Itxura eta are gehiago: Inguma datu-basea berritua.

Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-basea, Inguma, 2000. urtean sortu zuen Udako Euskal Unibertsitateak. Hamahiru urteko ibilbidean, Ingumak azken 50 urteetan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ekoitzi denari buruzko informazioa bildu du. 1965tik aurrera egindako produkzioa biltzen hasi ginen, euskaraz zer egin den eta nork egin duen batzeko eta eskaintzeko erabiltzaileei. Ingumaren helburua euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea izan da, unibertsitate mailakoa eta euskaraz egindakoa.
Inguma berriaJakin badakigu, XX. mendean, 60 hamarkada baino arinago zientzia euskaraz ekoitzi izan dela ere. Izan ere, Fernando Plazaolak 2005ean “Ekaia” aldizkarian argiratu zuen moduan, Euzkadi egunkarian 1923. urtean Agustin Anabitartek Einsteinek 1919. urtean landu zituen teorien berri eman zuen euskaraz. Karmele Artetxe ikertzaileak bere azken lanean aipatu zuen moduan, hau izan zen “fisikari buruz euskaraz idatzitako lehen testua”. Zientzia-dibulgazioko lan aitzindaria izan zen Agustin Anabitarterena.

Harrezkero, euskaraz lanak argitaratu ziren egileen jakin-minak auspotuta. Horrela Aita Gabirel Jauregik 1935. urtean Fisia liburua argitaratu zuen eta 1936. urtean Kimia. Fisika eta kimika arloko lehen euskarazko eskuliburuak argitaratu zituen Gabirel Jauregik, natur-zientziengatik zuen jakin-mina eta irrikak bultzatuta. Fisia liburua arrakastatsua bihurtu zen eta argitaratu eta handik hilabete batzuetara agortu zen.

Gabirel Jauregik lan hauetan, “Karmel” aldizkarian argitaratutako artikuluak bildu eta sakontzen ditu. Lehendik zientzia-dibulgazio lanetan aritu zen, ikasi eta ezagutzen zuena euskaraz plazaratuz. Aramaioarra izanik, Fisia eta Kimia bizkaieraz idatzi zituen eta argitalpenak gauzatzeko hainbat hitz berri asmatu zituen. Kimia liburuak ere interesa sortu zuen gizartearengan baina gerra zibilaren hasiera suertaturik, bere bidea ez zen Kimia liburuaren bezain oparoa. Gerrak, tamalez, Aita Gabirel Jauregiren ekarpenak ere mugatu zituen eta aurreikusten zituen eskuliburu gehiago ez zuen idatzi.

Gerora ekarpenak egin zituzten sasoiko egileek baina gure hizkuntzaren arauak normalizatzen hasi orduko irizpide anitzak jarraitu ziren zientzia-dibulgazioan. Hori dela eta, Ingumak abiapuntutzat hartu du euskara batuaren arauak finkatzen hasi zen sasoia, gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzeko.

Inguma Logo 2 Kolore2000. urtean martxan jarritako proiektu xumea haziz joan da, aurrera egin du egoeretara egokituz. Erreferentziak katalogatzeaz gain, kudeaketa digitalean murgildu gara, sarean dauden eduki elektronikoen kokapena barneratu eta hauen kontsulta zuzena eskainiz erabiltzaileei. Inguma datu-baseak 13 urteko ibilbidea egin ondoren, eta teknologikoki egokitu den arren hainbat esparrutan, funtsean ez du itxura eta oinarrizko funtzionalitaterik eraberritu gaur arte. Izan ere, irudia, bilaketa-sistema eta bilaketa-emaitzak 2000. urteko berdinak izan dira hamahiru urtetan zehar.

Ikusirik gure erabiltzaileen ezaugarriak eta azken bi urteotan datu-basearen erabilera urritu egin dela, gure erabiltzaileei zerbitzu hobeagoa emateko asmoz, 2000. urtean sortutako ataria eraberritu dugu:

  • irudia eta zerbitzuak berriztuz.
  • bilaketa-sistema, bilaketa-emaitza eta informazioa modu sinple, erraz, bisual eta intuitiboan eskainiz.
  • edozein gailutik eta edozein unetan kontsultatzeko aukera emanez.
  • jakintza-arlo desberdinetako adituekin harremanetan jartzeko bideak eskainiz.
  • on-line kontsultak egiteko aukerak zabalduz.

Ingumako datuak
Espero dugu zuen gustukoa izatea Inguma berria. Euskarazko produkzio zientifikoaren gordailua eta erakusleihoa da bera. Erabili, kontsultatu eta galdetu. Edozein gauza behar izanez gero, zientziaz jakiteko, galde iezaguzue: idatzi mezu bat inguma@ueu.org helbidera edota @Ingumakeriak Twitter kontura txio bat bidaliz.

Pantaila-argazkia @Ingumakeriak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude