Frantziako Iraultza, sozialistak eta euskara

Pruden Gartzia

Historiako karrera ikasi nuen unibertsitatean eta Historiako liburuak irakurtzea beti da atsegina niretzako. Aldiz, nobela historiko gehienek aspertu egiten naute, non ez diren Aingeru Epaltzarenak, adibidez, edo mota horietako idazleren batenak, alegia, entretenitzeaz gain bestelako helburu batzuk ere badituztenak, Historiatik haraindi doazenak. Dirudienez, ez omen da gauza arraroa Historia ikasi dugunon artean, urduri jartzen baikara nobela gehienen anakronismo eta manipulazio literarioekin; geuk egia nahi izaten baitugu, horretarako entrenatu gintuzten fakultatean. Neu behintzat bai.

Eta zein da gertakari historiko baten egia? Historiako lizentziadun batentzat egia esatea da benetan gertatu zena kontatzea. Ez gara aingeruak, ezta guztiz idiotak ere, eta ondo dakigu artxiboak arakatu ahala bistaratzen zaizkigun milaka gertakarietatik egiten dugun galbahe eta antolaketa lanak bere barruan daramala, intrintsekoki, gertakari horien gaineko baliospen bat, eta horrek guztiz baldintzatzen duela azalpen osoa. Horregatik gure artean ospe berezia izan ohi du zintzotasun intelektualak, alegia, ematen den azalpenaren iturri guzti-guztiak zehatz-mehatz anotatzea, hartara esaten ari garena nolabait egia dela bermatze aldera. Edo, gutxienez, ez dela gezurra, hitz horren adiera arruntenean. Oker egon baikaitezke, baina ez gara gezurtiak.

Baina zein da Frantziako Iraultzaren egia? Gertakaria hain da handia! Eta horren ondorioak, hain astunak eta luzeak! Beldur gabe esan daiteke agian azken bi hamarkadatan hasi garela apur bat Iraultzaren beso luzearen atzaparretatik ihes egiten eta gure gizartea parametro berri batzuen arabera antolatzen, hau da, duela berrehun urte Parisen agitu ziren gertakari sonatu haien ondorio pisuekin lotuta joan gabe. Hori ona ala txarra ote den, ez dakit, baina gero eta nabarmenagoa dela bistan da. revolucion-francesa

Jar dezagun adibide zehatz bat, politikan ezkerra eta eskuina bereiztea. Denok dakigunez hitz bi horiek ez dute inolako zentzurik 1789 aurretiko gizarteetara aplikatuta, hain juxtu ere Parisko Estatu Orokorretan (eta haien ondoko biltzarretan) hasi zirelako erabiltzen, hantxe esertzen ziren diputatuen joera politikoak bereizteko. Ordutik aurrera banaketa horrek arrakasta itzela izan zuen eta gure politikagintzaren oinarri-oinarrizko ardatza bihurtu zen berrehun urtetan zehar, harik eta, hala ematen du, Berlingo murruaren gainbeherak (1989) bi hitzok zentzurik gabe utzi zituen arte. Ordutik aurrera esango nuke gurea bezalako gizarteetan ezkerra eta eskuina bereiztea esanahi gabea bihurtzen ari dela. Jende guztiarentzat? Guztiarentzat ez dakit, batzuentzat argi dago baietz, adibidez, PSOEko agintarientzat, zaila baita ulertzea, adibidez, Nafarroako politikagintzari buruz berriki hartu dituzten erabakiak ezkerra eta eskuinaren arteko bereizketari inolako jaramonik egingo baliote.

Beste adibide nabarmen bat terrorismoa da. Denok dakigunez kontzeptua bera Frantziako Iraultzan jaio zen baina, eta baina hau garrantzitsua da, gaur egun estatu poliziala deituko genukeena izendatzeko. Zeren orduko terroristak Iraultzaren burukide eta gidari ezkertiarrak ziren, Robespierre eta halakoak. Terrorea, estriktoki hitz eginda, jakobinoen diktadura aldia izan zen (grosso modo, 1793 eta1794ko lehen erdia) eta estatu-aparatuen (polizia eta epaitegiak) errepresio sistematikoak ezaugarritzen du. Ez, gaur egun bezala, talde klandestino armatuen jarduna. Esanahi-aldaketa hori 1989 baino askoz ere lehenago hasi zen, dudarik gabe (XIX. mende-bukaerarako aski finkatua zegoelakoan nago), baina gaur egun errotikakoa da: zoaz inori esatera terroristak poliziak eta epaileak direla, oposizio politikoaren kontra lege berezi batzuk aplikatzen dituztenean. Zorotzat hartuko zaituzte, onenean. Bada, hori da jatorrizko esanahia, nola edo hala ia bi mendez iraun zuena. Gaur egun ez. Le_Serment_du_Jeu_de_paume

Baina bada hirugarren ezaugarri bat, orduan jaioa izan arren gaur egun ere nahikoa sendo irauten duena (Frantzian bereziki) eta hori hizkuntza nazionalaren kontzeptua da. Apur bat hobeto esplikatuko naiz. Ezker-eskuin banaketa politikoa oso zehatz datatu daiteke historian zehar, baina funtsean etiketa bat besterik ez da: gizarte orotan historia osoan zehar borrokak eta gatazkak izaten dira gizarte-talde desberdinen artean, lehen, orain eta gero, baina aldi zehatz batean ezker-eskuin binomioaren arabera esplikatu dira. Era berean, beti izan dira arrazoi politikoek eragindako hilketak eta magnizidioak (gogora, adibidez, Julio Zesarren hilketa), baita ere mota askotako gehiegikeriak populazio babesgabearen aurka formalki gerra-egoera aldarrikatu gabe, baina terrorismoa aldi zehatz batean erabili da eta esanahi zehatz batekin (gero aldatzen dena). Aldiz, hizkuntza nazionalaren kontzeptua ez da zehatz-mehatz Frantziako Iraultzarekin jaiotzen, baina bai orduan modu bereziki gotorrean finkatzen, bere itzala gaur egun arte luzatuz. Eta itzal hori oraindik ez da askorik aldatu.

Honez gero ordua da aipatzeko zein liburuk eragin didan arestiko hausnarketak: La Révolution Française, par Georges Lefebvre, Raymond Guyot et Phillipe Sagnac, Paris, 1930. Klasiko bat, Frantziako Iraultzari buruz idatzi den libururik garrantzitsuenetako bat. Kasu honetan ez nuen erosi, Azkue Bibliotekatik hartu bainuen, eta hortik bere data goiztarra (1930). Georges Lefebvre (1874-1959) gai horretan egon den espezialistarik handienetakoa da eta liburu hori bere lanen lehen sintesi bat, ondoren beste bizpahiru aldiz argitaratu zuena, harik eta 1951n behin betiko edizioa osatu zuen arte. Neuk irakurri dudana, beraz, ez da bere pentsamenduaren azken emaitza, baina eskura aurkitu dudana da eta iritzi orokorrak emateko aski delakoan nago.

Ezaguna denez, betidanik borroka intelektual handiak egon dira Frantziako Iraultza esplikatzeko orduan. Milaka eta milaka liburu idatzi dira eta, gaur egun ere, gaiak zabalik segitzen du. Zein da, beraz, egia, goian esan dugunari segituz? Egia bat baino gehiago dugu, jakina, eta teoriak… hainbat. Baina ez da nire asmoa gai horri ekitea orain. Beste puntu baten gainean hausnartu nahi nuke, ordea: zein da Lefebvreren ikuspuntua Frantziako hizkuntzei buruz? Zein da Frantziako Iraultzaren eragina Frantziako hizkuntza-egoeran?

Georges_LefebvreGeorges Lefebvre, esan dezagun beste ezer baino lehen, sozialista-marxista gisa dator ezaugarrituta frantsesezko Wikipedian. Alegia, ezkerreko intelektuala, marxista, baina partidu komunistaren karneta izan ez zuena. Baina hortaz gain bere jarrera antifaxista azpimarratzen da bereziki: haren anaia bat, Théodore Lefebvre (1889-1943), Erresistentziako kide izan zen eta naziek hil zuten 1943an; haren lagun eta kide nabarmena zen Marc Bloch (1886-1944) historialari ezaguna, beste horrenbeste, Erresistentziako kide aktiboa, naziek hila. Bide batez esanda, Théodore Lefebvrek garrantzi berezi bat du euskaldunentzat, liburu bereziki garrantzitsu baten egilea baita: Les Modes de vie dans les Pyrénées atlantiques orientales, Paris, Armand Colin, 1933; bere garaian Julio Caro Barojak biziki goratu zuen liburua. Beraz, Georges Lefebvre intelektual marxista eta antifaxista nabarmen bat izan zen, ezkerreko gizon bat, hitzaren zentzurik ederrenean. Sozialdemokrata idatzita uste dut ez nintzatekeela asko okertuko. Eta zer pentsatzen zuen euskarari buruz?

Erantzuna, liburu honetan, atal labur batean jasota dago: “VII. Le français, langue nationale” (488-491 or.). Lau orri besterik ez. Egia esanda, esaten duena esateko, ez da askoz ere gehiago behar, ez baitago ñabarduratarako tarterik. Aipu luze bat egingo dugu:

“Les Fraçais parlaient, pour la plupart, des patois, gascon, languedocien, picard, etc., ou même des idiomes étrangers, basque, catalan, italien, allemand, flamand, sans compter la vieille langue bretonne. Il est vrai que beaucoup d´entre eux, notamment en Picardie, en Guyenne et en Gascogne, entendaient assez bien le français. Mais comment élever tous ces Français à la dignité de citoyens, d´électeurs? Comment leur faire connaître les lois et les décrets? Comment les persuader par des adresses, ces longues adresses que leur envoyaient les Assemblées? Faudrait-il toujours, comme on le fit d´abord, se contenter de traductions? Et ces traductions n´inviteraient-elles pas à la paresse et en consolideraient-elles point patois et idiomes? Enfin et sourtout l´unité de la nation, si chère à la Révolution, ne serait-elle pas, sans l´uniformité de langue, impossible à réaliser?” (488-489 or.) [azpimarrak gureak dira]

Bi hitzetan, ondo ulertu ez dutenentzat: Georges Lefebvrerentzat euskara hizkuntza “atzerritarra” da (“idiome étranger”) eta nazioaren batasuna ezinezkoa da “hizkuntza-uniformetasuna” (“uniformité de langue”) ezarri gabe. Hori da bere iritzia, beltza, motza eta zorrotza.

Hortik aurrera, zenbait iraultzaile ilustreren iritzien bildumatxoa biltzen du: Talleyrand, Mirabeau, Grégoire, Barère… Merezi du hemen laburki iruzkintzea:

Tayllerand: “la langue nationale restée (en France) comme inaccesible à un si grand nombre de ses habitants […] Les écoles primaires vont mettre fin à cette étrange inégalité: la langue de la constitution et des lois sera ensignée à tous, et cette foule de dialectes corrompus, dernier reste de la féodalité, sera contrainte de disparaître: la force des choses le commande” (489 489 or.)

Bai, ondo irakurri duzue, “konstituzioaren hizkuntza” izango da, aurrerantzean, Frantziako hizkuntza bakarra; beste guztiek desagertu behar dute, iragan feudal negargarriaren gainetiko hondakin guztiak bezala. Horrela agintzen du zentzu komun hutsak (“la force des choses”), beste justifikazio beharrik gabe. Hitz batean, frantses batek frantsesa ez den hizkuntza batean hitz egitea irrazionala da. Eta horri deitzen dio “hizkuntza nazionala”.

Gogoratu beharko genuke Frantziako Iraultza gertatu arte hizkuntza nazionalaren definizioa justuki kontrakoa zela, alegia, garbi bereizten zen zein hizkuntzetan zeuden idatzita legeak, edota zein zein erregearen eta gortearen hizkuntza (biak bat etor zitezkeen, edo ez) eta zein zein herritarren hizkuntza arrunta. Gorteko hizkuntza eta hizkuntza arrunta. Edo legeen hizkuntza eta hizkuntza arrunta. Edo unibertsitatearen hizkuntza (jakintzaren hizkuntza) eta hizkuntza arrunta. Azken horri deitu ohi zitzaion hizkuntza nazionala, alegia, tokiko hizkuntza, herritar xeheena. Adibidez, Hego Euskal Herrian legeen hizkuntza gaztelania zen, Gortearen hizkuntza neurri handi batean frantsesa (XVIII. mendean) eta unibertsitatearen hizkuntza latina; zein zen hizkuntza “nazionala”? Bada, euskara, herritar xeheen hizkuntza arrunta. Iparraldean berdin, herritar xeheen hizkuntza euskara zen, legeen hizkuntza gaskoia, Gortearena frantsesa eta unibertsitatearena (neurri batean) latina. Errealitate konplexu eta aldakor bat sinplifikatzen ari gara jakina, baina orain azpimarratu nahi duguna da egoera multilinguistiko hori ez zela Euskal Herriaren berezitasuna. Ez, Frantziako erresuman, adibidez, hala zen leku gehienetan. Eta Europako gainetiko erresuma guztiz gehienetan, berdina edo oso antzekoa.

Declaration_of_the_Rights_of_Man_and_of_the_Citizen_in_1789Bada, hori da Frantziako Iraultzak aldatuko duena: aurrerantzean lege bakarra egongo da guztientzat (konstituzioa) eta, era berean, hizkuntza bakarra guztientzat: hizkuntza nazionala. Gainetiko hizkuntzek eta legeek (gure foruek, adibidez) desagertu behar dute. La force des choses. Kitto.

Tayllerand iraultzaileen artean eskumako hegalean kokatzen zen. Ezker hegalean zeuden Grégoire edo Barère bezalako jakobinoek oraindik radikalagoak dira:

Grégoire: “L´unité de la République commande l´unité d´idiomes” (489 or.)

Barère: “Le fédéralisme et la superstition parlent bas-breton ; l´émigration et la haine de la République parlent allemand ; la contre-Révolution parle italien et le fanatisme parle basque. Brisons ces instruments de dommage et d´erreur… Le français [qui a eu] l´honneur de servir à la Déclaration des Droits de l´homme, doit devenir la langue de tous les Français. Nous devons aux citoyens l´instrument de la pensée publique, l´agent sûr de la Révolution, le même langage.” (489 or.)

Beraz, ez da bakarrik frantsesa guztiei erakutsi behar zaiela eskolan. Ez. Hori baino gehiago da, frantsesa ez diren hizkuntza guztiak suntsitu behar dira: “l´extermination des patois, dans l´intérêt de la nation” (Barère, 490 or.). Ondo irakurri duzue: jabokinoek Frantziako beste hizkuntza guztiak “exterminatu” nahi zituzten. Hori zen Iraultzaren helburua jakobinoen bertsioan.

Eta berriz ere galdetuko dugu, zer pentsatzen zuen Lefebrvrek? Erraz laburbildu daiteke: batetik anotatzen du jakobinoen asmoak, frantsesa epe labur batean hedatzekoak, ez zuela berehalako arrakastarik izan; baina bestetik gaineratzen du eskola bidezko hedapenari bidea eman zitzaiola (honetan bat zetozen iraultzaile guztiak, ezker eta eskuin), eta bistan da berak ere asmo hori guztiz ontzat jotzen duela. Azken buruan, Lefebvrek bat egiten du hizkuntza nazionalaren definizio berriarekin eta, ondorioz, ez du inolako eragozpenik ikusten planteamentu horretan: “les mots “nation” et “national” qui expriment la Révolution tout entière, dans son esprit […]” (490 or.). Ziur aski euskararen iraupena anakronismo hutsa irudituko zitzaion. Lehenago edo geroago desagertu behar du. La force des choses. Kitto.

Gorago esan dugun bezala, Lefebvre sozialista marxista eta antifaxista bat zen. Eta, oro har, bat egiten zuen Frantziako Iraultzaren mezuarekin, jakobinoen asmo nagusiak barne. Berarentzat Iraultza “bloke” bat da, bloke goresgarri bat. Bere baliospenaz jabetzeko aski da aipagai dugun liburuaren ondorioak irakurtzea (“Conclusion”, 541-547 or.). Nago azken ehun urteko sozialistek, hitzaren zentzu zabalean, bat egin izan dutela ondorio horiekin. Hori bai, ondorio horietan ez duzu hizkuntzaren gaineko aipamenik aurkituko. Eta bistan da Iraultzaren asmoen artean hizkuntza-uniformetasuna dagoela, eskolaren bidez ezarria. Baina asmo horren ontasuna hain omen da ebidentea, ezen ez dago aipatu ere egin beharrik. Justifikatu beharrik ere ez, jakina.

Garbi dago, ordea, gaur egungo sozialistek ez dutela bat egingo Iraultzaren blokearen ezaugarri askorekin. Adibidez, Iraultza metodo terroristekin defenditzeko asmoa ez dute oso begi onez ikusten (1930eko hamarkadan hori oraindik eztabaidagai izan zuten). Orobat, gaur egungo sozialistentzat ezker-eskuin banaketa gero eta lausoagoa da (Lefebvreren garaian oraindik politikagintzaren ardatza zen). Baina hizkuntza nazionalaren definizioari dagokionez, esango nuke gaur egungo sozialisten jarrera eta duela ehun urtekoena (adibidez) oso-oso antzekoa dela. Horretan ez dira piperrik aldatu: hizkuntza nazionala, konstituzionala, guztiona… eta beste guztiak, zakarrontzira. Arrazoiak? La force des choses. Kitto.

Historiaren egia, denok dakigunez, inoiz ez da egia bakarra. Egia bat baino gehiago egoten da beti. Eta, batez ere, egia horiek etengabe berrikusi eta kritikatu behar dira. Hori da, bereziki, komunitate intelektual baten eginkizuna. Eta euskaldunon komunitate honetatik, nik neuk galdetzen dut: noiz hasiko dira sozialistak Frantziako Iraultzaren herentzia hau ere kritikatzen, beste batzuekin egin duten bezala?

Iruzkinak (1)

  • Edurne Alegria Aierdi says:

    Kaixo Pruden,
    Irakurri berri dut zure artikulua “Frantziako Iraultza, sozialistak eta euskara”, zinez bikaina!
    Egia borobilak esateaz gain, bada garaia “ezkerra” desmitifikatzeko eta bakoitzak berea asumitu dezan, kasu honetan sozialistek orohar eta sozialista frantsesek bereziki. Zeharo ados nago, Frantziako Iraultzaren ikerketa kritikoa behar beharrezkoa dela, ikuspuntu intelektual batetik. Ez dirudi, oraingoz, frantsesek oso prest daudenik lan horretan murgiltzeko, lagundu beharko zaie, agian…
    Edurne Alegria Aierdi

Utzi erantzuna Edurne Alegria Aierdi(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude