Trotskiren figurak beti eragin dit faszinazio berezi bat. Suposatzen dut arrazoi estriktoki pertsonalak daudela tartean, adibidez, mutikotan herriko zinema parrokialean ikusitako Doctor Zhivago (1965) film hunkigarria, den-denok ikusi duguna (bai, ezta?). Ezaguna denez, pelikula horietako pertsonaietako bat Trotskirengan inspiratzen da, argi eta garbi, baina pertsonaia horretaz haraindi 1917ko Iraultzaren gaineko hausnarketa orokor bat egitea da egiazko helburua, eta ni Historiak edo historiek (maiuskulaz edo minuskulaz) beti faszinatu nau(te), mutiko-mutikotatik. Baina kurioski, pelikula ahaztezin horrek ez ninduen faszinatu Boris Pasternak (1890-1960) errusiar idazleak idatzitako izen bereko nobela (Doctor Zhivago, 1957) irakurtzeko beste, bai ordea Trotskiren autobiografia handik urte batzuetara irensteko lain. Paradoxak.
Eta paradoxak diot zeren, berriki jakin denez, bere garaian CIAk (alegia, AEBren zerbitzu sekretuak) helburu zehatz gisa hartu zuen nobela hori mundu osoan zabaltzea eta, besteak beste, batzuen ustez badirudi eragin zuzen-zuzena izan zuela Boris Pasternaki Nobel saria ematea deliberatzeko orduan (1958). Beste batzuen ustez, ez, badakizue, Suediako Akademiak bere erabakiak guztiz libreki hartzen ditu, eta erabaki libre horiek bat etorriz gero CIAren egitasmo sekretu batekin kasualitate baten aurrean gaude, argi eta garbi. Bon, ez naiz polemika horretan gehiago endredatuko, interesatua has daiteke kontsultak egiten hemendik .
Baina itzul gaitezen Trotskyrengana. Gaur eta hemen, eta euskaldunen komunitate intelektualaren ikuspuntutik, alde askotatik heltzen ahal diogu iraultzaile paradigmatiko haren gaiari, baina hizkuntzaren eta naziotasunaren alderditik begiratuko diogu, eta interesa horretan jartzen dugularik, hauxe galdetuko dugu: Zein zen bere nazionalitatea? Zein bere hizkuntza? Zein bere erlijioa?
Euskarazko wikipediari begiratuta, Leon Trotskiren nazionalitatea nahiko bitxia da, hitzez hitz “errusiar-ukrainarra izan zen, jatorri judutarrekoa”. Definizio luzea bezain bitxia eta, gainera, kontua gehiago korapilatu nahi izanez gero, anota dezagun historia apur bat dakien edonork badakiela inon inoiz egon bada gizonik edo emakumerik bere burua internazionalistatzat (eta beraz, edozein nazionalismoren kontrakotzat) aldarrikatu duenik, hori Leon Trotski dela. Beraz, Trotski, iraultzaile komunistaren eta internazionalistaren arketipo gorena delarik, zilegi ote da hari ezein nazionalitate leporatzea? Ez gara haren bizitzaren faltsutze onartezin bat egiten ari?
Badira beste soluzio batzuk ere, pasada azkar batean erraz antzematen direnak. Adibidez, gaztelaniazko wikipedian, “revolucionario ruso de origen judío”, frantsesezkoan “révolutionnaire et homme politique russo-soviétique”, ingelesezkoan “Russian Marxist revolutionary and theorist Soviet politician”, katalanez “revolucionari marxista soviètic”, eta abar. Ziur aski, aukera gehiago ere egongo da, adibidez, alemanezkoan (neuk ulertu ahal izan dudanaren arabera, ez baitakit alemanez) inor baino zuhurrago jokatzea erabaki dute eta ezein jentilizio paratu beharrean (beti nolabaiteko balioespen bat dakarrena) datu hutsetara jo dute, eta horrela alemanek hain maisukiro kudeatzen dituzten datu zehatz parrastada baten erdian uler dezakedan bakarra da jaio zela “in Janowka, heute Bereslawka, Ukraine“. Eta kitto. Hori bai, Bereslawka delako toponimo horri klik eginez gero alemanezko wikipedian (eta ia-ia horretan bakarrik) mapa bat ikusi ahal izango duzu, zeinetan gaur egun arte (oraingoz!) Ukraina deitzen dugunaren lurraldea ageri den, eta lurralde horren erdi-erdian, Trotskiren jaioterria. Jentiliziorik ez, ordea, neuk behintzat ez dut ikusi.
Beraz, garbi dagoenez Ukrainaren bihotzean jaio zela, ukrainarra da, ez errusiarra. Guztiok ados, ezta? Bada, esango nuke ezetz. Argibide gehiagoren bila haren bizitzari eta pentsaerari buruz egon daitekeen iturririk nagusienetako batera joko dugu, hau da, haren autobiografiara. Edizio ugari dago hizkuntza askotan; jatorrizkoa errusieraz idatzita dago, 1929an, Prinkipoko uhartean (Turkia) erbesteraturik pasatu zituen urteetan. Baina neuk errusieraz ez dakit eta orain eskura dudan gaztelaniazko edizio bat erabiliko dut, hauxe: Mi vida, Madrid: Fundación Federico Engels, 2010. Edizio guztiz zaindua eta fidagarria izateko itxura osoa du, horretaz froga positiborik ez badut ere, baina ezta ere kontrako sumorik batere.
Lehenbiziko bost kapituluak dira gure helbururako interesgarrienak, alegia, bere haurtzaroa eta lehen gaztaroari buruzkoak. Hortik aurrera hizkuntzei buruzko informazioa askoz ere episodikoagoa da, nahiz eta beti aurkitzen den datu adierazgarririk. Baina datu guztiak laburbilduz, ondorio argi bat azaltzen zaigu, hau da, badakigu bere hizkuntza nagusia errusiera zela: liburu eta idazki guztiak (edo guztiz gehienak) errusieraz idatzi zituen eta errusiera zen, halaber, bere emaztearekin eta umeekin etxean erabiltzen zuen hizkuntza (erbesteko urte luze-luzeetan ere). Hortaz gain, erbesteko aldi luzeetan alemana eta frantsesa ikasi zituen, goitik behera ikasi ere, nahiz eta berak espresuki dioen ez zuela inoiz “perfekzioz” menperatu ez bata ez bestea. Baina ez da dudarik bi hizkuntza horietan ere arazorik gabe moldatzen zela, bere hizkuntza nagusia, etxekoa eta lanekoa, errusiera bazen ere. Ingelesez ere zerbait ikasi zuen, baina oso trakets.
Hizkuntzari dagokionez, beraz, Trotski errusiarra zen, argi eta garbi. Hala izan ote zen ere bere haurtzaroan? Eta hemen euskaldunei arraroak egingo ez zaizkigun zehaztapen berezi batzuk sartu behar ditugu. Hala dio Trotskik, hitzez hitz:
“En mi familia y en la finca se hablaba el ruso ucraniano. Y aunque en la escuela sólo admintían chicos judíos hasta un cierto cupo, por cuya causa perdí un año, como era siempre el primero de la clase, para mí no regía esa limitación.” (V. kap., 100 or.) [enfasia gurea da]
Trotski Ukrainako herrixka batean jaio zen eta bere gurasoak urte horietan prosperatzen ari ziren baserritar analfabeto batzuk ziren. Erlijioz juduak ziren, baina erlijioa ez zen gauza garrantzitsua bere familian, nahiz eta beren judutartasuna agerikoa eta zalantzarik gabekoa izan: zeremonia erlijiosoren batetan parte hartzen zuten aldi bakanetan (ez ziren batere praktikanteak) sinagogara joaten ziren (nora bestela?) eta seme pizkorra hirian ikastera igortzeko nahikoa diru bildu zutenean (Odessan), aita enpeinatu zen hebraierazko ikastaro bat egin zezan (Biblia sinagogan irakurtzeko xedez, noski, juduek egin ohi duten eran), nahiz eta kontu hori laster geratu zen bertan behera. Beste datu bat: juduak izan arren, ez zekiten yiddish-ez (Trotskik espresuki ematen digu datua, ik. beherago) bere familiako eta inguruko beste judu asko familian eta lagunartean arrunki hizkuntza horretan mintzatzen ziren arren. Berriz diogu, Trotskiren umetako etxean “ukrainar errusieraz” mintzo ziren (edo, beste pasarte batean dioen bezala: “[Mi padre] Hablaba una mezcla rara de ruso y ucraniano en la que predominaba el dialecto regional” (I. kap., 44. or.) [enfasia gurea]).
Ez da erraza niretzat Ukrainaz dakidanarekin datu horiek modu guztiz fidagarri batean dekodifikatzea, baina esan dezagun itxura guztien arabera ondorio hauek garbi daudela: lehenik, Trotskiren etxean baserritar juduak izan arren, prosperatzen ari ziren juduak ziren eta, ondorioz, nolabaiteko “desjudutze” prozesu baten erdian zeuden: gutxitan joaten ziren sinagogara eta ez ziren juduen hizkuntzan (yiddish) mintzo; bigarrenik, “desjudutze” prozesu horrek norabide garbi bat zuen, “errusiartzea”, hori izango baita Trotski gazteak, herrixkatik irten ondoren hirian ikasketak egitera, aurrerantzean sistematikoki erabiliko duen hizkuntza; eta hirugarrenik, bere gurasoak tarteko fase batean geratu ziren, alegia, errusiarrekin nahastutako ukraineraren (edo ukrainerarekin nahastutako errusieraren) “dialekto erregional bat” hitz egiten zuten etxean, eta behar bada baita ere bere herrixkan.
Ondorio horiek, noski, oso behin-behinekoak dira. Badakigu, adibidez, errusiera eta ukrainera hizkuntza eslaboak direla biak, baina ez dakigu bien arteko distantzia praktikan nolakoa den, gaztelania eta katalanaren artekoa bezalakoa edo gaztelania eta frantsesaren artekoa bezalakoa. Baina badirudi (berriz ere diogu, badirudi, eta besterik ez) Ukrainaren errusierartzea jada XIX. mende bukaeran abiatu zen fenomenoa dela, baita Ukrainaren bihotzean ere. Edo agian Ukrainaren hegoaldean esan beharko genuke, zeren gaur egun ere hegoaldea “errusiartuago” dago Kiev ingurua baino. Ondoriozta dezagun, bada, Trotskirentzat hizkuntza-ordezkatze prozesuak ez zirela kontu arrotzak, haurtzaroan eta gaztaroan bere begiekin ikusitako gertakariak baizik. Duela urte asko irakurri eta nire memorian gorde nuen aipu zehazgabe baten arabera, gutun batean horrela erantzuten dio behin Ukrainatik idazten dion alderdikide bati: idatz diezaiola ukraineraz arazorik gabe, tamalez hizkuntza horretan mintzatzeko gai ez bada ere, arazorik gabe ulertzen duela. Kasu honetan ezin dut erreferentzia zehatzik eskaini, baina nire memoriak garbi gorde zuen datu hori. Izan ere, euskalduna naiz, eta mota horretako datuak grabatuta geratzen zaizkit gogoan, gure artean ere hizkuntza-ordezkapen prozesuak gure begiekin ikusi ditugun gauzak baitira, ez liburutan ikasitakoak. Badugu sentsibilitate bat.
Baina itzul gaitezen Ukrainara. Orain arte hiru hizkuntza besterik aipatu ez baditugu ere, ez ziren orduan hantxe normaltasunez hitz egiten ziren bakarrak. Trotskiren autobiografiara berriz ere itzuliz, inon ez digu aipatzen tatariarrik edo haren hizkuntzarik, baina irakur dezagun arretaz aipu luze hau:
“El domingo siguente mi padre me llevó en coche a la colonia, a casa de mi tía Rahil […] Gromokley [kolonia berria] distaba de Yanovka [bere herrixka] cuatro verstas. La colonia se asentaba a ambos lados del barranco, uno ocupado por las familias judías y el otro por las alemanas. Era difícil confundir los dos barrios. En el alemán, las casas resaltaban por su limpieza, unas techadas de teja y otras de caña; se veían vacas muy orondas y caballos bien cebados. En el barrio judío, las casas estaban medio ruinosas, los tejados tenían agujeros, el ganado estaba flaco. […] No hice amistad con ninguno de los chicos de la escuela, pues no hablaba yiddish. A los pocos meses me sacaron, y esto explica quizá los pocos recuerdos que guardo de aquel colegio.” (II. kap, 59-60 or.) [enfasia gurea]
Azpimarra dezagun: Ukrainaren bihotzean, XIX. mende bukaeran, herrixka berriak egiten ari ziren (“kolonia berriak”) zeintzuetan bizi zen jendea zen, adibidez, auzo batean juduak eta bestean alemanak. Jakina, auzo bakoitzeko biztanleak bere hizkuntza propioan mintzo ziren, juduak yiddishez eta alemanak alemanez. Gogora dezagun testu hori 1929an idatzia dela, eta orduan oso zaila zela jakitea handik gutxira gertatuko zen tragedia bikoitza: lehenengo Hitler pasatu zen, judu guztiak deportatuz (eta ondoren gas-ganberatan hilez) eta ondoren Stalin pasatu zen, aleman guztiak deportatuz Siberiara, non konzentrazio-zelaietan hil ziren asko eta asko. Juduen berri ugariagoak izan ditugu guztiok, baina aleman horien patua ezezaguna zaigu ia guztiz; 2009an Nobel Saria jaso zuen Herta Müller errumaniar-alemanak idatzi izan du horretaz, urte berean euskaraz argitaratu zen Hatsaren kulunka nobela zirraragarrian irakur daitekeen bezala; Errumaniako alemanei buruz dihardu, baina ziur aski Ukrainako alemanen patua ez zen hobea izan, izatekotan okerragoa, deportazio masiboak pairatu baitzituzten. Alemanak Errusian, historia bereziki beltza da, itxura guztien arabera: gaztelaniazko Wikipediaren arabera 1897an 1,8 lagunek deklaratu zuten Errusiar Inperioan alemana zela beren ama-hizkuntza; 1929an oraindik miloi bat ziren, gutxi gorabehera; II. Mundu Gerratik aurrera… imajina dezagun okerrena. Trotskik, dena den, biziki gorroto zituen aurreiritzi etnikoak eta alemanak termino onetan pintatzen dizkigun bitartean, iritzi txarra agertzen du juduei buruz, arestian ikusi dugun bezala. Baina irakur dezagun beste aipu esplizitu bat:
“A mí me molestaban tanto las groserías encubiertas del profesor de historia contra los polacos, como la irritación de Burnande el Francés [beste irakasle bat] contra los alemanes y el desprecio del pope por los judíos.” (V. kap., 100.or.)
Gehiegi luzatu gara eta bukatu behar dugu. Ez dugu aipatu Trotskik egiten dituen komentario sarkastikoak dekadentzian sartutako aristokrata errusiar klasikoen hizkuntza-ohituren kontura (XVII. mendeko kapare espainol bat baino pobreagoak izan arren, beren artean frantsesez hitz egiten enpeinatzen ziren, herritar xeheengandik bereizteko), ezta ere bere etxeko umeek exilioko urte luzeetan hainbat hizkuntzekin izandako ikasketa-esperientzia zirraragarriak, guztiz ederki narratuak eta gutako bati baino gehiagori ez zaizkionak arrotz suertatuko. Eta beste mila eta bat kontu. Baina gehiegi luzatu gara.
Ondorio argirik atera ote dugu? Trotski errusiarra ote zen? Ukrainarra? Sovietikoa? Trotskik mota orotako nazionalismoak gorroto zituen, hori egia da, baina gorroto zuena, bereziki, txobinismo lerdoa zen, ez herrien nortasuna eta hizkuntza. Egin dezagun azken aipu bat: Kamenev-ekin izandako elkarrizketa baten pasartea da, oraindik Lenin bizi zelarik; uste dut aski argia dela:
“[…] La resolución de Stalin sobre la cuestión nacional no sirve para nada. Coloca el brutal y cínico avasallamiento de la nación dominante al mismo nivel que la protesta y la resistencia de las naciones pequeñas, débiles y atrasadas. Le he dado a mi propuesta la forma de enmiendas a las de Stalin, para que de este modo facilitarle el cambio de rumbo. Pero debe haber un cambio radical e inmediato […] Y en cuanto a usted—dije refiriéndome a Kámenev–, en la conferencia de Tiflis debe disponer una completa inversión de la política seguida con los partidarios georgianos de la política nacional de Stalin.” (XXXIX. kap., 436. or.) [enfasia gurea]
Aipagai duen episodioa biziki konplikatua da eta orain ez dugu astirik horri ekiteko; ingelesezko wikipedian Georgian Affair deitzen zaio eta interesatuak hor aurki ditzake oinarrizko deskribapen bat. Guri orain dagokigunez, buka dezagun azpimarratzen ez dela zilegi nazionalismo inperialista eta zapaltzailea maila berean jartzea nazio txikien nazionalismo defentsiboarekin. Trotskik argi eta garbi esan zuen 1929an. Eta Trotski ez zen nazionalista. Errusiarra? Ukrainarra? Oso bigarren mailakotzat zuen arazo hori, baina ere berean oso beligerantea zen mota orotako inperialismoren eta txobinismoren kontra, baita sovietikoa zenean ere.