Latinari buruzko liburu bat

Blog honetan jartzen ditudan postei jarraitzeko pazientzia izan duen edonork erraz baiezta dezake nire irakurketak, hots, nire kezkabideak, beste hitz batez esanda, sarritan ez direla kokatzen best sellerren lerroetan. Gaur iruzkindu nahi dudan liburua, ordea, kasu bitxia da: gaia ezinago marjinala da, baina Alemanian 2007an argitaratu zenetik arrakasta nabarmena lortu du, baita salmentetan ere; gaztelaniaz, adibidez, aurten atera da eta epe laburrean hiru argitaraldi izan ditu.

el-latin-ha-muerto-viva-el-latinEgilea, Wilfried Stroh, alemaniar filologo bat da, Filologia Klasikoan doktoratua eta espezialista. Itxura guztien arabera alemaniar filologiaren tradizio ospetsu bezain potentearen partaide ohoragarri bat, hau da, eta beste hitz batez esanda, benetako momia bat izateko txartel guztiak dituen unibertsitate-irakasle emeritua. Liburu hau zabaldu, ordea, eta berehala ikusten duzu idazle atipiko batekin ari garela, bere ikergaiarekiko entusiasmoa transmititzea helburutzat duen ikerle eta dibulgatzaile bat. Eta lortzen duena. Liburuaren izenburua esanguratsua da: El latín ha muerto, ¡viva el latín! (Ediciones del Subsuelo, 2013). Posible ote da gaur eta hemen latinarekiko entusiasmoa transmititzea? Bai.

Ez noa liburua laburbiltzera. Erudizio ariketa hutsa da, hasi eta buka, eta benetan zaila litzaidake nire jakintza xumeekin Strohek kontatzen digun laurdenaren laurdena ere modu egoki batez azaltzea. Hori bai, erudiziozko erreka horretan sartzen bazara, urak eramango zaitu, pozez eta atseginez, kapitulu batetik bestera, ia-ia konturatu gabe. Noiz izango ote dugu geuk, euskaldunok, gure literaturaz (adibidez) horrela idatziko duen egilerik?

Horren ordez printza gutxi batzuk eskainiko ditut, han han-hemenka liburuan jasoak, euskaldunontzat bereziki interesgarri izan daitezkeenak. Edo agian niri arreta berezia sortarazi didatenak, besterik gabe. Horra.

Latina hizkuntza hila bilakatzen den uneari buruzko analisia (127-145 or.) bereziki interesgarria da Strohrentzat. Esango nuke, gainera, hori dela bere pentsamenduaren giltza. Ondo ulertu badut, latinaren heriotza gertatzen da hizkuntzaren araua (estandarra esan beharko genuke, apika) modu gotor batez finkatzen den unean, hortik aurrera hizkuntzak aldatzeari (bilakatzeari) uzten diolarik. Gure egilearen arabera hizkuntza klasiko gutxi batzuei baino ez zaie hau gertatzen (sanskritoa, arabiera eta latina aipatzen ditu bakarrik) eta okupatzen gaituen kasuan gutxi gorabehera Augustoren garaian gertatu zen, hots, K.a. I. mendean. Hortik aurrera fenomeno bikoitza gertatzen da, batetik hizkuntzaren hedapen izugarria (inperioarekin batera) bestetik bere fosilizazioa arau aldakaitz batean.

Uler dezagun, beraz, hizkuntza baten heriotza, kontzeptualizazio honetan, ez dela gertatzen ez denean jenderik gelditzen hizkuntza horretan mintzatu edo idazten duenik, baizik eta haren araua fosilizatzen denean. Aldakaitz bihurtzen denean. Eta hori oso kasu gutxitan gertatzen omen da. Horietako bat, latina.

Latina, beraz, hizkuntza hila omen zen milioika lagunek egunero-egunero hitz egiten zuten garaian ere. Baina bere barruan disoziazio bat gertatzen ari zen, batetik arau gotortua (beti berbera) eta bestetik jendeek hitz egiten zutena, poliki-poliki aldatzen joan zena. Prozesu horren mugarri argi bat San Agustinek markatzen du (Aurelius Augustinus, 354-430), esaten duenean Melius est reprehendant nos grammatici quam non intelligant populi, hau da, hobe da gramatikarien haserrea jasotzea herriak guri ez ulertzea baino. Izan ere, Agustinek latinez idazten zuen, baina bere latina ez omen zen oso ona, nonbait (hau nire ondorio pertsonala da) Ertaroan Eliza giroan nagusituko den latin makarroniko eta eskolastikoaren prefigurazioa da.

Latin makarroniko horren aurka altxatu ziren humanistak, haien printze-lehendakaria Francesco Petrarca (1304-1374) dugularik. Bi zentzutan agertzen zaigu aitzindari: batetik, latin klasikoaren (zizeronianoaren, nahi bada) aldezlea dugu, bestetik herri-hizkuntzan idazteari ekin ziotenetakoa. Horra humanismo berriaren aurpegi bikoitza, sarritan ondo ulertzen ez duguna: Antzinateko latin klasikoa (garbia) erreibindikatu eta landu zuten berberak dira aldi berean herri-hizkuntzan idazteari ekin ziotenak, bietan idazle ospetsu izan zirelarik. Bietan. Hizkuntza-bikoiztasun horrek Ernazimentu osoa zeharkatzen du alderik alde eta 1700era arte mantendu zen indar betean. Hortik aurrera, XVIII. mendean zehar, latinaren zinezko beheraka hasten da, XIX. mendean areagotu zena Eliza Katolikoaren barruan salbu. Erakunde honetan, aldiz, Vatikano II.eraino luzatu zen prozesua, XX. mendea ondo sartua.

Baina prozesua orokorra bada ere Europa osoan, desberdintasun erregional handiak daude, ez da berdina Ingalaterran, Frantzian edo Alemanian, eta gure egileak arreta berezia jartzen du azken horretan, hots, bere sorterrian. Eta orrialde zinez ederrak idazten ditu, edozein euskaldunentzat interes berezia izango dutenak.

Har dezagun, adibidez, Ulrich von Hutten (1488-1523) abertzale eta latinista alemanari dedikatzen dion atala (218-222 or.). Alemaniako poetarik ospetsuenetakoa (guretzat, tamalez, erabateko ezezaguna), haren bizitzak badu euskaldunaren belarrian durundi berezia egingo duten soinuak:

La batalla contra la Iglesia romana y en pro de la Reforma sería a partir de entonces el tema central de Hutten. Poesía y filología se subordinaban a la política: ni Cicerón ni Ovidio serían ya sus modelos, sino Arminio, libertador de Alemania […] Sus polémicas en apoyo a Lutero y en contra del Papa se desarrollaron en dos idiomas, latín y alemán. Tal vez Hutten fue el primer autor alemán cuya obra se concibió desde un principio en ambos idiomas: el latín para llegar a un público internacional de eruditos y el alemán para dirigirse a los compatriotas, incluidos los menos ilustrados. […] Algunos de sus textos tan sólo aparecieron en alemán. Los versos programáticos de Hutten sobre las posibilidades literarias de su lengua marcarían un momento decisivo de la historia literaria.

Latein ich vor geschirben hab,
das war eim yeden nit bekandt.
Yetzt schery ich an das vatterland
Teüsch nation in irer Sprach…

Antes escribía en latín,
no todos lo comprendían.
Ahora le grito a mi patria
alemana y en su lengua…

Hutten no se limitó a las palabras. Junto a Franz von Sickingen, líder de los Caballeros del Rhin, planeó un ataque contra el arzobispado de Tréveris. Tras fracasar en su intento tuvo que huir, proscrito y excomulgado, a Suiza, donde se exasperó al descubrir que Erasmo, la gran autoridad humanista de la época, no le mostraba su apoyo. Hutten falleció en agosto de 1523, son sólo treinta y cinco años. Su último escrito, titulado In tyrannos, se perdió. (220-221 or.)

HuttenErnazimentuaren muina ukitzen duten gai guztiak daude hor laburbilduta: latin klasikoaren erreibindikazioa eta, aldi berean, herri-hizkuntzena; erreforma erlijiosoa, Erromaren kontrakoa, aldi berean armak eskuan borroka egiten delarik tiranoen kontra. Filologoa, poeta, lider erlijiosoa eta iraultzailea, denak bat egiten dute urte grinatsu batzuen zirimolan. Ados, geuk ez dugu antzerako kasurik hemen, horretarako Lope Agirre, Etxepare, Lazarraga eta Leizarraga, guztiak batera jarri beharko genituzke gorputz mistiko berean… Utzi ditzagun fantasiak, ez dugu Ulrich von Hutten bat, baina horrelako historiak irakurrita agian apur bat hobeto ulertuko dugu gurea. Eta, bereziki, hobeto ulertuko dugu Etxepareren Sautrela. Adibidez.

Beste ezertan baino errepara dezagun, dena den, hizkuntza-bikoiztasunean: latina eta herri-hizkuntza, hots, kasu honetan alemana. Hausnarketa luzeagoak merezi duen gaia,dudarik gabe. Agian hurrengo post batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude