Euskal literatura, plazara

Uxue Razkin Olazaran

Literaturia’ jaialdia Zarautzen ospatuko dute aurten maiatzaren 28tik ekainaren 1era arte. Egitarau zabala aurkezten du jaialdiak, adin guztietarako publikora bideratuta

Literaturak aurkitu du bere txokoa mundu honetan. Euskarri ezberdinetatik izan du jendeak literaturaren berri noiz edo noiz. Inguma datu-baseak, esaterako, literaturari eskaintzen dion tartea esanguratsua da. Literatura mintzagai duten dokumentu gehienak artikuluak dira. Horien artean, datu- basean sartu zen lehena 1992koa da. Ordutik hona, 1040 izan dira artikuluak. Aipatzekoa da ere, doktorego-tesiek eskaini dioten tartea. Guztira, 23 dira literaturaren mundura salto egin dutenak (2013koak azken biak). Liburuek, ikastaroek, ikerkuntza proiektuek…bide eman diote hitzak darabiltzan arteari. Kasu honetan, Euskal Herriak ere eman dio literaturari barreiatzeko aukera. Horren adibide dugu ‘Literaturia’ jaialdia. Ana Galarraga, jaialdiko arduradunetako bat euskal literaturari eskaintzen dioten “festaz” mintzo da.

Ana Galarraga
Ana Galarraga

Literaturia’ jaialdiak lekua eman dio, beste behin, euskal literaturari. Aurten, bada, aldaketa batekin egingo du topo publikoak. Azkeneko urteetan Larrabetzun ospatu bada ere, aurten lehenengo aldiz Zarautzen egingo da. Ana Galarraga, jaialdiko arduradunak azaltzen duenez, aldaketaren arrazoia estrategikoa izan da gehienbat: “Larrabetzun gogoeta egin dute eta iruditu zaie ‘Literaturiak’ baduela zer esana, baina lekuak berak mugatu egiten zuela”. Hortaz, muga horiek zabaltzeko, Zarautzera ekartzea pentsatu dute: “Kokapenarengatik, irisgarritasunagatik eta azpiegitura aldetik aproposagoa da”.

Horretaz gain, Zarautzen literatura-tradizio handia dagoela dio: “Zaletasun handia dago hemen, horren isla da bertan dauden argitaletxeak, baita ere irakurle taldeak eta ez dakit zenbat idazle, eta kazetari pila”. Galarragaren esanetan: “Zarautz erakargarria izan daiteke, lotzen delako festa giroarekin eta aisialdiarekin”.

literaturia
Literaturia 2014

Egitarau oso zabal bat aurkituko du publikoak edizio honetan. “Gainera, egun gehiagotara zabaldu da festa aurten. Larrabetzun ostiraletik igandera egiten zen eta gu asteazkenean hasiko gara”, azaltzen du. Ekitaldien artean, ‘Harri eta Herri’ren 50.urteurrenaren ospakizuna azpimarratzen du Galarragak. “’Itxaropen’ argitaletxeak argitaratu zuen hain justu, Zarauzko argitaletxe mitiko bat da”. ‘Harri eta Herri’rekin lotuta, pare bat ekitaldi egongo dira: ostegunean Karmelo Landak emango du hitzaldia “’Harri eta Herri’ 50 urte” izenekoa eta bertsoak ere izango dira entzungai, Saroi Jauregik poema errezitaldia egingo baitu.

2014an argitaratutako liburuen aurkezpenak eta tertuliak ere izango dira bertan: “Aurten argitaratutako liburuak dira eta hori bada esanguratsua. Hori posiblea izateak esan nahi du badagoela produkzio nahikoa eta maila, jaialdia egiteko. Gauza handia da”.

Ekitaldiak ugariak, baina oinarri bera guztietan: “Euskarazko literatura da muina eta horri leku duin bat ematea dugu helburu”. Baina, Galarragak gehitzen du literatura modu “oso zabalean” ulertu behar dela. Izan ere, jaialdi honetan, antzerkia literatura genero bezala hartzen dela azaltzen du. Hala, antzezlanak ere izango dira bertan eta musika ere presente egongo da nolabait: “Literatura eta musika oso lotuta daude, adibide asko ditugu Euskal Herrian eta horietako abeslari batzuk ere izango ditugu gure artean”.

Publiko zabala: profesionalak eta zaleak

 

Jaialdiak bi publiko nagusi izango dituela dio Galarragak. Alde batetik profesionalak direnak eta bestetik, zaleak. Profesionalei dagokienez, argitaletxeen presentzia azpimarratzen du: “Liburuak salgai jartzen dituzte askotan eta beraien artean hitz egin eta informazioa trukatzen dute”. Modu berean, sortzaileak aipatzen ditu. Hauek ere paper garrantzitsu bat jokatzen dute. Zaleen artean, herria eta gerturatzen diren gonbidatu guztiak aurkituko lirateke. “Normalean literatura zaleak dira, baina ez bereziki zaleak, liburuei oso lotuta daudenak, edota beste literaturaren beste espresio bideak gustuko dituztenak izan daitezke: musika, antzerkia…”. Bi target horien arteko lotura estua dela dio arduradunak. Azken finean, jaialdiak ematen duelako aukera harreman zuzena izateko idazleekin. “Adibidez zuk liburu hori hainbeste gorrotatu edo gustuko baduzu, idazlearekin berarekin hitz egin dezakezu” azaltzen du.

Halaber, sortzaileek aukera izango dute liburuen aurkezpenak egiteko eta solasaldietan parte hartzeko: “Haiei ere emango diegu plaza. Idazle pila daude Zarautzen eta mikrofono ireki bat jarriko diegu liburuen edo lanen pasarteak irakurtzeko, kale erdian, oso leku seinalatuan eta jendetsuan”. Tartean, aipatzen du, umeentzako txokoa ere egongo dela: “Horrela, aukera ematen diegu literatura gertutik bizitzeko”.

Literaturaren festa “handia” izango da Zarautzen. Eskaintza zabalak eta adin guztietara bideratutako ekitaldiek osatzen dute programa, betiere euskal literatura merezi duen lekua eskainiz. Galarragak bukatzen du esanez: “Hainbeste gauza daude literaturaren inguruan jaialdi honetan (bertsoak, antzerkia, inprobisazioa…), non nukleotik oso gertu sentitzen ez denak ere, orbitan harrapatuta gelditzeko arrisku handia baitauka”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude