Gaur,… ‘eta beste’

Zientzia albo batera laga behar dut gaurko idatzian. ‘Eta beste’ zaku zabal horretan jardungo naiz. Ez naiz gatazkaz arituko, gureaz behintzat, gogo faltan ez banago ere, hainbaten belarriak berotzeko. Gatazka izango da nire ekarriaren muina, hala ere.

Sadam Hussein-en urkamenduak sortu dit kezka. Heriotza-zigorraren krudelkeria justifika ezinaren batetik. Neurtzeko-makilen neurri desberdinak bestetik. Lehen utz dezadan  alde batera. Lot nakion bigarrenari.

Sadam Hussein tirano ankerra denik ez dut dudarik. Neurri bereko tirano ankerra izan da Augusto Pinochet. Bata urkatuta hil dute; bestea ohean hil da. Batak sententzia aurrez idatzita zuen judizioa jasan du; besteak sistema demokratikoak dituen zirrikitu guztiak usatu ditu jujearen aurretik ez pasatzeko. Ankerkeriaz haratago babesle eta aitaponteko berak izan izana dute biek amankomun: beste batzuen interesen defendatzaile izan dira. Txotxongiloak, atzen beltzean. Eta txotxongiloaren nagusiak, hariak mugiarazten zituenak, lasai eta inolako damurik gabe ikusi ditu bi tiranoen gorpuak aurretik pasatzen. Bera ez da erruduna; bera hiritar demokrata eta zintzoa da, izar eta barren magalean lasai bizi dena.

Sadam Hussein arabiarra eta musulmana zen. Pinochet mendebaldetarra eta katoliko elizkoia. Horrek zerikusirik izan da du bion patuaren bilakaera desberdinean?

Horrelako egoeretan Salvador Allenderen atzen hitz haiek etortzen zaizkit gogora esperantzari leihorik ez dagoela inoiz itxita sentitzeko:

Trabajadores de mi Patria, tengo fe en Chile y su destino. Superarán otros hombres este momento gris y amargo en el
que la traición pretende imponerse. Sigan ustedes sabiendo que, mucho más temprano que tarde, de nuevo se abrirán
las grandes alamedas por donde pase el hombre libre, para construir una sociedad mejor.

Txilen zumardik handiak zabaltzen ari dira eta traizioaren une gris eta miketzak gainditzen ari dira belaunaldi berriak, gizarte hobeago bat eraikitzeko ametsak zutik dirauelarik. Iraken ordea, Sadamen hilketak, ez ditu zumardiak zabalduko  eta, hain segur, odola eta biolentziaren oldarra areagotu egingo ditu. Oker egon nadin!

Bien bitartean harien nagusia, ospe eta ohore, aberriaren pertsona errespetagarrien zerrenda ofizial guztietan izango du toki.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude