Etxe berrian

Blogger utzi eta unibertsitate.net izango dut etxe berria. Urte eta erdi pasatxo egin dut han eta etxe berri honetan denbora luzez matraka jotzeko asmoarekin instalatu naiz. Etxe xumeagoa da UEUren hau —blogari gutxiago hartzen dituelako diot hori—, alabaina etxekoa.

Nire gai kutun batekin lotuko natzaio etxe berriko estrainekoari. The Planetary Report atzen alean, azaro-abenduari dagokionean, Jim Bell-ek Marten dabiltzan Spirit eta Oppurtunity ibilgailu robotikoek egiten diharduten lanaz dihardu. Bera, lurrorotako horietan dauden argazki-kamera panoramikoekin lanean ari den lan-taldearen burua da. Argazki zorragarriak ilustratzen dute artikulua eta beste makina bat ikus daiteke misioaren web.orrian: marsrovers.jpl.nasa.gov/gallery/all/spirit.html eta marsrovers.jpl.nasa.gov/gallery/all/opportunity.html.

Misio horretan zundek lortutako argazkiak interneten jartzen dira egin eta berehala. Beraz, komunitate zientifiko osoaren esku jartzen dira. Bell-ek kontatzen duenez, ikasle zenean Voyager misioetan ikusitakoak bultzatu zuen erabakitzera Marteko robotek lortutako argazkiak inoren propietate pribatu ez zirela, komunitate zientifiko osoarena baizik. Ez zuen berak egiletasun liskarrik nahi batetik eta zientziak aurrera egiteko informazioa guztien esku egotea beharrezkoa dela uste du. Nolabait, Bell-ek proposatu zuena software librean egiten denaren antzekoa da. Bere lankideek Bell-en filosofia onartu zuten. Modu berean ari da egiten Cassini zundaren ekipoa: saturn.jpl.nasa.gov/multimedia/images/raw/. Joera berri baten aurrean gaude, apika. Bell-ek dioenez ez da damu hartutako erabakiarekin, nahiz eta batzuetan artikulu zientifikoetan beste batzuk aurreratu zaizkion edo komunikabideetarako egindako dibulgazio-artikuluren batean irudiak usatu izan diren iturria aipatu gabe.
Bere hitzak hona ekarrita:

‘Beste ezeren gainetik, guztientzat ari gara datuak biltzen, ez soilik guretzako edo komunitate zientifiko txiki batentzako. Hortaz, kolega batek noizik behin gai bat zapaltzea ordaindu behar den prezio txikia da beste batzuek –umeek, irakasleek, blogariek, espazio-zaleek, jende arruntak eta baita Kongresuko kideek ere– jarraitu ahal izan dezaten denbora errelean Marteko esplorazioaren abentura zoragarria. Nire irudiko, espazio-esplorazioan dihardugun guztiak pribilegiatuak gara, zerga-ordaintzaileek beren konfidantza eman digutelako ahalik zientziarik onena egiteko.’

Hau leitzean, zientziaren beste alor batzuetara jo zuen nire gogoak. Hor dabiltza batzuk, bizia ere patentatu nahian! Inozoa neroni! Marteko argazkiek ez dira diru-iturri; gene hau edo hura, ordea, euromilioiaren lehen saria izan daitezke.
Kontuz, ez dut esan nahi astrofisikari guztiak onak eta zintzoak direla eta genetistak gaiztoak! Jaunak libra nazala horrelako bekatutik! Ikerketa bataren eta bestearen ondorioak desberdinak direla baizik eta ondoriook markatzen dute, tamalez, bidea.

Iruzkinak (1)

  • Etxe berria bestea baino xumeagoa izango da, baina bai dotorea eta argitsua! Eta auzolagunak? kategorikoak! Hori bai, ez dut “Izarren hautsa” izena topatzen. Bidean galdu al da? Etzetz espero dut, beti ekartzen zidan Xabier Lete gogora…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude