Harri berean bi bider

Gizakia ei da harri berean bi bider estropezu egiten duen animalia
bakarra. Ondorioz, gizakion obrak ere ez dira akats horretaz libre.
Donostia-Gipuzkoa Kutxa ez behintzat. Miramon Zientziaren Kutxaguneko
zuzendari berria aurkeztu dute oraindik orain. Aurrekoa ez zen euskaraz
egiteko gai, ezta oraingoa ere.

Euskara tarte hipokresia eta utzikeria franko gure erakunde askotan. Euskararen alde dago Kutxa jakina, Bertsolari Txapelketa Nagusia
babesten du besteak beste. Euskal kultura jatorra! Zientziak eta
teknologiak ez dute itxuraz merezi euskaraz jarduteko gai den Kutxaren
ordezkaririk. Euskarazko ikus-entzunezko komunikabideek ezin izango
dute zuzendari hori elkarrizketatu; horientzat galera, suposatzen
delako pertsona horrek kargu hartu duenez zeresan interesgarririk
izango duela. Kutxagunera doazen milaka haur euskaldunek gaztelaniaz
entzun beharko dituzte pertsona horren azalpenak. Eskolak ez duela
euskalduntzen entzun beharko dugu gero! Inguruneak eta estereotipoak ez
al dira inportante?

Ez nau gertaerak asko harritzen egia esan.
Kutxaren beraren izaerari lotutako zerbait dela iruditzen zait. Aurreko
zuzendari nagusiak ez zuen euskaraz egiten eta oraingoak egiten duenik
ez dakit; ez dut ez dakienik esango, baina ez diot inoiz euskaraz
entzun bere agerpen publikoetan.

Kutxaren
nagusia ez da nazioarteko kapitala edo magnate urrunekoa bat
zuzendaritza-karguetarako euskarari bigarren mailako garrantzia
emateko. Guk gerok, baizik, gipuzkoarrok gara, gure erakunde publikoen
bidez, Kutxaren nagusiak. Horrelako erabakiak hartuta egoki
zerbitzatzen al ditu Kutxak Gipuzkoako gizartea eta bere nagusiak? Ez
jakina, gipuzkoar gehienak euskaldunak garelako, museoa bisitatzen
dutenak bereziki.

Administrazio publikoko arduradunek balukete zeresanik!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude