Opentrad: itzulpen automatikoa

Aurreko asteartean Opentrad itzulpen automatikorako tresna aukeztu zen.
Opentradek gaztelaniatik euskarara, katalanera eta galegora itzultzeko
gaitasuna du. Nabarmena denez hizkuntza erromanikoen arteko
itzulpenaren zehaztasuna eta egokitasuna oso handia da. Euskararen
kasuan kamutsagoa da. Hala ere, % 75eko zehaztasuna lortzen da. Ez
gauza txikia. Hasiera baino ez da soilik. Itzultzaileentzat laguntza
oso baliagarria izango da, bereziki, esparru berezitako itzulpengintzan
dabiltzanentzat. Zorionak Opentrad kontsortzioa osatzen dutenentzat,
bereziki, euskal partnerrentzat: Ixa taldea, Eleka eta Elhuyar Fundazioa.

Interes izugarria piztu du tresnak. Opentrad-en
web orriara 7.000 bisita egin omen ziren aurkezpen egunean, 40.000tik
gora biharamunean. Horrek zerbitzariaren ahalmena gainditu egin du eta,
ondorioz, euskararako itzulpenak egiteko sistema ez dabil. Beraz,
sistema frogatu nahi dugunok itxaron egin beharko dugu.

Opentrad
proiektuaren arrakastak badu lezioa. Proiektua Madrilgo Hezkuntza
Ministerioaren Profit dirulaguntza baten bidez finantzatu da. Eusko
Jaurlaritzaren diru-laguntzarik ez al du jaso? galde dezake irakurleak.
Ba, ez. Egia esan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak ibili izan da
itzulpen automatikorako sistemak garatzeko ahaleginetan, baina alor
horretan inoiz ez du konfidantzarik erakutsi euskal enpresengan eta
urrutiko intxaurren peskizan ibili izan da. Atzen saioa, El Periódico de Catalunyaren
itzulpen-sistema garatu zuen enpresarekin egin zuen duela hiru bat
urte. Dirutza gastatu bai, emaitzarik ordea ez. Orduan ere, egun
Opentraden dabiltzan agenteek argi eta garbi adierazi zioten Kultura
Sailari beraiek itzulpen automatikorako sistema egoki bat garatzeko
gaitasuna bazutela. Alperrik! Kultura sailak ez zien konfidantzarik
eman. Denborak, berriz, gauzak bere tokian utzi ditu eta Kultura
sailekoak erratu zirela narbarmen ikusi da.

Beti esan izan dut
infoingeniaritza linguistikoak ikerketa-esparru estrategikoa izan behar
duela Euskal Herrian. Gure hizkuntzak behar dituen baliabide
informatikoak gerok garatzen ez baditugu, inork ez ditu garatuko.
Gainera, alor horretan puntako ikerlariak ere baditugu. Baliabide
egokiak esleituz gero emaitza egokiak lortuko dira ondorioz.
Jaurlaritzan ez dituzte gauzak horren argi inoiz izan. Atzera-aurrera
ibili dira auzi horren inguruan. Duda-muda handienak Kultura sailaren
aldetik etorri izan dira (kontuan hartu hizkuntza-politika sail horren
menpe dagoela). Aurreko Zientzia eta Teknologia planean
infoingeniaritza linguistikoa ildo estrategikotzat jo zen. Horren
harian, alorreko hainbat euskal eragile bildu ziren eta Etortek 2002ko deialdian Hizking 21 izeneko proiektua bideratzea lortu zuten (Elhuyar, EHU–Ixa, Aholab–, Vicomtech eta Robotiker). Hizking 21
bukatu eta hurrengo faserako finatziazio bila hasi zirenenan, 2005eko
Etortek, ez zuten lortu, itxura denez, Kultura sailaren interes
ezagatik, kontrako jarrera ez esateagatik. 2006an egoera aldatu egin
dela emanten du. Hizkuntza Politikako arduradun berriek
jarrera-aldaketa erakutsi dute eta infoingeniaritza linguistikoan
euskal agenteen alde egin behar dela eta gure herrian ikerketa-alor
estrategikoa dela adierazi dute –neroni lekuko. Hala biz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude