Ideiak (Izarren Hautsa, 00-11-28)

Zientziaren historiari erreparatzen badiogu, ideiak baztertu eta zokoratu izan dira, sarri, egia nagusi eta ukaezin baten izenean. Galileo eta � € ˜ eppur si mouve� € ™ esaldia burura etor dakiguke tupustean. Alta bada, ez dugu Inkisizioaren garairaino joan behar ideia zientifikoaren baztertzearen etsenpluak aurkitzeko. Axolagabekeria izaten da batzuetan arrazoia, ikusi nahi ez izana beste batzuetan. Mendelen ilarren esperimentua koka dezakegu lehenen artean eta Wegener eta kontinenteen jitoa bigarrenen multzoan.
Ideia zientifiko iraultzaileen defentsa bazterkeriarekin ordaindu izana tamalgarria izanik, kontsolamendua ere bada, batzuen batzuk biziarekin zorra kitatu izana kontuan hartzen badugu: Giordano Bruno lekuko.
Alabaina, ez datoz lerro hauek zientziaren martirien gorazarre eta ohore egitera. Aitzitik, ideien askatasunaren eta hilezkortasunaren alde deiadar egitera datoz. Pentsatu eta adierazi izana hil dute egunotan, beste pentsamendu eta adierazpen batzuen gerizpean. Biak zilegi, biak beharrezkoak, baina ez hiltzeko arrazoi. Ideia eta pentsamoldeen kontrajartzean, eztabaidatzean eta kateatzean egin du zientziak aurrera. Isilarazi edo zokoratu izanagatik ez dira ideiak desagertu, gerora berriz azaldu dira temati eta zuzenak izan direnean ezagutza zientifikoaren osagarri bihurtu dira.
Euskal Herria ere ideien eztabaidaren eta elkarrekiko errespetuaren oinarriaren gainean eraiki behar dugu, iraunkor eta sendo nahi badugu behintzat. Gure Herria beste herrien parean ikusi nahi dugunok, Ernest Lluch bidaide izango genukeen bidearen zati batean, aurkari beste batean, baina ideien eta pentsamoldeen borrokaren esparruan beti ere. Aukera hori ezereztu dute, beren burua egia berdaderoaren jabe eta jagoletzat dutenek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude