Maiz, sarritan, askotan (Izarren Hautsa, 01-10-16)

Maiz idatzi izan dut komunitate zientifikoaren eta gizartearen artean zubiak eraiki beharraz (ikus Jakin, 125. zenbakia, esaterako). Zientzia eta teknologiaren esparruaren eta gizartearen artean zabaltzen ari den leizeaz irakurtzea ohizkoa da komunikazio zientifikoari buruzko literaturan. Erakunde publikoek bultzatutako zientzi eta teknologi planetan garapen zientifikoaren gizarteratzea oinarrizko zeregintzat jotzen da. Hitzetik hortzera hiritarrak zientziaren eta teknologiaren garapenaz egoki informatuta egoteko duen eskubidea aipatzen da. Hiritarrek zientzia eta teknologia beren zergen bidez finantzatzen dutela eta zientzia edo teknologiak baldintzatutako erabakiak etengabe hartu behar dituztela aipatzen da eskubide horren oinarrizko argudio moduan. Bat nator.

Sarritan, ordea, gertatzen da hiritarrari zientziaren eta teknologiaren erabilerak bere inguruan sortzen dituen eraginei buruzko erabakiak hartzeko biderik ez zaiola ematen. Horrelakoak usu azpiegiturazko lan erraldoiekin edota estrategikotzat jotzen diren sektoreekin lotuta egoten da. Egunotan, jokabide horren adibide polita ikusi dugu Zornotzako ESB plantari buruzko balizko erreferendumaren arazoan.
 
Askotan, zientziaren auziak demokratikoki ezin direla ebatzi argudiatzen da, hiritarrek ez baitute nahikoa jakinduria auziaren alderdi guztiak ikusi eta erabaki zuzena hartzeko. Zientzia ez da demokratikoa, jakina, baina zientziaren eta teknologiaren ondorioei buruzko eztabaidak eta erabakiak demokratikoa izan behar du (Bidenabar, ‘erreferendum = erabaki demokratiko’ berdintza ez da beti zuzena, batzuk horrela uste badute ere). Bestela, lehen paragrafoan aipatutakoa pedagogi ariketa txarra izateaz gain, elite ilustratuen garaiari leihoak zabalduko dizkiogu. Izan ere, hiritarrei zientziari eta teknologiari buruz informazio egokia eman nahi bazaie, beraiengan jarrera positiboak indartu nahi badira, sineskeriari eta azientifismori bideak itxi nahi bazaizkio, hiritarrei zuzenean eragiten dieten auzi zientifiko-teknologikoei buruz erabakiak hartzeko bidea eman behar zaie, direlarik erabaki hauek maila pertsonalekoak zein sozialekoak. Deliberoak egokiak eta gizarte osoaren onurarako izan daitezen egin behar da lana eta ahalegina, ez ordea erabakimena itzurtzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude