Bizia Lurrean

Lurrean biziak izan duen bilakabideek aldian behin krisi larriak izan dituela gauza jakina da. Tarteka animalia- eta landare-espezie asko ia bat-batean desagertu izan dira, masa-estintzio esan zaie gertaera horiei. Guztietan ezagunena duela 65 milioi urte dinosauruak desagerrarazi zuena da. Alabaina beste batzuk ere gertatu izan dira, bost guztira: lehena ordoviziarraren bukaeran, duela 443 milioi urte; bigarrena, devondarraren amaieran duela 374 milioi urte; hirugarrena, guztietan handiena, ozeanoetako espezien % 90a eta lehorreko % 70a estingiarazi zituen eta duela 251 milioi urte; laugarrena triasikoaren hondarrean izan zen, duela 201 urte eta bosgarrena aipatu dugu jada.

Geologoen artean beti izan dira eztabaidagai gertaera horiek: zer eragin dituen, nola gertatu diren, zein abiaduratan jaso diren, etab. 1980ko hamarkadaren hasieran Alvarez aita-semeak meteorito baten inpaktua dinosauruen eta beste makina bat espezieren desagertzearen erantzule zela postulatu zutenean, eztabaida hori ixteko bidea aurkitua izan zela eman zuen. Egia esan, kretazeoaren bukaerako meteorito-inpaktua oso ondo dokumentatuta dago: K/T geruzako iridio-kontzentrazio ohiz kanpokoa eta inpaktu-kraterra aurkitu izana besteak beste. Inork gutxi jartzen du hipotesi hori zalantzatan. Dena dela, beste masa-estintziozko gertaerak meteoritoekin lotzea oso zalantzazkoa da, nahiz eta hori egiteko joera egon den 1990eko hamarkadan eta ustezko aztarna batzuk topatu izan diren. Eztabaida irekia dago horratio.

Scientific American aldizkariaren urriko alean, Peter D. Ward geologo eta zientzia-dibulgatzaile ezagunak auziari buruzko artikulu interesgarri bat argitaratzen du. Bidenabar, Ward bisitari ohikoa izan dugu Euskal Herrian Zumaian eta beste hainbat tokitan K/T geruza aztertzen. Artikuluan permikoko eta triasikoko estintzioak esplikatzeko beste mekanismo bat egon daitekeela agerian utzi dituzten aztarnei buruz dihardu.

Zein da balizko mekanismo hori? Jarduera bolkaniko ohiz kanpoko batek atmosferan metano eta karbono(IV) oxidozko kantitate itzelak injektatzen ditu; gas horiek berotze klimatiko global azkarra eragiten dute; ozeano beroagoak oxigeno gutxiago absorbatzen du atmosferatik; oxigeno-kantitate txikiak (anoxiak) kemoklina desegonkortzen du, hots, itsas hondoko bakterio anaerobioen arnasketak produzitutako hidrogeno sulfuroz asetako ura eta oxigenatutako ura bereizten dituen geruza; hidrogeno sulfurozko kontzentrazioa handitu ahala oxigenozkoa beherantz doa eta kemoklima bat-batean iristen da itsas gainazalera; hidrogeno sulfuroak oxigenoa arnasten duten espezieak ito egiten ditu; hidrogeno sulfuroa lehorrerantz desplazatzen da eta hango animaliak eta landareak hiltzen ditu; gas hori atmosferan gora igotzen da eta troposferan ozonoarekin erreakzionatzen du ozono-geruza ahulduz eta, azkenik, ozono-geruzaren ezean izpi ultramoreak lurraren gainazalera iristen dira gelditzen den bizia akabatuz.

Horixe da labur hipotesi berri horrek esaten duena. Ward-ek bere artikuluan hipotesia garatzeko geologoek erregistro fosilean topatu dituzten aztarna eta frogak xehe azaltzen ditu, karbono 12/karbono 13 ratioaren aldaketak esaterako.  Ez ni hemen horretan luzatuko eta jo beza irakurle kuriosoak jatorrizko artikulura.

Horrek guztiaren atzean beste behin ageri da lezio bera: zientzian eta jakintza zientifikoan inoiz ezin da ezer betiko itxitzat jo. Gaur aldaezin, finko eta betirako dirudiena, hosto lehor bat bezain hauskor bihur dezake aurkikuntza xume batek. Galdetu bestela Lord Kelvin-i!

Beste kezka bat, industrializazioak eta gure bizitza-estiloak ekartzen ari den berotegi-gasen emisio hazkorra medio, ez al gara izango gerok gizakiok hurrengo masa-suntsipenaren erantzuleak izango?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude