Euskararen salbamendurako paradigma berria

Pruden Gartzia

Uste dut ez nabilela oker esaten badut azken urteotan denok gabiltzala euskararen salbamendurako paradigma berri baten bila. Aurreko paradigmaren agortzearen seinaleak aspalditik badatoz ere, azken aldian, tantaka-tantaka, gero eta baieztapen sendoagoak eta esplizituagoak entzuten ditugu han eta hemen. Ez ditut apuntatu, ez ditut sistematikoki gogoan gordetzen ere, baina giroa blaitzen ari dela esango nuke. Adibidez, Iñaki Martinez de Luna bat behin eta berriro mintzatu da ildo horretan, normalki Arabari erreferentzia esplizitua eginez; baina ez dut uste esaten duenak Arabarako bakarrik balio duenik, agian arazoa hemen inon baino nabariagoa bada ere. Eusko Jaurlaritzan bertan Patxi Baztarrikari ere ildo horretako hausnarketarik ere entzun izan diogu, oso kategorikoak inoiz izan ez badira ere, normala den bezala. Eta ezker abertzalearen esparruan ere badirudi garai bateko leloak eta planteamenduak berrikusi beharra ari dela nagusitzen, hor ere bere tradizio propioarekiko eten handirik sortzeko asmorik gabe, soseguz, baina etengabe (hori ere normala da).

Paradigma berri bat behar dugu lehengoa agortu egin delako. Eta ez da bakarrik agortu bere bertsio instituzionalean (hau da, EAJk edo PSEk, ñabardurak ñabardura, bultzatu izan duten hizkuntza-politika estandar amankomunean), baita ere gizarte-mugimenduen aldetik bultzatu diren alternatiba ausartagoetan, hau da Txillardegiren edo Txepetxen teorizazioetan (bi bide aski desberdin dira, ñabardurak ñabardura) oinarritzen ziren planteamenduetan. Gure normalizazioak tope bat jo duela dirudi, eta ez dakigu zer egin berriz ere garapenaren bidean jartzeko. Inork ere ez dugu oso argi, nire ustez behintzat. karmele artetxeTestuinguru honetan Karmele Artetxeren lanek berebiziko garrantzia daukate. Badira urte pare bat bere doktorego-tesiaren emaitza nagusia argitaratu zuela, hau da, garrantzi itzela duen liburu bat aipamen berezirik gabe pasatu zena gure artean, sarritan (sarriegi) gure komunitateari gertatzen zaioen bezala: Euskara Unibertsitatera bidean: eragileak eta proiektuak (1939-1990) (UEU, 2011). Liburu horretan argi eta garbi markatzen zen paradigma berria eraikitzeko (ezen paradigma bat eraikitzea ez da mente jenial batek txinparta jainkotiar batez argiturik edozein ilunabarretan sortzen duen teoria), paradigma berria eraikitzeko, esaten ari ginen, behar genuen harri fundazionaletako bat. Harri bat beste batzuen artean, nahi bada, baina garrantzi handia duen harri fundazional bat, orain arte behin eta berriro bazter geratu dena: euskararen historia soziala.

Artetxeren asmoak irakurketa bikoitza du, hortaz, batetik hutsune bat seinalatzea (gure historiarena) eta bestetik hutsune hori betetzen hasteko materialak eskaintzea, euskal komunitate zientifikoaren sorrera eta garapena termino historikoetan deskribatuz. Zeren gutxi, oso gutxi, dira ildo horretan egin diren ikerketa sistematikoak. Ez gara hutsetik abiatzen, jakina, badirelako denok ezagutu eta irakurri ditugun autore ilustre batzuk: Jimeno Jurio, Intxausti, Azurmendi, Torrealdai… baina ez da hau ez lekua ez unea alderdi hori arakatzen hasteko. Azpimarra dezagun, bakarrik, euskararen historia sozialaz hausnartzeak orain arte izan duena baino askoz ere garrantzi handiagoa izango duela, baldin eta paradigma berri bat erdiestea lortzen badugu, zeren eta mota horretako ikerketa sistematikoak oso lagungarriak izango baitira euskararen arazoa begi berriekin ikusten hasteko. Eta begi berriak behar ditugu aurrera egingo badugu, hori da gakoa.

Baina ikerketa historiko zehatz horretaz gain, Artetxe gai izan zen marko teoriko berri bat eskaintzeko euskararen arazoak hobeto ulertu ahal izateko. Marko teoriko berri horren emaitza, bere soilean, entsegu labur gisa idatzirik liburu berri batean eskaintzen digu orain, izenburu biziki deigarria duen liburua: Einstein Euzkadin: Gerraurreko zientzia eta goi mailako kultura euskaraz (Utriusque Vasconiae, 2013). Ehun eta zortzi orrialde besterik ez, eta formatu txikia, poltsikokoa. Idazkera ere jostaria, soila eta apaingarririk gabea. Arin batean irakurtzeko moduko liburua. Edukia, dena den, oraindik hobea da: teoria konplexu baten azalpen erraz, zehatz eta argia. Argia eta argigarria.

Eta zer dio? Izenburuari erreparatuta heroi intelektual horietako baten ibiliak kontatuko zaizkigula dirudi, eta neurri batean hala da. Izan ere, datu guztiz harrigarri bati erreparatzen dio Artetxek:

 “[…] Einsteinek erlatibitatearen teoria 1905. urtean plazaratu bazuen ere, 1915. urtera arte ez zuen erlatibitatearen teoria orokorra atera, eta 1919. urtean A.S. Eddington-ek eguzki eklipse oso bat behatzeko Brasilera egindako espediziora arte ez zen teoria frogatu, Brasilgo behaketek bat egin zutelako erlatibitate orokorrak aurresaten zuenari.” (41. or.)

Eta orain dator aizkorakada: noiz uste duzue azaldu zirela Einsteinen teoriak euskaraz lehenengo aldiz? Bada, 1923. urtean, Agustin Anabitarte idazle donostiar abertzalearen eskutik. Hau da, ia-ia gaztelaniaz bezalaxe, datari dagokionez (atzerapen oso txikiarekin, nahi bada). Harrigarria, ezta?

Baina zer da hortik ulertu behar duguna? Zein da gertakari horretatik atera behar dugun ondorioa? Gertakariak, gertakariak, gertakariak… mila eta bat gertakari pilatzen dira egunero gure begien aurrean, bi mila eta bat Historiaren haria aurkitu nahi duen historialariaren ordenagailuaren pantailan. Eta horietako bat (edo batzuk) hautatzen ditu eta modu zehatz batean estekatzen ditu, esplikazio bat sortuz. Einstein, euskaraz, 1923an. Zelan ulertu behar da hori?

Badu Joxe Azurmendik artikulu bat, aspaldikoa, izenburu hau duena: anekdota baten esanahi paradigmatikoa. Ez du axola orain noiz, non eta zertarako idatzi zuen, beste hau baizik: Einsteinenari esanahi paradigmatikoa ematen dio Artetxek eta teorizazio konplexu baten barruan kokatzen du, testuinguru historiko oso bat (XX. mende osoa egiazki) esplikatzeko argibide berezia opatzen baitigu. Horra.

Artetxeren teorizazioa ez dugu hemen laburbilduko, ñabardura asko bidean geldituko bailirateke. Eta liburua, gainera, laburra da, edozeinek arin batean irakurtzeko modukoa, gorago esan dugun legez. Esan dezagun, bakarrik, minimoaren minimoa: euskara hiru modu desberdinetara ikusi izan dute idazle euskaldunek historian zehar: tresna gisa, helburu gisa eta objektu gisa. Euskaldunen produkzioa aztertzen baduzu, hastapenetik hasita ere, beti, hutsik gabe, hiru lerro horietakoren batean kokatu ahal izango duzu. Eta operazio hori burutu ondoren askoz ere hobeto ulertuko duzu (dugu) zein izan den euskararen historia soziala.

Ñabarduratan ez ginela galduko esan badugu ere, gutxien gutxienik horietako bi egitea ezinbestekoa da: batetik, Artetxeren analisia batez ere 1900-1939 arteko garaian zentratzen da; eskema bera atzera eraman badaiteke ere (XVI. menderaino), ez da hori liburu honetan gauzatzen duen operazioa, zantzu batzuk ematearekin konformatzen delarik. Eta bigarrenik, hiru aukera horiek (tresna, helburu, objektu) eredu teoriko baten etiketak dira, besterik ez; eta edozein historialarik edo gizarte-ikerlarik dakien bezala, ereduak eta errealitatea bi gauza desberdin dira: ereduak errealitate konplexu (eta kaotiko) baten kristalizazio arrazionalak dira, baina ez dira errealitatearekin berarekin nahastu behar; errealitatea ulertzen laguntzea baitute helburutzat, ez errealitatea bera ordezkatzea.

Hirugarren ñabardura bat ere, apika, ezinbestekoa da: euskararen salbamendua, normalizazioa, abiatzen da euskaldunok eskema hirukoitz hori gainditzen hasten garenean, eta erdiesten da gainditze horri eusten diogun neurrian. Alegia, Artetxeren iritziz badirudi 1939 baino lehen ezin dela zinezko normalizazio batez hitz egin; hiru jarrera horietan aztarrikatuz aurrekari batzuk aurki daitezke, baina normalizazioaren makinak ez zuen arrankatzea lortu Gerra Zibilaren aurretik. Sintesi berri bat behar zen horretarako, geroago lortuko zena. Baina historia hori entsegu labur honen mugatik kanpo geratzen da, eta beste tratamendu bat beharko luke. Beste liburu bat, akaso?

Aldiz, beste gai batek ere garrantzi berezia du liburuxka horretan: kapitulu oso bat dedikatzen zaio Euskaltzaindiari, haren sorrerari eta lehen pausoei. Ez dakit garrantzia berezia duen kapitulua ote den, baina zalantza barik gaurkotasun handiko gaia da egunotan. Kapitulu hori irakurtzeko lana hartzen duenak, araiz, hobeto ulertuko du ez bakarrik euskaldunon historia orokorra, baita ere gaur egun ditugun zenbait arazoren giltza nabarmen batzuk. Esanda geratzen da.

Itzul gaitezen orain, bukatzeko, post honen izenburura: euskararen salbamendurako paradigma berria. Paradigma hori, ondo uler bedi, ez dago liburuxka honetan. Eta, tamalez, ez du ematen egun batetik bestera egoki formulatzea lortuko dugunik. Komunitate intelektual oso baten lana da, inondik ere. Baina Karmele Artetxeren lana harri fundazional bat izango da bide horretan, nahi den bezain txiki eta apala, baina ezinbestekoa. Liburutxo hori irakurri ondoren hobeto ulertzen baitugu zeintzuk diren gure arazoak.

 

Bibliografia:

Artetxe Sánchez, Karmele: “Einstein Euzkadin: Gerraurreko zientzia eta goi mailako kultura euskaraz”. Utriusque Vasconiae, 2013

Artetxe Sánchez, Karmele: “Euskara unibertsitatera bidean: eragileak eta proiektuak (1939-1990)”. UEU, 2011

Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du

Iruzkinak (3)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude