Bi pertsonak edo gehiagok elkarturik gai bati buruz egiten dituzten bilaketei esaten zaie lankidetza bidezko bilaketak.
Gaur egun sarean hainbat tresna daude eginkizun horretan laguntzen dutenak. Hona horietako bat:
Erabiltzaileek kontsultak egiten dizkiote sistemari, dela Aardvark webgunean bertan, dela emailez , dela mezularitza bidez. Aardvark-ek kontsulta identifikatzen du eta, horren arabera, denbora errealeko txat bidez edo posta elektronikoaren bidez, harremanetan jartzen du kontsulta-egilea galdetu duen gaian adituak direnekin. Iaz Googlek erosi zuen Aardvark.
Erabiltzaile batek Aardvark-en izena ematen duenean, Aardvark erabiltzailearen bat-bateko mezularitzako zerrendan gehiturik gelditzen da. Erabiltzaileak kontsulta bat egiten duenean, Aardvark-ek lagundu egiten dio, mezuen bidez, zer egin behar duen adieraziz. Bat-bateko mezularitza erabiliz gero, komandoak erabil daitezke kontsultaren parametroak zehazteko, beste erabiltzaile batzuk gonbidatzeko edo laguntza lortzeko.
Bi interakzio mota erabiltzen ditu Aardvark-ek kontsulta bat erantzuteko. Lehenbizikoa erabiltzaileari mezu bidez kontsulta bati erantzun nahi dion galdetzekoa. Aldian-aldian Aardvark harremanetan jartzen da erabiltzailearekin, posta elektronikoaren edo mezularitzaren bidez, beste norbaiten kontsultari erantzuna emateko pertsona egokia dela uste duenean. Aardvark-ek kontsulta-egilearen adiskideen eta adiskideen adiskideen artean bilatzen ditu erantzule izan daitezkeenak. Aurkitzen dituen adiskide guztiei kontsulta bidali ordez, profiletan begiratzen du, kontsultarekin zerikusia duen informazioren bat badagoen ikusteko.
Aardvark-ek erabiltzaileari kontsulta bat bidaltzen dionean, erabiltzailea erantzuteko prest agertzen bada, kontsulta bideratzen dio, galdera-egilearen izenarekin batera. Erantzuleak eman dezake zuzenean erantzuna edo eman dezake egoki erantzun dezakeen adiskide baten izena edo posta elektronikoko helbidea edota uko egin diezaioke erantzuteari. Aardvark-ek erabiltzaile jakin bati eguneko kontsulta bat baino gutxiago igortzen dio eta erabiltzaileak bere aldetik adieraz dezake zer maiztasunekin eta zer egun eta ordutan dagoen kontsultak jasotzeko prest.
Aardvark-ek Google Talk, Windows Live Messenger, AOL Instant Messenger eta Yahoo Messenger mezularitza-zerbitzuak onartzen ditu.
Bigarren interakzio moduan, erabiltzaile batek mezu bat bidaltzen du Aardvark-era edo honen webguneko Answering atala bisitatzen du eta Aardvark-ek planteatu berria den, artean erantzunik jaso ez duen eta bere profilarekin bat datorren kontsulta bat aurkezten dio.