Euskal Unibertsitatea, Jokin Zaitegi eta Koldo Mitxelena (eta 2)

Aurreko mezuan Jokin Zaitegiren (1906-1979) aipu bat ekartzen genuen harira, Jon Diez Egurbidek dedikatu dion liburutik hartua (Jokin Zaitegiren ekarpenak euskal curriculumean: eginak eta asmoak, Utriusque Vasconiae, 2013). Eta ondorioztatu genuen 1950eko hamarkadaren bukaera aldera (hots, ikastolen mugimendua oraingoz abiatu gabe zegoela) estrategia bat diseinatu zuela euskararen salbamendurako zeinaren arabera Euskal Unibertsitatea (euskarazko unibertsitatea) sortzea zen eman beharreko lehenengo urratsa, ondoren deskateatuko zen prozesu salbatzailearen giltza. Eta inoren harridurari aurrea hartuz, azalpen bat agintzen genuen hurrengo posterako. Honetarako.

Eta bai, jarrai dezagun azpimarratuz ondo irakurri dugula: Zaitegiren ustez lehentasuna, ikastolak baino areago, Euskal Unibertsitatea da, euskarazko unibertsitatea. Hor formatuko dira herri xehea, eskolaren bidez, euskaldunduko duten eliteak. Goitik beherako euskalduntzea, eta ez behetik gorakoa. Horra Zaitegiren egitaraua. Azken bi aipu gaineratuko ditugu Diazek jasotzen duen moduan, literalki:

“Illunpetan jarduteko garaia yoana dela derizkiot. Euskera gizarte-maila guzietara berria bear dugu [sic] goi-mailakoen artean errotuarazi batez ere.”(184. or.)

“Erriko goi malletatik galtzen yoan dala euskera, ta goi ontatik zabaldu bear duela berriz” (193 or.)

Koldo Mitxelena
Koldo Mitxelena

Ez dago asko pentsatu beharrik konturatzeko egitarau hau, hain zuzen ere, Koldo Mitxelenak bere bizi guztian defenditu (eta, ahal zuen neurrian, gauzatu) zuenaren kontrakoa dela. Guztiz eta erabat kontrakoa. Ez da arraroa, beraz, Pako Sudupek bere tesian ohartarazi duen bezala, Mitxelenak Zaitegiren asmoak beti oso zeharka begiratzea eta, ahal izan zuen neurrian, moztea. Hori ez baitzen bidea, Errenteriako maisuaren begietan. Bidea poliki-poliki joatea zen, lehenengo euskal eskolak (ikastolak) sortuz, gero lizeoak, gero unibertsitatean ere euskara sartuz (poliki-poliki beti). Gradualki. Hitz batean, behetik gorako bidea. Euskal Unibertsitatea sortzea, euskarazko unibertsitate gisa ulerturik, prozesu luze baten koroa izango zen, ez hastapena. Argi esanda: Zaitegiren asmoak eta Mitxelenarenak antagonikoak ziren.

Ez zen hori antagonismo bakarra. Aski da berriz ere Zaitegiren curriculumari begirada bat ematea konturatzeko zein zen, bere ustetan, euskal elite berri horrek behar zuen oinarri intelektuala: autore greko klasikoak, Sofokles eta Platon ororen buru, gehi Antzinateko kristau testuak. Zaitegiren curriculuma garai berean bere ildokoak izan daitezkeen beste idazle batzuenekin konbinatzen badugu (Orixe, Andima Ibiñagabeitia, Bingen Ametzaga, Patxi Etxeberria, Gaizka Barandiaran, Bedita Larrakoetxea, Santi Onaindia edo Raimundo Olabide bera, eta abar), panorama oso trinko eta koherentea da: autore greko klasikoei Homero gehitzen zaie, autore latino nagusiak (Virgilio, Zizereon…) eta klasiko unibertsal modernoak (Shakespeare, ororen buru), beti ere ahaztu gabe Biblia (Olabiderena!) eta autore kristau nagusiak (Agustin Hiponakoa, adibidez). Alegia, heziketa humanistiko huts-hutsa, parametro klasiko eta kristauetan zentratua. Beste hitz batean esanda, erabat jesuitikoa.

Jesuiten eskola, Iztuetak hain ederki mahaigainean jarri diguna, horra Zaitegieren ikasketa-planaren giltza (bost urteko karrera baten egitarau zehatza diseinatzera ere iritsi zen! ik. 201-211. or). Baina horretan sakondu beharrean, gera gaitezen orain beste honekin: Mitxelena bezalako filologo batentzat ere formazio-molde hori eta, ziur aski, ikasketa-plan hori (baldin eta inoiz ikusi bazuen!) zorakeria hutsa zen, erabat desfasatua zegoen. Paradoxikoa da, filologo bat, mota horretako Filologia maite ez zuena. Izan ere, Mitxelena ez zen jesuiten zale, hori faktu hutsa da, noizbait sakonago esplikatu beharko dena.

Baina Mitxelenaren aurkakotzak ere badu arrazoi gehiago. Beste bat, aipatu besterik ez dugu egingo, ebidentea delako, eskola horren euskara hipergarbizalea da. Gogora dezagun, adibidez, Olabideren Bibliaren argitalpenari egin zion iruzkin sonatua.

Eta bada gehiago. Politikaz ere mintzatu beharko ginateke, EAJ barruko historiaz, joerez, barne gatazkez. Ez dezagun inoiz ahaztu Zaitegi eta Mitxelena, biak zirela jelkide porrokatuak, alderdia barru-barrutik bizitzen zutenak (bon, ziur aski Zaitegik beste modu batez, inoiz ez baitzuen alderdikide-karneta izango, baina EAJrekiko gertutasunaz ez dago zalantza izpirik). Kapitulu luzea eta zaila litzateke hau, eta ez da jorratzeko unea. Gauza bat baino ez dugu aipatuko: Mitxelena gerra egindakoa zen, frontean ibilitakoa sozialista eta komunistekin batera, besoz-beso; gartzelan egondakoa ere bazen (bi aldiz) eta heriotza-zigorra izandakoa; eta barruan bizi izan zen beti, bere aurrekari politikoei aurpegi emanez ahal izan zuen bezala (oso latza izan zen urte luzez). Ondorioz, Mitxelena oso errealista zen euskal politikagintzari dagokionez eta Zaitegiren asmoak, Guatemalatik itzuli ondoren 1956ko Mundu Biltzarrean plazaratuak, ziur aski, apaiz ameslari baten ipuinak iruditzen zitzaizkion. Izan ere, Zaitegi gerra hasi baino lehenagotik zegoen kanpoan, ez zeukan aparteko arazorik muga pasatzeko eta, dakigunagatik, esperantza aingerutiar xamar batzuk izan zituen frankismoaren izaeraz eta bilakaeraz. Bego kapitulua hor, azalpen luzeago batzuen beharrean. Argi dagoena da Mitxelenaren errealismo lehorra (lehorregia batzuetan, apika) ez zela erraz ezkontzen Zaitegiren esperantza puztuekin. Diazen arabera, Agirre lehendakaria izan zen Zaitegiren berme nagusia 1950etan, baina hura hiltzean (1960) Zaitegi bakarrik geratu zen, lagunik gabe.

Agirre lehendakaria.
Agirre lehendakaria.

Agirre lehendakaria. Lerro batzuk gehiago merezi zuen liburu honetan. Berdin euskal erbesteko beste izar batzuk ere (Barandiaran, Ametzaga, Monzon…). Nekez ulertzen da Zaitegi erbestea ulertu gabe. Nekez ulertzen da Mitxelena barruan bizi zela ulertu gabe.

Guatemalaz ere hitz egin beharko genuke eta alor horretan, ordea, Diazek informazio berria eta oso baliosa ematen digu, Zaitegi ulertzeko oso garrantzitsua. Adibidez, beti aipatzen da hantxe sortu zuen eskola (Liceo Landibar), baina ez da ia aipatu ere egiten bederatzi urtez (1946-1955) Guatemalako Unibertsitateko greko katedraduna izan zela; ez da aipatu ere egiten unibertsitate horren sorrera guztiz lotua eta estekatua dagoela Guatemalako historia politikoarekin eta erabat erabakigarria dela nazio ertamerikar honen hamarkada demokratikoan (1944-1954). Izan ere unibertsitatean sortu zen “Urriko Iraultza” izenarekin ezagutzen den mugimendua, ordura arteko diktadura militarra eraitsi eta hamarkada batez (hurrengo estatu-kolpera arte) demokrazia ezarri zuena. Eta hain zuzen ere gobernu “iraultzaile” berriaren lehenengoetako erabaki bat Humanitate Fakultate bat sortzea izan zen, gure Zaitegi “Catedrático Fundador” bezala agertuko delarik hantxe, bederatzi urtez, intelektual erbesteratu espainol eta katalan ilustre batzuen alboan (adibidez, Pedro Bosch Gimpera).

Universidad_San_Carlos_de_Guatemala_actual_Museo_Universitario
Guatemalako San Carlos Unibertsitatea. Egun, museoa bihurtuta.

Beste hitz batzuekin esanda, garbi dago Mitxelenak frankismoaren ezagutza oso zehatza zuela eta Zaitegiren planak, ziur aski, ameskeriak iruditu zitzaizkiola. Baina ez da ahaztu behar zein zen Arrasateko apaizaren esperientzia bitala: Guatemalan ikusia zuen diktadura militar bat eraitsia neurri handi batean Unibertsitatean sortutako mugimendu baten eskutik, eta gobernu demokratiko berri bat kulturaren garapena lehen-lehen lerroan jartzen zuena, eskola eta fakultate berriak sortuz eta atzerritar intelektual progresistei deituz bere katedrak hornitzeko. Hori dena berak bere begiekin ikusi zuen. Agian horregatik etorri zen Euskal Herrira 1955an, ilusioz eta indarrez beterik (Agirre lehendakariak deituta? Hala dio Diazek, baina ez du frogarik eskaintzen) eta diru franko poltsikoan, Euzko Gogoari segida emateko asmoz. Hori bakarrik? Ez. Honela mintzatu zen 1956ko Parisko Mundu Biltzarrean:

“Ameriketan bizi izan geranok, auxe ikusi dugu: nik beñepein argi ta garbi ikusi det: Ikastetxe Nagusia izan da an, erriaren iturburu gai guztietan. Amerika erdiko errietara errien azkatasuna, nork ekarri zun? Ikastetxe Nagusiak. An ez zan gudurik, etzan odolik ixuri; erri orien gorabidean, nor dira zuzendari ta buru? Ikastetxe Nagusi´ko irakasleak eta ikasleak. Ekonomi-gaietan, lege-gaietan, alde guzietan nortzuek dira eragille? Gizon ikasiek. Beraz, ori ikusi-ta, nik auxe uste dut, bear bada okerrean egon nindeke. Nere ustean, naiz eta aitortu euskera il zorian dagoela alde batetik, ta bestekaldetik euskera iñoiz baño mardulago daukagula aitortutearren, auxe esaten dizuet. Euskal-Ikastetxe Nagusia, gizon ikasiak euskeraren alde ez izan bitartean, euskera beti izango dugu ilzorian.” (194. or.).

Garbi dago Guatemalako esperientziatik mintzo dela. Oker zegoela? Guatemalako esperientzia ezin zela besterik gabe Euskal Herrira proiektatu? Areago, Guatemalako esperientzia bera ez dela, geroztik ikusi den bezala, berak marrazten duen amets urdina? Mitxelenak arrazoi zuela? Areago, biltzar berean izan zen Txillardegi ere askoz ere errealistagoa zela? Jakina baietz. Euskal kulturaren bidea ez zen izan Zaitegieren bidea. Praktikan, Euzko Gogoa legeztatzea ere ez zuen lortu eta Agirre lehendakaria hil ondoren (1960) bakarrik geratu zen. Hor hasten da bere bizitzaren kapitulu berri bat, bere etsipenaldia. Horretaz ez dakigu ia ezer.

Gehiegi luzatu naiz eta bada ordua balantze orokor bat egiteko. Jon Diazek berriz ere zirkulazioan jarri du Zaitegi eta informazio berria eta baliosoa ekarri digu, bereziki Guatemalako esperientziari dagokionez. Horrekin batera, gako berri batzuk euskal kulturaren historia ulertzeko. Bereziki, Euskal Unibertsitatearen asmoa ulertzeko. Gauzak ez baitira beti pentsatu izan dugun bezain xinpleak, aitzingibel gehiago izan dituzte. Zaitegi oker zegoen eta porrot egin zuen, baina ez zen jesuita karkasto bat. Ezta ameslari zoro eta desinformatu bat ere. Iraultza politiko bat eta Unibertsitate baten fundazioa (bon, Humanitate Fakultate batena, zehatz-mehatz) oso gertutik bizi izandakoa zen. Ohitura handia zuen goi mailako gobernariekin eta intelektualekin buruz buru tratatzeko (horretaz ere froga ugari dago, orain arte aipatu ez ditugun arren). Proiektu bat egin zuen, ezerezean geratu zena. Zer da hortik oraindik ikasteko duguna?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude