Webaren asmatzailearen iritzia liburu digitalen etorkizunaz

Iturria: BookBusiness
Sir Tim Berners-Lee-k World Wide Weba asmatu zuen 1989an, Interneteko edukiak eskuragarri jartzeko helburuarekin. Orain, 2016 IDPF DigiCon @ BEA konferentzian antzeko planteamendua egin du, liburu digitalaren etorkizunaz. Hark uste du argitaletxeek erabil ditzaketela amaraunaren estandar irekiak, liburu digitalen edukien arteko estekak sortzeko eta ebookak partekatzeko, hainbat tresna eta pantailaren bidez. HTML 5 estandar irekia erabiliz, ebookek konta ezin ahala forma izan ditzakete. Irudimena beste mugarik ez dute izango, zioen Berners-Leek. EPUB 3 estandarra webeko estandar irekietara gehiago hurbiltzen den neurrian, dauzkaten gailuak baino haratago joango dira ebookak.

Berners-Lee 2016 IDPF DigiCon @ BEA konferentzian


Ebooken eta webaren munduak batzea orain arte sektorean uste izan den baino lasterrago gerta liteke, balitekeelako World Wide Web Consortium (W3C) eta International Digital Publishing Forum (IDPF) erakundeak batzea. Berners-Leek, W3Cren zuzendariak, eta Bill McCoyk, IDPFren zuzendari exekutiboak, partaidetza posible horren berri eman zuten, bilkuraren bukaeran. Esan zutenez, oraindik ez dute batzea hitzartu baina hizketan ari dira.
 

Ebookak eta webeko estandarrak konbinatzeak ekarriko duenaren ideia bat emateko, Berners-Leek esan zuen etorkizuneko ebookak honelakoak izango direla:

  1. Iraunkorrak. Bi munduak batzearekin, tresna eta formatuak aldatu arren, ebookak ez lirateke desagertuko.
  2. Bateragarriak. Edukiak HTML 5 lengoaian idatzita egongo liratekeenez, plataforma batetik bestera arazorik gabe eraman ahal izango lirateke.
     
  3. Elkarri estekatuak. Liburuak orain arte banandurik egon dira eta irakurleari ez zaio erraza gertatu eduki batetik harekin zerikusia dutenetara joatea, baina, Berners-Leeren ustez, etorkizunean amarauneko edukiak bezalaxe elkarri estekaturik egongo dira. Adibide gisa, aipatu zuen ikasliburuen argitaletxeek ikastaro bateko materialak elkarri estekatuko dituztela, ikasleak errazago izan dezan batzuetatik besteetara mugitzea.
  4. Jarrai daitezkeenak. Argitaletxeek jakin ahal izango dute liburuak nola irakurtzen eta partekatzen diren.
  5. Webaren irekitasuna eta eskuragarritasuna izango dute. Irakurleekin harremanak izatea eta edukiari etekin ekonomikoa ateratzea errazagoa izango da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude