Monarkiari buruz

Aurreko post batean Prusiako errege Federiko II.aren (1712-1786) aipu batekin bukatzen genuen, orain berriz ere azpian kopiatzen duguna:

all religions, he opined [Federiko II.a erregeak], were “more or less absurd” and none more than Christianity, “an old metaphysical fiction, stuffed with contradictions and nonsense, born in the fevered imagination of the Orientals and spread by them to Europe, where it was embraced by fanatics, exploited by opportunists, and believed by imbeciles”(T.C.W. Blanning, The Culture of Power and the Power of Culture: Old Regime Europe 1660-1789, Oxford University Press, 2006, 194. or.)

Federico IIEta baten batek galde lezake zertara datorren mota horretako aipu bat euskal komunitate intelektualari buruzko blog batean. Erantzun bat baino gehiago egon badaitezke ere, post honetan horietako bati bakarrik helduko diogu, eta hauxe da: komunitate intelektual baten zeregin arrunten artean egoten da ideia edo proposamen politiko baten alde (edo kontra) mobilizatzea. Ez dut esan nahi komunitate osoa gizon bakarra balitz bezala mobilizatzen denik; aitzitik, aniztasuna da edozein komunitate intelektualen lehen baldintza komunitate gisa egituratzeko. Baina aniztasun horren barruan proposamen batzuk oihartzun zabala lortzen dute eta komunitatearen eztabaidagai bihurtzen dira, aldi batez behintzat. Adibidez, euskal komunitate intelektualaren barruan Nafarroako Konkistaren gaiak lortu du horrelako zerbait azken urteetan, oihartzun hori berez nahiko motela izan bada ere (komunitatea bera oso motela da, zertarako engaina).

Espainian, berriz, mota horretako bi mobilizazio berezi gogoratzen ditut nik aipatzea merezi dutenak: 1980. hamarkadan PSOE inguruko jendeek Karlos III.a (1716-1788) Espainiako errege ilustratuaren inguruan eragin zutena, eta hurrengo hamarkadan (imitazioz-edo) PP inguruko jendeek Filipe II.a (1527-1598) errege handiaren harira antolatu zutena. Bon, nahi bada azken urtean Elisabet I.a Erregina Katolikoaren (1451-1504) ohoretan indartzen ari dena ere agian ildo berean sar daiteke… baina ez gaitezen gal adarretan barna eta muga gaitezen lehena laburki iruzkintzera, hots, errege ilustratuarena.

Garbi egon zen, hasiera-hasieratik, operazioaren gako nagusiak: gobernura iritsi berria zen PSOEk programa politiko erreformista bat legitimatu beharra zeukan iritzi publikoaren aurrean; programa horretan ez zen komeni (nonbait!) erreferentzia sozialistetan indarrik batere egitea eta, aldiz, ezinbestekoa zen monarkia integratzea eta berarentzat legitimazio sozial berri bat asmatzea. Ondorioa: errege erreformista eta ilustratu bat berpiztu zen, panteoiaren ilunpeetatik jagia, eta Espainia konstituzional berriaren inspirazio-iturri bihurtu. Borboi bat, orduko denbora berriak eskatzen zuenaren neurrikoa: Karlos III.a, Madrilgo Alkaterik Hoberena.

Baina bego kontua hemen, orain ez baitzaigu axola aspaldiko kontu haren xehetasunak, beste hau baizik: euskaldunok, gaur eta hemen, beharko bagenu noizbaiteko (eta nonbaiteko) errege baten ekintzetan inspiratzea, zein hautatuko genuke? Eta nire proposamena argia da: dedikatu diezaiogun denbora apur bat, istant iheskor bat sikiera, Prusiako Errege Federiko II.a berpiztera.

Federico II PrusiaEz dizuet ukatuko, niri sinpatikoa egiten zait beste errege askoren artean, baina ez da hori hura hautatzearen arrazoi bakarra, ezta nagusia ere. Hasteko, osasungarria iruditzen zait gure begiak Espainia-Frantzia-Ingalaterra ingurunetik apur bat altxatzea eta, bigarrenik, Alemaniari buruz zerbait jakitea oso lagungarria izan daiteke euskaldunontzat. Eta hirugarrenik, errege Federiko inon den erregerik ilustratuena da, Espainiako Karlos III.a oso, baina oso atzean uzten duena edozein lasterketa historikotan. Ikus dezagun zergatik. Aurreohar bat lehenago: informazio guztia post honen hasieran aipatzen den liburutik hartua da, hots, T.C.W. Blanning-en liburutik.

Lehen puntua erlijioaz duen ikuspuntua da. Pertsonalki hitz eginda, ez zeukan federik kristauen Jainkoaren baitan. Ateoa? Agnostikoa? Deista? Ez dut argibide zehatzik aurkitu, baina garbi dago ez zuela Elizarik maite, ez katolikoa, ezta luteranoa ere (bera Prusiako luteranoen burua bazen ere, hala nola Ingalaterrako erregea hango Elizaren buru den). Baina tolerantziaren aldeko erradikala zen, Voltaire bera baino erradikalagoa; ondoko bi pasarteak tronura iritsi eta hilabetera idatzi zituen:

All religions must be tolerated and the sole concern of officials is to ensure that one denomination does not interfere with another, for here everyone can seek salvation in the manner that seems best to him.

All religions are just as good as each other, so long as the people who practise them are honest, and even if the Turks and heathens [paganoak] came and wanted to populate this country, then we could build mosques and temples for them (Ibidem, 213 or.)

Bigarren aipua Frankfurt-eko burokrata baten eskariz idatzi zuen, erregeari galdetzen ziolarik zein zen bertako katolikoekin izan behar zuen jokabidea. Areago, 1747an orube bat oparitu zion Eliza Katolikoari eliza bat egiteko Berlingo zentru-zentruan. Hori, Alemania luteranoaren bihotzean. Imajinatzen duzue Espainiako erregerik horrelako bat egiten luteranoekin edo beste inorekin? Bon, egia esanda Ingalaterran bertan nekez imajina daiteke horrelakorik XVIII. mendean; gorago esan dugun bezala, tolerantziaren txapeldun zen Voltairek berak protesta egin zion gutun batean, eta hau izan zen errege Federikoren erantzuna: “you accuse me of excessive tolerance. I am proud of this failing. Would that it were the only failing of which princes could be accused” (Ib. 213. or.).

Hortaz gain, Ilustrazioaren neurri arruntagoak ere indar biziz eragin zituen: torturaren abolizioa, heriotza zigorraren gutxitzea, prentsaren askatasuna eta kulturaren bultzada orokorra. Prentsaren askatasunaz (inon baino handiagoa orduko Europan) balegoke luzeago jarduterik, baina kulturaren puntuan geratuko gara. Erregea bera idazlea eta musikoa zen (flauta jotzailea eta konpositorea) eta mota askotako produkzio intelektual bikaina idatzi eta argitaratu zuen. Datu adierazgarri bat emateagatik, bere Idazlan guztien bildumak ez dauka bizpahiru tomo… hogeita hamar baizik!. Historia, Filosofia, Poesia…

Eta orain guretzat interes berezia duen puntu batera goaz: hogeita hamar tomo horietan jasotzen diren idazlan guztiak, ia salbuespenik gabe, ez daude alemanez idatzita, frantsesez baizik. Berriro errepikatuko dut: bere idazlan guztiz gehienak frantsesez daude. Izan ere, erregea harro zegoen oso aleman izateaz… eta alemanera biziki mespretxatzen zuen, Arterako eta Jakintzetarako (hots, kulturarako) guztiz ezgai zen hizkuntza bat bezala. Blanningek detaile ugari ematen ditu puntu honetaz eta erregeak bere herriaren hizkuntzari zion “higuinaz” hitz egiten du argi eta garbi (“aversion”). Adibide bakarra: politika ilustratu klasikoaren barruan Berlingo Zientzia eta Letra Ederren Akademia indartu zuelarik, izen ofizial bera frantses hutsez eman zion (“Académie Royale des Sciences et Belles-Lettres”) eta berariaz aginduz frantsesa izan zedila akademiaren hizkuntza bakarra, bai ahoz bai idatziz. Berriz errepikatuko dut badaezpada ere: Alemaniako Zientzien Akademiaren hizkuntza bakarra, ahoz eta idatziz, frantsesa zen, erregearen aginduz! Puntu honetan, agian, gure Azkoitiko Zalduntxoen (Peñaflorida eta enparauen) Adiskide Elkartearen hizkuntza-ideologiaz eta praxiaz gogoeta bat egitea komeniko litzaiguke, edo baita ere Euskaltzaindiaren historiaz… baina orain ez dago astirik, segi dezagun Prusian, momentuz.

Erregearen politika linguistikoa gorabehera, jakina denez XVIII. mendearen bigarren erdia aleman kulturaren urrezko aroa kontsideratzen da, eta aho batez protagonismo handia aitortzen zaio Prusiako erregeari. Baina nola da posible? Nola da posible, adibidez, aleman kulturaren aitagoia, Goethe, erregearen miresle porrokatua izatea, hala nola bere belaunaldiko intelektual asko bezala (Bach, Kant, Klostock, Lessing, Herder, Schiller…). Bon, egia esan Blanningek ez ditu banan-banan iruzkintzen, baina garbi uzten du (Goethe berariaz aipatuz) erregearekiko miresmena zela sentimendu nagusia intelektual alemanen artean, hau da, latina edo frantsesa bazter utzi eta alemanez idazten hasi zen belaunaldi lorios horren kideen artean, alemana kultur hizkuntza bihurtu zutenak. Alemanieraren alde hitzez eta ekintzez borrokatu ziren horiek, alemanieraren nardatzaile konfeso eta militantearen miresle? Honek azalpen luzea beharko luke.

Friedrich-II-der-Grosse_Konig-v-PreussenEta hemen ez dugu astirik asko luzatzeko. Printza bat emateagatik, esan dezagun Errege Federikok baduela beste alderdi bat bere kulturzaletasun horrekin hain adeitsuki lotzen ez dena, gure begietan behintzat (baina ez zen horrela bere garaikideen begietan, horra koxka!): errege militarista eta gerrazale porrokatua zen, Frantzia eta Austriaren kontrako garaitzapen itzelak lortu zituena, Prusiaren erresuma (Alemaniaren bihotza ordutik!) potentzia europar mailara igoz eta XVII. mendeko ausiabartza eta umiliazio guztiak mendekatuz. Bereziki, Frantziaren kontra burua altxatuz eta morrontza politiko (eta, ondorioz, kultural) guztiak porrokatuz. Hori zen Goethe batek, adibidez, biziki eskertzen ziona, eta berak bezala beste intelektual askok. Zeren haien begietan independentzia nazionala berreskuratzea (hots, Frantziaren hegemonia suntsitzea) ezinbesteko aurrebaldintza zen kultura aleman nazional bat garatu ahal izateko. Paradoxikoa da gurenda militar eta politiko hori lortuko zuen errege idazle, filosofo, historialari eta musikoa aldi berean aleman hizkuntzaren mespretxatzaile lotsagabea izatea.

Bukatuko dugu. Euskaldunok ez dugu berezko erregerik izan XVII. mendetik (hau da, gure errege legitimoak aldi berean ziren Espainiako edo Frantziako errege) eta Antso nafar entzutetsu horietako edozein nahiko urruti geratuko zaigu, Goi Erdi Aroan galduta. Nafarroako Henrike III.a, hots, Frantziako IV.a, Joana Albreten seme loriosa, ez zaigu bete-betean egokitzen, Aingeru Epaltzak bere nobeletan aski argi erakutsi (eta laster hirugarrenez erakutsiko) digun bezala. Beraz, zergatik ez iker edo gogora, adibidez, Prusiako errege extrabagante hori? Zergatik ez begiratu Alemaniara?

Niri dagokidanez, agian beste posten batean segituko dut bidea. Orain azken puntada batekin nahi nuke bukatu. Ez dago Blanningen liburuan, baina bai Wikipedian (gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesezko bertsioetan behintzat bai, ziur asko gehiagotan ere; alemanezkoan ere aipatzen da; euskarazkoan ez, ordea, ziur aski sarrera oso laburra delako). Alegia, errege Federiko homosexuala omen zen. Edo, beste interpretazio baten arabera, ulertezinezko kastitate bitxi bat praktikatu omen zuen bere bizi guztian, ulertezina garai orotako erregeen baitan.

Eta zer, galdetuko du edozeinek? Zer zaigu guri? Bon, gai eztabaidatua eta polemikoa da, bai, eta tartean Voltairen alusio esplizitu batzuk daude (Voltaire! Voltaire! Zutaz ere hitz egin beharko dugu noizbait!). Hots, gaia serioa da, nahiz eta horrelako kasu gehienetan gertatzen den bezala froga garbi eta erabakigarririk ez egon, ez teoria baten ez bestearen alde. Baina bere biografia hain bitxi eta berezi hori hobeto ulertzeko balioko luke, apika, ez baita arrunta errege batek, esan dugun bezala, hogeita hamar tomoko obra idatzia uztea, gehi 100 sonata eta lau sinfonia. Hau ez da errege arrunt bat, garbi dago.

Nire begietan, dena den, xarma jostari bat hartzen du eta, ondorioz, arrazoi bat gehiago ikusten dut euskal komunitate intelektuala bere alde mobiliza dadin, Borboitarrak behingoz alde batera utzita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude