Nolako mendia nahi dugu? (Izarren Hautsa, 01-11-13)

Azaroaren lehen igandearekin Alkizako auzo batekin solasean aritzea egokitu zitzaidan. Hirurogeita hamarrak aspaldi paseak, baina lerden gorputzez zein buruz bera. Negurako egurra paratzen ari ginen gure etxe aurrean eta egur kontuak atera ziren hizpide. ’Egur asko dao mendiyan. Oaindik oain, horko pinuba larria zan’ berritu zitzaigun Ernio mazizoari begira: haranaren hondoko belardien segidan, pinudia, pagadia gorago eta kare-harria gailurretik gertu. Belardiari halakok bakarrik eusten diola gaineratu zigun malenkoli puntu batekin. Joandako mendi-kudeaketarako manera baten berri gehiago etorri ziren ostean, baserritarren biziraupena ziurtatzeko ezinbestekoa zenekoa, hain zuzen ere.
Pasa den astean adiskide ekologo bati goiko berriketaldia komentatu ondoren, zer pentsatua eman didan pasadizoa kontatu zidan. Bera Gipuzkoako parke natural bateko patronatuko kidea da. Parke horretan herri-lurrak dira nagusi eta horien erabileraren eztabaidaren harian bi jarrera kontrajarri agertu ziren patronatuan. Batetik, Aldundiko teknikariak, nolabait atzen hamarkadetan gure herrian sustatu den basogintzaren defendatzaileak beraiek, koniferoak aldatzea defenditzen zuten etekin ekonomikoaren aitzakian. Bestetik, inguruko herrietako udal ordezkariek mendia aisia-leku moduan ikusten zuten eta bertako espeziak aldatu behar zirela defendatu zuten, arrakastaz gainera.
Ez da dudarik Euskal Herriaren isurialde kantauriarrean mendia kudeatzeko moduan aldaketa sakona gertatu dela; argazki zaharrei begiratzea baino ez dago. Koniferoen monolaborantzek larre eta belardiak ordeztu dituzte. Basoak sasiz eta hildako zuhaitzek zikintzen ari dira. Mendi-bideek degradatzen dihardute erretenak eta sangradak garbitzen ez direlako eta, aldi berean, baso-ustiakuntzarako pistek zauri latzek egiten dizkiote pasaiari.
Errealitatea hori izaki, nolakoa nahi dugu etorkizuneko mendia?
Euskal Herri berdea konurbazio itzel bilakatzen ari da. Mendia horren parketzat jo liteke. Beraz, ez garai bateko biziraupenerako kudeaketak ezta gaurko ustiakuntza-kudeaketak ere ez dute tokirik izango aurrerantzean. XXI. mendeko mendia nolakoa izango den erabakitzea ez dagokie baserritar eta basozaleei bakarrik, gizarte osoari baizik. Basogintzako agenteek, lurjabeek, erakundeek eta gizarteak heldu beharko diote eztabaidari, ondorengo belaunaldiei utziko diogun paisaia patuaren esku lagatzea ez bailitzateke bidezkoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude