Uxue Razkin Olazaran
Aurten 25 urte betetzen ditu EKAIA aldizkariak (guztira, 26 ale eta 320 artikulu argitaratu ditu). Ordutik ona, garapen eta aldaketa asko izan ditu. Arlo zientifikoari eman dion ekarpena handia dela medio, Jon Zarate, aldizkariko koordinatzailea, EKAIAk euskal komunitate zientifikoan duen tokiaz eta egiten duen lanaz mintzatu da. Gero eta gazte gehiagok aldizkaria irakurtzen duen arren, gehiago zabaltzea dutela jomuga esan du. Horretaz gain, zientzian aritzen diren hedabideen digitalizazioaren beharra azpimarratu du.
Zer da EKAIA?
Zientzia eta teknologiari buruzko gai aunitzi heltzen dion aldizkaria da. Arlo askotako gaiak jorratzen ditugu honetan, era dibulgatiboan. Matematika, teknologia, ingenearitzak, kimika, biologia edo osasun zientziak dira, besteak beste. Oso eremu zabala betetzen du aldizkariak.
Noiz sortu zen eta zein helbururekin?
1989an sortu zen. Ordurarte unibertsitatean euskarazko tresnen edo materialen (bai klaseetarako zein ikerkuntzarako) gabeziagatik sortu zen hasiera batean. Klaseak prestatzeko baliabide berriak edukitzeko eta euskara arlo zientifikoan idazten hasteko helburuarekin hasi zen.
Zientzian euskara hutsez aritzen diren hedabideen gabezia ikusten duzue?
Bai. Beharko genukeena baino oraindik ere lan gutxiago daude euskaraz. Gabezi hori, dena den, ez dut uste ikerlariok, edo irakasleok daukagun gaitasun faltagatik denik, ezta gogo faltagatik ere. Askotan izaten da euskaraz aritzeak duen errekonozimendu faltagatik eta halabeharrez beste hizkuntzak (ingelesa, gaztelera…) baloratzen dizkigutelako gure curriculumean. Horrek eramaten gaitu ikerketaren zati gehiena, probetxua atera nahi badiogu behintzat, artikuluak ere ingelesez idaztera. Hori da arrazoi nagusia.
EKAIAk mundu zientifikoari egiten dion ekarpenak zer garrantzia dauka zuentzat?
Garrantzi izugarria dauka. Alde batetik, hizkuntzaren ikuspuntutik, euskara arlo zientifikoan nola idatzi behar den arau batzuk adosten ditugulako, guztiok era berean egin dezagun. Horrek ematen dio normalkuntza puntu bat. Beste aldetik, sentimentalagoa den arrazoia izan daiteke hau baina euskarari berari ere ematen dio bultzada bat eta ikusten dugu nahiz eta printzipioz mundu zabalean inpaktu gutxiago edukiko duen hizkuntza bat izan, ikusten dugu gure hizkuntzaren normalkuntza horretan, aurrerapauso bat dela EKAIAren aportazioa. Batez ere, ezinbestekoa den materiala sortzen dugulako; etorkizuneko irakasgaietan erabiltzeko, gradu edo gure unibertsitateko karrera ezberdinetarako…Ikasleek euskaraz ikasteko aukera edukiko dute horrela.
Aldizkariaz gain (paperezkoa), atari digitala ere baduzue…
Bai, badauzkagu 2000.urtetik gaur egun arteko PDF guztiak digitalizatuta gure web orrialdean. Aplikazio bat badugu, JS sistema deitzen dena, eta gaur egun bertatik kudeatzen dugu heltzen diren artikuluen edizioa; hau da, prozesu kudeaketa editoriala bertatik egiteko aukera ematen digu. Printzipioz, modu erraz batean komunitate guztiei klik batekin PDF jaisteko aukera edukitzea dugu helburu. Dohanik eta modu erraz batean, gure artikuluetara heltzeko moduan dago jendea. Digitalizazioak zabaldu egiten ditu eremuak. Ildo horretatik, beti esaten diegu egileei ingelesezko laburpentxoa egitea. Norbaitek gure mugetatik kanpo irakurri nahiko balu, ulertu ahal izateko. Digitalizazioaren helburua hori da: erosotasunez iturrietara heltzea eta gaur egun, nik uste, etorkizuna delako nahiz eta oraindik ere papera inprimatzen jarraitzen dugun. Paperak xarma eta nortasun bat ematen dio aldizkariari. Jendeak oraindik paperezko bertsioa nahiago du, fisikoki hor dagoelako. Gustu asunto bat da. Bukaerako produktu horren emaitza esku artean izateak, agian ikusgarriagoa bilakatzen du eta egindako lanaren emaitza islatzen du.
Egileak aipatu dituzu…Nork idazten du EKAIAn?
