Zer pentsatzen dute ideologo abertzaleek euskarari buruz?

Zer pentsatzen dute ideologo abertzaleek euskarari buruz? Bada, ez da erraza bi hitzetan erantzutea, eta hori galdera horrela paratzea onargarritzat jotzen dugula aurresuposatuz, eta agian ez genuke ontzat jo beharko: zeren, zer dira ideologoak? Zer dira abertzaleak? Hara, baina abertzaleek pentsatu, pentsatzen dute?

Ez, abertzaleek ez dute pentsatzen, barbaro irrazional batzuk dira, besterik ez. Horra sarri baino sarriagotan ingurune akademikoetan barra-barra zabaltzen den topikoa. Ondorioz, abertzaletasunaren gaineko ikerketa irrazionaltasunaren genealogia omen da, funtsean, non eta ez den pentsatzen Amazoniako tribu galdu eta basatien ohituren ikerketa arriskutsua dela, badakizu, etsaien buruak moztu eta txikitzeko duten ohitura esplikaezin hori… Aintza oihan sarri horietan barneratzeko ausardia duten ikerle bipilei! Eta abar.

jibaroak
– 1. irudia: Jibaroak

Eta hala ere hemen gaude abertzaleok, eta gainera gure hausnarketak eta ikerketak paperean jartzen saiatzen gara, eta sarritan gure hizkuntzan, hau da, euskaraz, horrek curriculum akademikoetan eragin hutsala besterik ez duenean, negatiboa ez denean. Espainiaren zientzia gobernatzen duten buru txit arrazionalek horrela aurreikusi baitute, eta nortzuk gara irrazionalok hori zalantzan jartzeko?

Eta hala ere aurrera goaz. Eta hala ere euskarazko aldizkari akademikoetan (adibidez, Uztaro) ikerketa artikulu interesgarriak agertzen dira, erdaraz argitaratzen direnen pareko edo hobeak. Adibidez, gaur laburki iruzkindu nahi dudan hau:

zabalo_julen
– 2. irudia: Julen Zabalo

Odrizola, Onintza eta Zabalo, Julen: “Euskararen garrantzia diskurtso abertzalean: ardatz ala osagarri? In Uztaro, 91 (2014) 67-82 or.

Zergatik da interesgarri artikulu hori? Bi arrazoi daude horretarako. Bat, abertzaletasunaren eta euskararen arteko harreman historikoen berri laburtu eta sistematikoa eskaintzen duelako, eta bi, artikulugileen iritziz une honetan aldaketa esanguratsu baten atarian gaudelako: azken urteotan aldatu egin da euskararen esanahia diskurtso abertzalean, eta aldaketa hori hurrengo urteetan sakondu egingo da, ziur aski.

Ez dira arrazoi txikiak, batez ere norbaitek pentsatzen baldin badu euskara, abertzeleentzat, beti izan dela gauza bera. Ez, jaun-andreok, eboluzio aski ezagun bat dago (artikulu honetan laburbiltzen dena) eta, gainera, badirudi orain etapa berri bat zabaltzera doala. Baina esan dezagun artikulugileen hitzetan:

“Horixe da, hain justu, artikuluaren gaia: abertzaletasunak nortasun-ardatz gida hizkuntza hartu dueneko zikloa aztertzea. 50eko hamarkadan Euskal Herrian ernatzen hasi zen diskurtso abertzaleak arrazaren lekuan hizkuntza jarri zuenetik gaur arte, hain zuzen ere, abertzaleen barneko zenbait sektore haren egokitasuna zalantzan jartzen hasi den garaiotara arte. Zalantza jartze horrek tirabira ekarri du; izan ere, kritikak kritika, beste sektore batzuk hizkuntza nortasun-emaile dela defenditzen duen diskurtsoari eusten ahalegindu dira. Beraz, batzuentzat, behinola naziokideak elkartzeko tresna gisa jardun zuen hizkuntzak garrantzia galdu du zeregin horretarako (ez sinbolikorako); eta aldiz, beste zenbaitentzat, aldarrikapen nagusi bilakatu da. Are gehiago, azken horientzat helburu politikoekiko autonomia ere hartu du, hainbat kasutan.” (68. or.)

Egia ote? Ez, ez goaz orain artikulua laburbiltzera, sobera motza da laburpen bat behar izateko eta, beraz, hobe da interesatuak zuzenean irakurtzea. Ohar kritiko batzuk eranstera mugatuko gara.

Ondo idatzita dago eta argia eta zehatza da, ororen buru. Arazorik gabe uler dezake edozeinek, ezagutza akademiko berezirik gabe. Lehen erdian-edo gutxi-asko denok ezagutzen ditugun ezaugarriak laburbiltzen dira, egoki nire ustez, ezer berririk eransteko pretentsiorik gabe, hau da, laburpen bat da, funtsean, praktikoa eta ondo egina. Erditik aurrera gutxi gora-behera, berriz, gaurko abagadunea deskribatzen saiatzen da, eta hor, jada, askoz ere diskutigarriagoa da, baina hori da hain zuzen ere artikuluaren helburu nagusia: gaurko egoera, aldaketa-unea, deskribatzea. Testuinguruaren aldaketa marraztu ondoren, hiru pentsalari-talde aipatzen dira eta, berritasun nagusi gisa, horietako batek planteatzen duen “abertzaletasunik gabeko euskaltzaletasuna” (80.or.). Eta hor bukatzen da.

Nire uste apalean analisiak ez du bete-betean itua jotzen. Ondo dago azpimarratzea euskara eta abertzaletasunaren artean dagoen harremana aldakorra izan dela historian zehar; ondo dago hori laburbiltzen saiatzea; ondo dago aldaketa-une batean gaudela esatea; baina hiru taldeen deskribapena, nire uste apalean, nahikoa urrun geratzen da gure errealitatetik.

16_9
– 3. irudia: Eusko Jaurlaritzaren “Nirekin euskaraz” kanpaina

Beraz, analisia aski partziala iruditzen zait bi arrazoirengatik: batetik, erabat marginatzen duelako Eusko Jaurlaritzak azken 35 urtetan segitu duen hizkuntza-politikaren gaineko teorizazioa eta teorikoak (nonbait, horietako inor ez da abertzale!) eta bi, puntu bakar baten gainean finkatzen delako, euskara eta abertzaletasunaren arteko ezkontza hautsiezina kolokan jartzearen gertakarian. Ondorioz, nire irudiko, analisi horrek balio lezake gobernutik kanpo dagoen mugimendu politiko baten bilakaeraren berri emateko (eta hor ere hainbat zehaztapen egingo nituzke), baina ez da oso errealista gure egoerari aplikatzea: abertzaleek gobernu-ardura handiak izan dute eta dute Euskal Herriko erakunde ugarietan, eta guztietan hizkuntza politika bat (edo batzuk?) formulatu dute eta aurrera eramaten saiatu dira. Ulertzen dut metodologikoki analisiari muga batzuk jarri behar zaizkiola, baina muga horien berri berariaz eman behar da, existituko ez balira bezala jokatu ordez.

Baina itzul gaitezen hasierara: abertzaleok gai gara gure historia eta arazoei buruz hausnartzeko eta euskaraz argitaratzeko gure analisiak, abertzale ez direnak bezain ondo edo hobeto, apika; une honetan euskara eta abertzaletasunaren gaineko ezkontza ustez naturala eta betikoa, kinka aldakor batean dago; eta bukatzeko, artikulu honetan fenomenoaren deskribapen zehatz bat eta zer pentsatua ematen duten ondorioak proposatzen dira. Proposamen horrek hausnartua eta eztabaidatua izatea merezi duela esango nuke. Artikulua irakurtzetik has daiteke.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude