Nazionalismo espainola eta errelatoa (I) (Oraingoan Amerikako konkistarena)

Pruden Gartzia

Oso gutxi idazten da gure artean nazionalismo espainolari buruz eta egiten denean, oro har, deskalifikazio orokorrak egiteko izaten dela uste dut. Analisirik ez, ordea. Euskal komunitate intelektualaren gabezia nabarmenetako baten aurrean gaude, dudarik gabe: etengabe sentitzen dugu nazionalismo espainolaren presioa, paroxismoraino ez gutxitan, baina ez gara gai bi lerroko analisi hotz bat egiteko, betiko lau topikoetatik haraindi. Eta sarritan, lau topiko horien barruan ere ez.

Post honetan bide horretatik ekarpen bat egin nahi nuke, bazter utzi gabe, haatik, aipatu behintzat aipatuko beharko nukeela nazionalismo frantsesa. Baina dena batera ezin da, gaurkoan Espainiarekin arituko gara, Frantziarekikoa beste noizbaiterako utzirik.

Nazionalismo guztiek, baita espainolak ere, topoi sorta mugatu bat hautatzeko eta ustiatzeko joera dute, zeinek berea. Erran nahi baita, nazionalismo bakoitzaren diskurtsoan ez da zaila izaten gai topiko gutxi batzuk lokalizatzea eta haien errepikapen eta iruzkin amaigabean murgiltzea. Beharbada ideologia eta pentsaera guztietan gertatzen da berdin antzera, baina nazionalismoaren kasuan oso fenomeno markatua eta, aldi berean, badu berezitasun nabarmen bat: gai topiko horien artean gertakari historiko nabarmen batzuk izarrak izaten dira, ortzemugako gidariak.larendicindebailn1864mutl9

Adibidez, nazionalismo espainolaren barruan Amerikako konkista eta kolonizazioak leku berezia izaten du, labur esanda, ideologia horren topos nabarmenenetakoa da, beti aipatua, beti iruzkindua, beti goratua, beti, salbuespenik gabe. Denok dakigunez, nazionalista espainol batentzat Espainiaren handitasun paregabearen erakusgarri agerikoenetakoa Amerikako epopeia konkistatzailea da. Izan dira, eta gaur egun badira ere, Espainian bertan, interpretazio epiko horren kontra altxatu diren ahotsak, baina beti oso minoritarioak izan dira; intelektual espainol gehienek, ezker zein eskuin, eskuin zein ezker, epopeia gisa enfokatzen dute gaia, eta ez dute erreparo handirik izaten kritikoak zorotzat, lerdotzat edo, areago, antiespainol-tzat ere jotzeko. Salbuespen ohoragarriak salbuespen, gehienez ere adar progresistako intelektualen artean zenbait gehiegikeria deitoratzen da (beti ahots apalez, beti bidenabar, beti jakintzat emanaz baina horretan sakontzeko batere asmorik gabe) eta, ondorioz, formulazio batzuk leuntzen saiatzen dira, konkista militar huts eta gorria izan zenari zibilizazioen arteko topaketa kontzeptu xelebrea esleituz (edo antzerako kafesne deskafeinaturen bat), baina hor bukatzen da dena. Laudorioetan, denak oso antzekoak izaten ohi dira. Beti.

IM000304.JPGEta horrek lehenengo ohar baterako bidea zabaltzen digu: ezaguna da nazionalismo guztiak direla historizistak, ia-ia definizioz (ezinezkoa da nazionalista izatea norbere nazioaren Historia mahaigainean jarri gabe), baina nazionalismo espainolaren kasuan esango nuke bereziki historizista dela, bere ingurukoak baino gehiago. Arrazoia nabaria da: osagai demokratikorik ez duenez gero (XXI. mendekoak ez behintzat), nekez inbokatzen du nazioaren borondatea, alegia, halako egun edo gertakari gogoangarrian herriak izandako protagonismo berezia. Aitzitik, beldur dio nazioaren borondateaz hitz egiteari eta hori dela-eta, adibidez, 1978ko Konstituzioa goratzen denean ez ohi da herria ia-ia aipatu ere egiten. Bai, ordea, erregeak demokrazia ekartzeko izandako protagonismo erabakigarria. Edota, baita ere, elite politikoek lortutako kontsentsu konstituzionala. Edota, oraindik sarriago, zatiezinezko batasun sakratu-sakramentalaren jatorri guztiz antzinakoa (Europako naziorik zaharrena, aizu!), gure Konstituzioan hain egoki eta ederki jasoa. Baina herria? Herriaren borondatea?

Konpara dezagun, adibidez, frantses nazionalismoaren topos nagusiarekin, Uztailaren 14a, alegia, herriak armak hartu zituen eguna tiranoen aurka; edota amerikar nazionalismoaren Uztailaren 4a, alegia, Independentziaren Aldarrikapena sinatu zen eguna, zeinetan herriak duen protagonismoa ezin argiago goratzen den (“… it is the Right of the People to alter or to abolish it, and to institute new Government …”) . Erretorikaren esparruan gabiltza, ados, baina nazionalismo espainolak, gaur egun, erretorika ere ez du demokratikoa. Izan ere, nola erreibindikatuko du herriak armak harturik bere borondatea erregeari eta aristokrazioari inposatu zion une historikoa (edozein delarik ere) herriaren borondateaz beti mesfidatu den nazio batek? Ez, ez da komeni nazioaren diskurtsoa herriaren borondatearekin ezkontzea, agian herritarrek ulertuko dutelako beren borondatea ezinbestekoa dela nazioa osatzeko, eta hori, intelektual espainolentzat, beldurgarria da. Beldur guztien ama, besterik gabe.

Eta, beraz, Trantsizio Politiko Paktatu eta Eredugarria urbi et orbe predikatzen duten progresistek beldurra eta ikara baino ez diote aditzera emateari herriak bere borondatea erregeari ere inposatzen ahal diola. Ondorioz, nazionalismo espainolaren egituratzaile intelektualak Historian babesten dira beste inor baino gehiago. Modu akritiko batean irakurritako Historia, ñabardurarik gabea, interpretazio diskordanterik gabea. Hitz batean, errelatoa.

Adibidez, Amerikako konkistaren errelatoa osatzen dute eta biziki haserretzen dira inor koma bat aldentzen denean hortik. Egia esanda, beren onetik ateratzen dira. Nor zara zu errelatoa zalantzan jartzeko?

Baina errelato horretaz hurrengo postean arituko gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude