Uxue Razkin Olazaran
“Arkitektoa ogibidez, marrazkilaria jaiotzaz, kazetaria kasualitatez”. Hala definitzen du bere burua Ibai Gandiagak (1978, Getxo). Diseinua maite duen gazte honek Donostian gauzatu zituen arkitektura ikasketak. Egun, “SARE arkitektura, diseinua eta hirigintza” taldean dihardu beste batzuekin batera. Aldiri aldizkarian idatzitako artikuluan oinarrituta, marrazkiaren eta arkitekturaren arteko lotura irudikatu du gurean
Zein da marrazkigintza eta arkitekturaren arteko lotura?
Galdetu beharko genuke zer den marrazkia. Nire izena idazten badizut, marrazkia al da? Bai, ezta? Gure alfabetoak azkenean eredu diagramatikoa du. Gureak badauka bere ibilbidea eta azkenean marrazten duzunean, hizkiz marraztu daiteke eta aldi berean, marrazkia egin dezaket. Kode bat dago marrazkia eta norberaren ulermenaren artean. Kodeak ulertzen ez badira, ez dago komunikaziorik. Modu horretan, arkitektook kode bat daukagu. Guk idazten dugunean hizkuntza batean, jasotzen duenak kode hori izan behar du, hori gabe ez dago ulermenik. Plano tekniko bat irakurtzen duzunean, kode horren atzean egon behar zara.
Zer garrantzia dauka lehenengo irudi horrek prozesuan?
Askotan esaten da: mapa ez da lurraldea, planoa ez da eraikina. Plano batean, prozedura platoniko bat dago. Marrazten dudana ideia bat da, gero egikaritze prozesu baten bitartez eraikin batean bilakatuko da, baina planoa ez da eraikuntza. Arkitektook planoan daukagu gure lanen orduen kantitaterik ia handiena. Zentzu horretan, ehun ordu sartzen baditugu proiektu batean, 60 ordu planoak egiten emango ditugu eta 40 ordu egikaritze lanetan. Denbora pila bat galtzen da horretan baina aldi berean pentsatzeko balio dizu. Antzerkiarekin berdina pasatzen da. Azken finean, antzerkia ez da libretoa, baina idazten denbora gehiago emango duzu obra egiten baino. Azkenean, balio duena da egikaritza da.
Marrazkirik gabe, proiektua egin daiteke?
Bai, jakina baietz. Marrazkia pentsamendu bat da. Adibidez, liburu bat sortzeko, bada jendea soilik titulu batetik abiatzen dena, edo esperientzia batetik. Zentzu horretan berdina da. Batzuetan abiapuntua izan daiteke marrazkia, beste batzuetan ez. Proiektu batzuetan, pentsamendua egituratuta dago, oso eskematikoa da dena. Beste batzuetan, pentsamendua etor daiteke ia ia obra bukatzen denean; arazoak sortzen direnean, marrazten hasten zara buelta emateko zailtasun horri. Arkitektura estudio honetan, gauzak hitz egiteko ohitura dugu. Hitz egitearekin bakarrik, pentsatzen hasten zara. Hau da, ideiak marrazten dituzu, marraztu gabe.
Ez du zertan izan lehenengo pausoa, beraz…
Ezta azkena ere. Proiektu osoan zehar, diagrama batekin egon zaitezke. Planorik gabe kodeak ere badaude. Diagrama mentala daukagu horren adibide.
Teknologiak nola aldatu du marrazkiaren rola prozesu honetan?
Teknologia berriek beti ahalbidetu izan dute hasierako prozesu horren aldaketa, bai kodean, bai egikaritzan. Azken hogei urtetan, iraultza bat izan dugu. Bere garaian ere iraultza teknologikoak izan ziren; batez ere, perspektibaren eta geometriaren erabilpenarekin. Lehen, tipologia finkatuta zegoen, diagrama bat erabiltzen zuten. Egun, ez dira horrelakoak. Kotak dituzu, detaileak, zehaztuta dago dena. Lehen, joera diagramatiko bat zuten marrazkiek. Teknologiak, baliabideek eta espezializazioak, hori zehaztu dute. Une honetan, ikasleek arkitektura eskoletan, ez dute diagramarik marrazten. Proiektu literal bat egiten dute; hau da, marrazten dute modu informatiko batean benetako eskalan egindako eraikina. Maketa birtuala gauzatzen dute, benetako dimentsioa daukana. Zure begiek daukaten irekidura-anguluarekin nola ikusten den agertzen dute. Guk geneukan diagrama hori aldatu egin da, beraz.
Zer nolako influentzia izango du aldaketa horrek etorkizunean?
Gaur egun, badaude prozedura industrialak non zuk sartu dezakezun modelo informatiko bat makina batean eta hiru dimentsiotan inprimatzen den zerbait. Egun pieza txikietarako erabiltzen da, batez ere automoziorako. Ikerketak badaude eraikuntzen prefabrikaziora bideratzeko. Ziurrenik, buelta bat eman beharko zaio. Ingenieroek badaukate esaldi bat: “Zerbait funtzionatzen badu, ez aldatu”. Arkitektook hori pentsatzen dugu baina beti aldatzen da zerbait. Beti aldatzen da pertsona, beti aldatzen da garaia, egoerak, testuinguru ekonomikoa…Diagramaren ukapena, bai industriak, arkitektoek eta sortuko den arkitekturak ere horri aurre egin behar diegu.
Gaur egun, egiten dituzuen irudiak norentzat dira? Zuentzat ala bezeroentzat?
Ez da erraza erantzutea. Alde batetik daukagu, diagrama eta beste alde batetik, eredua, guztiz literala dena. Estudioek prozedura bat daukate. Ez da oso inteligentea, nire ustez, kode itxi bat erabiltzea prozedura osoan zehar. Bi izaera izan behar ditu irudiak eta euskarri ezberdinetan egin. Enpresa handietan, hau ematen hasita dago; hots, eredu bat diagrama moduan, beste eredu bat, “errazagoa” dena, bezeroentzat. Estudio txikietan, ez da ematen, azkenean zuk egin behar duzulako kontrola.
Zure kasuan, lehenengo irudi hori nolakoa da?
Nik literalki marrazten dut. Pentsatu marraztuz egiten dut, zaila egiten zait abstrakzio puntu hori irudikatzea. Hasierako pentsamendua idatzia zein marraztua da, bien artean ez dut desberdintzen. Proiektuan sartzen zarenean, diagramara zoaz. Eta obran, literaltasun batetara zoaz berriz. Askotan egiten dena da obran bertan marraztu.
Amaitzeko, marrazkia desagertuko da etorkizun hurbilean?
Marrazkia izan da eta beti izango da arkitektoon lanabes bat. Kontua da, beti egongo dela eskuzko marrazkia. Teknologia berriekin ez da inoiz desagertuko. Jendeak koadernoetan idazten jarraituko du. Etorkizunean, mugikorrean antzeko pantaila bat izango dugu eta horretan marraztuko dugula, bai, baina ez da inoiz desagertuko pentsatzeko prozedura bat delako; unibertsala, eta oso merkea.