Orokorrean, adituak dira denak. Ikerketa lerro ezberdinetako euskal komunitateko ikerketzaileek idazten dute bertan. Azken urte hauetan gazte asko animatu dira. Garai batetik honantza, aldaketa bat eman da. Normalean ez dugu jakiten idazleen adina baina kontuan eduki momentu honetan, %80tik gorakoak EHUko egileak direla. Dena den, atzerritik ere heltzen zaizkigu euskaldun ikertzaileren batek idatzitako lanak, Osakidetzako profesionalek ere inoiz osasun arloko lanak idatzi dituzte, Nafarroako Unibertsitateko egile batzuk ere badaude, Mondragon Unibertsitatekoak…Hala ere, oinarria EHUn dago, eta gazteak gero eta gehiago animatzen dira artikuluak idaztera, euskarazko dibulgazioak badaukalako tartetxo bat curriculumerako. Ahaleginak egiten ari gara honetan, kontzientziazio lan bat, beharrezkoa nahiz eta errekonozituak ez izan. Oso aberasgarria da guretzat, zientziari buruz idazten duzuna EKAIA aldizkarian euskaraz islatzea.
Zein da publikoa?
Helburu nagusia izango litzateke gradu ikasketa ezberdinetan dauden ikasleak aldizkariaren publikoa izatea. Tamalez, uste dut oraindik ez dugula lortu EKAIA ikasgeletan sartzea. Irakasle batzuek ere ez dute ezagutzen aldizkaria… Duela lau-bost urte hausnarketa egin zen, jende berria sartu zen aldizkarian eta hausnarketa horretan ikusten zen kanpaina bat egiteko beharra, aldizkaria entzutetsuagoa egiteko, ikasgeletara heltzeko, unibertsitateko hormak propagandaz betetzeko…Sare bat sortzeko ere, aldizkarian jende gehiago tartean sartzeko eta babesa lortzeko. Oraindik helburu hori ez dugu bete, publiko gehiagorengana heldu nahiko genuke. Baina gutxinaka nabaritu dugu jende gehiagok galdetzen digula aldizkariaren inguruan.
Orokorrean, zientziari buruz gutxi irakurtzen dela pentsatzen duzu?
Uste dut gehiago irakurri beharko litzatekeela. Euskal Herrian badauzkagu izugarrizko aldizkari onak, entzute handikoak direnak, horiek bai asko irakurtzen direla. Baina hori ez da EKAIAren helburua, Elhuyar bezalakoa izatea, adibidez. Beharbada beste formato batzuek arrakasta gehiago daukate, Euskal Telebistako Teknopolis saioa, esaterako. Badago apustu nahiko garrantzitsu bat euskal erakundeen aldetik, zientzia modu batean dibulgatzeko. EKAIA, lehen esan bezala, nahiko ezkutuan egon da, eta nik uste dut ikasleek ez dutela hori ikusten. Gerta daiteke, baita ere, EKAIAko gaiak nahiko mardulak izatea, askotan ez hain irakurterrazak…Bestelako lanak askoz errazago irakurtzen dira, ez dira hain zorrotzak metodologikoki. EKAIAko lan batzuk badaukate mami gehiago, sakonago sartzen dira gaian. Hala ere, oro har, gehiago irakurri beharko litzateke, eta gehiago arduratu baina agian, formato asunto bat izan daiteke. Ikasleak bere klaseko gauzekin arduratuta daude, itota ibiltzen dira bidaltzen dizkiegun lanekin eta hori ere izan daiteke beste arrazoi bat.
Eta honen aurrean, zer?
Apustu bat dago Unibertsitatearen partetik, Gobernuaren partetik pentsatzen dut, telebistaren partetik, badaude erakundeak…denon artean ondo goaz. Udaran badaude ikastaroak UEUk antolatutak adibidez, zientziaren arloko topaketak Donostian…Hor badago sare bat, UEU honetan lan handia egiten ari da. Sare bat sortzen ari da euskaraz ikertzen duen jendearekin. Hemendik hamarkada batera, egoera hobetuko da baina oraindik denbora behar dugu.
EKAIA teknikoa dela esan duzu, baina dibulgazioak ere badu tartea…
Bai. Gainera, tradizioz badaude ikertzaile pila bat gai hauetaz urtero artikulu berria egiten dizkigutenak. Kepa Altonaga dugu adibide. Beti uztartzen dute euskal kultura, historia, edo zientifiko euskaldun baten istorioren bat. Dibulgaziora bideratuz, horrelako lanak ahalegintzen gara zenbaki bakoitzean ateratzen, uztartuz alde batetik ikuspegi zientifikoa eta euskal kulturarekin zerikusia izan dezaketen ikuspuntuak, bestetik.
Lanetik lanera desberdintasunak egoten dira. Lan batzuk badaude zer edo zer dibulgaziokoa eta beste batzuk ikerketa proiekturen batean egon den ikaslearen testua, espezifikoagoa izan daitekeena. Dena den, guztiei eskatzen diegu sarrera sakon bat egitea, gaia testuinguruan kokatu ahal izateko eta irakurtzen ari den orok zientzia arloan ezagutza eta prestakuntza minimo batzuk edukita, ulertzeko modukoak izateko.