zuten bera ekarrita? Biltzarrak interesik ez al zuen? Lunatiko-koadrila baten gogoeta-jardunak izan al ziren? Antzeko beste galdera batzuk jaulki daitezke, Biltzarraren oihartzun eskaxa justifikatzeko. Dena dela, gure herriaren kultur egoerari erreparatuta jatorrizko bi bekatu zituen Biltzarrak: zientifiko hitza agertzen zen izenburuan eta, gainera, euskaraz zen. Datuei kasu egin!
Biltzarra mamitsua izan zen eta bertaratu ziren hogeta hamar bat biltzakideek arrazoi sendoak eta puntu indartsuak entzuteko parada izan zuten. Eztabaida, gainera, aberatsa eta askoren artekoa izan zen. Lastima…! Bi lastima bota beharko genituzke bildutakoen jatorriari begiratuta. Kazetaririk edota kazetaritza-irakaslerik ez zen agertu. Halaber, euskal argitaletxetako editoreen mentsa ere sumatu genuen. Ondorioz, negozioan gabiltzanok, zientzietako unibertsitateko irakasleak eta ikasleak eta Iraleko irakasle batzuk. Merkatu eskasa eskainitako uzta oparoarentzat.
Biltzarrera publiko objektiboaren zati baino ez agertzea, antolatzaileon errua izan daiteke, propaganda nahikoa eraginkorra egin ez izanaren ondorioz. Alabaina, hori errealitatearen alde bat baino ez da; txikiena, hain segur. Masa-komunikabideetan Biltzarrak izandako tratamendu-ezak, hain justu, errealitatea are gordinagoa dela darakusate. Adibidez, egunkari honek EIEk antolatutako jardunaldi guztien gora-beherei gertuko jarraipena egiten die: aldez aurretik giroa berotu, egunero esandakoaren kronika eta ostean balorazioa sarritan. Zergatik oraingoan ez? Unibertsitate-komunitatean ere izan duen oihartzun eskaxa oso kezkatzekoa da, bestalde. Nago, zenbait girotan zientzia ez dela kultura edo prosa zientifikoa ez dela prosa. Gertatukoaren gakoa hor dagoke.
Horixe da gure herriaren eta gizartearen errealitatea, zientziaren eta teknologiaren oinarrietan eraikita eta hari bizkar eginda bizi dena. Kultur papanatismoaren erauntsiak astintzen du gure gizartea. Ez dut egoera ametitzen. Ez nago bi kulturen diskurtsoa onartzeko prest (gure gizarte diglosikoan, bidenabar, hiru kulturen dirkurtsoa izango litzatekeena). Tinko salatuko ditut zientzia hitza entzun orduko sudurra uzkurtzen dituzten sasi-ilustratuak; kultura esaldi arranditsuz eta hogei ogerleko hitzez eginiko diskurtso arol hantusteekin identifikatzen dutenak, saio zientifikoa literaturatzat jotzen ez dutenak… Misio garaia da lagunok! J’accuse.

Iruzkinak (1)

  • bordaberria says:

    Gogoratzen dut artikulu hau irakurri nuenean aspaldiko EGUNKARIAn, amorru pixka bat eman zidala jardunaldi hoietarako izena eman nuelako urrian edo eta erantzunik ez nuelako jazo eta ondoren hau irakurtzeko, jardunaldiak pasatu ondoren (abenduan uste dut zela, nahiko data txarretan bide batez).

    Arrazoia du Inakik, unibertsitateko erantzun eskasagatik, baina agian ez duelako oraingo UPV hau ezagutzen, orain bertan irakasleak “esukotramoak” lortzeko papelak egitea besterik ez dute buruan, eta bost axola (orokorrean) kultur zientifikoa eta are gehiago euskaraz bada. Berdin geratzen da Mu edo DUrekin, oso zaila da benetan unibertsitateko irakasleak inplikatzea euskarazko gaietan, adibidez UEUko 1500 kidetatik, 250 besterik ez gara unibertsitateko irakasleak, eta hhortik zenbat aktiboak? 30 asko jota.

    Eta etorkizunean bide berdinetik goaz, unibertsitateko ikasleen  euskarekiko atxikimendu eskasa ikusterik besterik ez dago, agian haein irakasleen ikasitakoagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude